euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urte azkena, Euskara Eguna eta San Frantzisko Xabier batera ospatu ditu Montevideon Euskarok, pozarren eta gazteak xede

2023/12/20

Dantza, musika eta bozkarioa nagusi Montevideoko Euskaro Euskal Etxearen urte amaierako topaketan
Dantza, musika eta bozkarioa nagusi Montevideoko Euskaro Euskal Etxearen urte amaierako topaketan

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Bazkide eta lagunen erantzun bikainarekin egin du Montevideoko Euskaro Euskal Etxeak Urte Amaierako Bazkaria. Ospagai bat baino gehiago batu zituen hitzordua abenduaren 10ean, igandea, egin zen. Izan ere, ekitaldi berean ospatu zituzten Euskararen Nazioarteko Eguna eta San Frantzisko Xabier ere. Topaketaren ostean, etenaldia egingo du euskal etxe uruguaitarrak, ateak 2024ko otsailean zabaltzeko berriz, urtean zehar egingo dituzten ekitaldien xehetasunak argitzeko deituko duten bilkura eginez.

Festa giroa nagusi izan zen 80 pertsonatik gora bildu zituen urteko azken topaketan. Ongi etorri eta esker oneko hitzak egin ondoren, lehendakari Silvia Ortone Enderizek Olentzeroren etorrera iragarri eta Gabonetako euskal pertsonaiari buruzko informazioa biltzen duen liburuxka banatu zitzaien bertaratutako haurrei. Honelako ekitaldiak oso aproposak izan ohi dira omenaldietarako. Baina egun hartakoa berezia izan zen benetan. Maite eta Sara (16 hilabete) eta Isabela (hilabete bakarrekoa) omendu zituzten, etorkizunean eurak ere erakundeko ordezkari finak izango direlakoan.

Zuzeneko musikak, dantza eta kantak piztu zituen. Bere 94 urterekin, Baldomero Ansó nafarra sasoian dago eta, betiko legez, bere akordeoiarekin festa animatu eta jendearen alaigarri izan zen. Bere seme Alejandro Ansó txistua eta panderoan lagun, erritmoa polita ezarri zioten jarduerari, giro bikaina sortuz. “Dantzatu ginen, abestu genuen, pozarren, eta atsegina izan oso", adierazi dio EuskalKultura.eus-i, momentu honetan Gasteizen Euskal Gizataldeen 8. Mundu Batzarrean FIVUren ordezkari dabilen Euskaro Euskal Etxeko idazkari Lucia Goñik.

Gazteekin batera, balantze positiboa

Urte garrantzitsua izan da 2023a Euskarorentzat. Esaterako, Mercomus Mus Txapelketa antolatu dute, Uruguaiko euskal etxeen arteko harremanak estutuz. Honela adierazi dio EuskalKultura.eus-i Silvia Ortonek, bukatzen ari den urtearekiko duen sentimendua. “Zuzendaritza Batzordera sartu diren gazteek lagundu duten guztia nahi dut azpimarratu, gauzei bestela begiratu eta bultzada berri bat eman baitio. Sare sozialetan sartzeak beste ikusgarritasun bat eman digu, eta jende gehiago gurera hurbiltzea lortu dugu», laburbildu du Euskaroko lehendakariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia