euskal diaspora eta kultura

2009/06/18
Kaiku taldeko lehenengo faktoria argentinarra zabaldu du euskal esne-enpresak joan den igandean Santa Fe probintziako San Marín de las Escobas herrian. Tinas del Sur S.A. izenarekin ari da ekoizten eta merkaturatzen esnekiak euskal enpresa eta urte osoan 4.200 tona gazta ekoiztuko dituela aurreikusten du aurten, orotara 13,2 milioi dolarreko fakturarekin. Kaikuk 64 langile dauzka Argentinan, horietarik 58 inauguratu berria den Santa Feko lantegian.
2009/06/17
2009/06/17
Zenbait ekimenekin ospatu du Patagonian, Chubut probintziako Comodoro Rivadavia hirian, bertako 'Asociación Euskal Echea'k urtebetetze berri bat, 86.a. Batetik, maiatzaren 21etik 26ra bertako CEPTUR aretoan ‘Euskal musika tresnak eta baserriak’ argazki erakusketa eskainiz. Erakusketaren inguruan, bertako ‘Lagun Artean’ abesbatzak, Susana Martinovic gidari, bi kontzertu eman zituen; 'Haize Dantzariak' dantza taldea ere aritu zen, erakusketari bukaera emateko. Horrez gain, Euskal Etxeak EuskalKultura.com-i harro iragarri dionez, aurten euskara talde berri bat ireki da, Lilian Borquez comodorotarra irakasle.
2009/06/17
Jakinarazi berria du Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak aurtengo Gaztemundu programan parte hartuko duten pertsonen behin-behineko zerrenda. Mundu osoko 45 gazte eta ez hain gazte dira uztailaren 12tik 24ra Gasteiza bilduko direnak, honako herrialdeetakoak hain zuzen: Kolonbia (1), Argentina (36), Venezuela (1), Estatu Batuak (1), Uruguai (2), Espainia (1) eta Txile (3). Gaztemundu 2009k ez du izan parte hartzeko adin mugarik eta teknologia berriei eskainiko zaie; zehatzago esateko, Euskaletxeak.net atariaren kudeaketari, hain zuzen.
2009/06/16
Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak lehen aldiz izango dira AEBtan. Pailazo hirukoteak 25 urte daramatza taula gainean eta Renon ospatuko dute modu berezian urteurren hori, NABOk bere urteko jaialdi nagusira gonbidatuz egin dien deiari baiezkoa eman baitiote. Jose Ignazio Ansorena Mirrik azaldu bezala, gogoz daude bertara joateko eta prest daukate dagoeneko bertan haurtxo euskal amerikarren aurrean eskainiko duten ikuskizuna. Emanaldia berezia izango da, keinu askorekin ingelesa ama hizkuntza daukaten umeek ere erraz uler dezaten, pailazoen abesti ezagunenekin.
2009/06/16
Beti-Jai frontoi madrildarra salbatzeko herri ekimenak bilera izan du Madrilgo Komunitateko Ondare Historikoaren zuzendari Jose Luis Martínez-Almeida Navascuésekin. Hitzorduan, Plataformakoek Madrilgo UNESCOko ordezkari baten laguntza izan zuten. Baikor atera dira bertatik Madrilgo frontoi historiko hau babestu eta berreskuratu nahi dutenak, 'Martínez-Almeidak harrera ona egin baitie Beti-Jai berreskuratzeko proposamenei'. Ondare Historikoaren zuzendariak oroitarazi du, babestutako eraikuntzaren estatus administratiboa duela frontoiak eta, beraz, ezin dela bota.
2009/06/15
Buenos Aires probintziako Chascomus hiriak ospatu berria du hainbat ekitaldirekin sortu zeneko 230. urteurrena. Ekitaldiotan herriko indar biziek hartu dute parte eta horien artean, ezin bestela izan, bertako 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxea ere aritu da. Bertako elkarteen artean aktiboenetakoa delako batetik, baina bestalde, baita herriak handia eta aberatsa duen euskal presentzia eta ekarpenaren ordezkari den heinean ere. Kanpora eta barrura begira antolatu dituen ekintzen artean, mus txapelketa eta Chascomús-eko kaleetan zehar ibili zen kabalkada ikusgarria.
2009/06/15
Quebec-eko 'Euskaldunak' euskal elkarteak Montreal hirian du egoitza. Elkartea bilgune da inguruetako euskaldunen ondorengoentzako, bisitarientzako eta Unibertsitatean ikasketak burutzera Euskal Herritik etorritako itzulpengintza ikasleentzako. Eta hain zuzen, itzultzailea da ere Aiora Jaka gaztea, aurtengo ikasturtean Euskaldunak-eko euskara klaseak ematen ari dena. Bere lanari esker euskal-quebectarrek sustraiak berreskuratzeko eta arbasoen hizkuntza ezagutzeko aukerari eusten diote.
2009/06/12
Kolpe berria jasan du Caracas eta Venezuelako euskal komunitateak azken orduotan gertatutako Andoni Goitia Badiolaren erailketarekin. Eusko Etxeko bazkide eta euskal-venezuelar familia ezagun bateko kide, 57 urte zeuzkan Andoni Goitia hiriburu venezuelarreko El Marques barrutian erasotu zuten bere auzoko baten etxera sartzen ari ziren ezezagun batzuk, ustezko lapurrak, lehenengo informazio oraindik erabat baieztatugabeak diotenez. Andoni Goitia ezkondua zegoen, Kattalin Leizaolarekin, eta 23 urteko Anderren eta 19 urteko Araiaren aita zen. Gisa honetako bigarren gertaera da euskal komunitatean azkeneko sei-zazpi hilabeteetan, joan den azaro hondarrean Iñaki Amenabar euskalduna ere lapur batzuk hil baitzuten bere autoa ebatsi nahi zutela. Gauzak nola, Iñaki Amenabarren lehengusu politikoa zen Andoni Goitia.
2009/06/12
Buenos Aires probintziako Navarro herria izango da datorren abuztuaren 16ean jatorri nafarra eta lapurtarra duen Esain-Inda familiaren ondorengoen bilgunea. Familia euskal-argentinar honen sortzaileak --XIX. mende hondarrean-- Juan Esteban Esain eta Maria Inda izan ziren, 15 seme-alaben gurasoak eurak. Antolatzaileek familiaren zuhaitz genealogikoan zentsatuta dituzten gaur egungo 577 ondorengoei parte hartzeko gonbitea egiten diete. Topaketaren sustatzaile den Ana María Esainek gonbite berezia luzatu nahi die Nafarroan gelditu ziren Esaindarrei, bilkurara etorri edo Argentinako 'lehengusuekin' harremanetan jar daitezen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus