euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Agate Deuna - Santa Ageda ospatuko dute igande honetan Madrilen eta datorren ostegunean Boiseko kaleetan barrena

2024/02/02

Madrileko eta Boiseko hitzorduetara deitzen duten afixe eta bannerrak, batak larunbat honetarako eta besteak datorren ostegunerako
Madrileko eta Boiseko hitzorduetara deitzen duten afixe eta bannerrak, batak larunbat honetarako eta besteak datorren ostegunerako

PUBLIZITATEA

Boise, Idaho, AEB. Madrilgo Euskal Etxean datorren igandean, otsailaren 4an, luzatu diete deia euren bazkide eta lagunei, eta publikoari oro har, Santa Ageda ospatzeko. Ohi bezala Euskal Etxe inguruko zenbait kale ibiliko dituzte Santa Agedako kantu ezaguna kantatuz, eta makilak eskuetan lurra erritmopean kolpatuz, "Ama Lurra iratzararaziz, Neguko Solstizioaren karietara".

Aurten ere, hirugarren urtez jarraian, segizioak Euskal Etxeko Txistulari Taldea lagun egingo du ibilbidea, honako kronogramarekin: 19:00etan, San Nikolas Plaza (Txoko Zar); 19:30etan, Plaza de la Villa; 19:45, Apezpikutegiko Eskilarak; 20:10etan, Plaza Nagusia; 20:30etan, Puerta del Sol; 21:00, Santa Ana Plaza; 21:20ean, Quevedo Kalea, 3 (Zerain); eta 21:45etan, Euskal Etxea, bertan partaideei "mokadu bat eta zintzurra bustitzea eskainiko zaielarik indarrak berreskuratu eta eguna behar bezala bukatzeko".

Boiseko hitzordua


Aurreko edizio bateko bideoa, segizioa kantuz Boiseko Basque Block-eko Leku Ona tabernan

Hiriburu idahotarraren kasuan, ospakizuna datorren ostegunean, otsailaren 8an egingo da eta biltzeko tokia Euskal Etxean bertan ezarri da. Parte hartu nahi dutenei, ahal badute euskal jantziren batekin edo txapela buruan agertzea eskatzen zaie. "Nahiz eta aurten ez diren iazko tenperatura baxuak espero, behar bezala prestaturik bertaratzea, beroki eta bufandez, gomendatzen da, edonola ere gradu bat azpitik egingo duela iragarri baita". Boiseko Ikastolako haurrek euren ospakizun berezitua egingo dute.

Alacant-etik, Izaskun Kortazarrek aipatu digu eurak ere datorren ostegunean egingo dutela ospakizuna Alacant-eko Hizkuntza Eskola Ofizialean, eta ohiko kantu eta makilak jarriko dituztela dantzan ohiturari eutsiz, azken urteotan egin izan dutenez. Valentzian, ezin izan dugu baieztatu aurten ere tradizioa ospatzeari eutsiko diotenik. Jakin badakigu aurreko urteetako batzuetan Bruselako Euskal Etxeak ospatu izan duela, baita aldiren batean Elko, Gooding, Montreal eta Londresen ere, eta New Yorken, beti ere leku bakoitzeko euskal etxeen eskutik.

(Zeure euskal etxean egitekotan bazaudete, bidali mesedez informazioa info@euskalkultura.eus helbidera)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia