euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Australian Brisbane inguruan bizi zara? Jende talde bat euskal elkarte eta agian euskal etxe berri bat sortu nahian dabil

2024/02/23

Australian, John Oçafrainek eta jende multzo batek deia egin du Brisbane-n, bertako euskaldunak eta euskaldunen lagunak biltzeko
Australian, John Oçafrainek eta jende multzo batek deia egin du Brisbane-n, bertako euskaldunak eta euskaldunen lagunak biltzeko

PUBLIZITATEA

Brisbane, Australia. Euskalduna zara eta Brisbane edo inguruan zara bizi? Ala, ezagutzen duzu agian Brisbane eskualdean bizi den euskaldunik edo euskaltzalerik? Kanpaina hasi berria du, euskal-australiarren, edo Australian bizi diren euskaldun edo euskaltzaleen bila, azkeneko 16 urteetan Brisbanen bizi den John Oçafrain bankar jatorriko kaliforniar euskaldunak, jende talde bateko buru. 'Brisbane Basque Elkartea' ezarri diote oraingoz izena taldeari, eta deitura horrekin hasi dira Facebooken.

Helburua, hasiera honetan, inguruko euskaldun eta euskaltzaleak online bildu, elkar ezagutu eta komunitatea sortzen joatea, adiskidetasuna lantzea, eta ahal dutenean lehenengo hitzordu fisiko bat antolatzea. Euskal Herriaren falta sumatzen baduzu Brisbanen, zergatik ez noizbehinka bildu eta euskal janaria, kirola, dantzak, musika, musa, bestak edota euskara bera praktikatu?, galdetzen dute. Elkartea proposatzen dute baita ere, lanera, ikastera edo bisitatzera heltzen direnei aholkuak edo laguntza emateko.

John-en hitzetan, "Goazen elgar ezagutzera. Goazen beste euskaldunen ezagutza egitera, Euskal Herria edo euskal gauzak maite dituztenak, Brisbanen edo inguruetan bizi direnak, edo bakarrik bisitatzen ari direnak. Goazen elkartzera eta mementu goxoak pasatzera maite eta faltan ditugun gauzen gainean. Lagun ditzagun jin berriak ere hemen bizitzeko". Bat egin edo argibide gehiago nahi baduzu, kontaktatu Facebook bidez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia