euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dei garrantzitsua Estatu Batuetako euskal diasporako gazteentzat: ez utzi pasatzen 'Ateak Ireki', ez zara damutuko

2024/03/04

Ateak Irekiren iazko taldea bere iristeran Lazkaoko herriko plazan. Gazteak loriatu ziren programarekin
Ateak Irekiren iazko taldea bere iristeran Lazkaoko herriko plazan. Gazteak loriatu ziren programarekin

PUBLIZITATEA

Reno, Nevada, AEB. Asteartean, martxoaren 5ean, bukatuko da Ateak Ireki programaren bigarren edizioan izena emateko epea eta ez zenuke pasatzen utzi behar. Ateak Ireki Euskal Herrian garatzen den programa bat da, hiru astez —aurten ekainaren 22tik uztailaren 14ra— gauzatzen dena, propio Estatu Batuetako euskal diasporako 16 eta 25 urte arteko gazteei zuzendua, egonaldi trinko bat Euskal Herrian, bere hizkuntza, kultura eta jendeak bertatik bertara ezagutzeko helburua duena, Euskal Herriaren eta bere diasporaren lokarri.

Batzuk "NABOren Udalekua"ren tankerako zerbait gisa definitzen dute, "baina askoz hobea, in situ, oso 'egiazkoa', eta benetako Euskal Herriarekin eta bertan euskal kulturaren aldeko apustuan ari direnekin harremandu eta bertako taupada barnetik sentitzeko aukera ematen duena". Irauten dituen hiru asteetan, partaideak Goierriko familiekin bizi dira, euskara klaseak hartzen dituzte Maizpiden, hori guztia kultura murgilketa programa aberats bateko parte eta, Udalekun bezala, landuz AEBko hainbat leku eta euskal etxetatik etorritako gainerako gazteekiko adiskidetasuna. Hona Ateak Ireki 2024ko programa egunez egun.

Paregabeko aukera

Programa doan da gazte partaideentzat eta soilik joan-etorri hegaldia baizik ez dute ordaindu behar. Eragile eta babesle dira NABO bera, Batzen (Euskal Komunitatearen Proiektu Dinamika), Goieki (Goierriko Garapen Agentzia) eta Maizpide Euskaltegia, Gipuzkoako Goierri hartzen baitu ekimenak ardatz. Informazio gehiago Ateak Irekiren webgunean. Izena hemen eman dezakezu. Ez utzi aukera alferrik galtzen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia