euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz estreinatu du Boiseko Orkestra Filarmonikoak 'The Basque Block' euskal musika aurkezpen kontzertua

2021/03/08

Euskal musika etxetik entzuteko aukera eskaintzen du Boiseko Orkestra Filarmonikoa
Euskal musika etxetik entzuteko aukera eskaintzen du Boiseko Orkestra Filarmonikoa

PUBLIZITATEA

Boise, AEB. Arrakastaz estreinatu zuen joan den larunbatean, martxoaren 6an, Boiseko Orkestra Filarmonikoak --"Boise Phil" gisa ezaguna-- 'The Basque Block', euskal musika eta hiriko euskal komunitatea aurkezten dituen kontzertua. Pandemia ondotik ohi bezala, Boiseko euskal auzoaren izena izenburu duen kontzertu hau ere bere agertoki birtualetik zabaldu zien Orkestrak entzule eta bazkideei. Saioko lankide eta partaide, idahotar hiriburuko euskal komuitatea izan zuela.

Eric Garcia zuzendari, "Boise Phil"ek elkarrengandik desberdinak diren hiru euskal osagai uztartu zituen kontzertura, bateratuz Mielotxin talde nafarraren folk herrikoia eta nazioartean izen handikoak diren bi klasiko, Pablo Sarasate erronkaritarra eta Maurice Ravel ziburutarra. Kontzertuko egitaraua izan ziren: Mielotxin-en Jota eta Arin-Arin, Pablo Sarasate-ren Zigeunerweisen, op. 20 “Gypsy Airs” eta Maurice Ravel-en Piano Trio in A Minor, M. 67.


Kontzertua iragartzeko bideoa. Kontzertua Boise Phil-en agertoki birtualean ikus daiteke

Aipatu obren interpretazioaz gain, azpimarratzekoa Boise Phil-ek euskal musika ikertzen hartutako lana, Boise hirian komunitate esanguratsua diren euskaldunak eta euren musika hiriko ondare eta aberastasuntzat hartuta. Kontzertuari forma emateko, euskal komunitatearekin harremandu ziren Bois Phil-ekoak eta elkarrizketak egin zizkieten bertako euskalduneim musikariak eta dantzariak barne. Ikuskizunean “backstage” lan hori ere erakutsiko zuten. 

Kontzertuak kritikaren eta zaleen atsegina lortu zuen. Euskal Herriko edozein herriko kale batera lekualdatu eta euskal musikaz goza arazteko helburua bete zen.

Kontzertuaren bideoa estreinaldiaren egunetik 30 egunera egongo da eskuragarri.

-Egitaraua eta kontzertuko piezei buruzko xehetasunak
-Boise Phil-en agertoki birtualerako harpidetza, kontzertu hau eta beste batzuk ikusteko



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia