euskal diaspora eta kultura

2008/08/25
Euskal Etxearen hamargarren urteak ospatzen zituela, bazkideen Biltzar Nagusia egin zuen joan den larunbatean, abuztuaren 23an, Saladilloko 'Itxaropen' Euskal Etxeak. Ondorioz, epealdi berrian bertako euskal ekimenak antolatu eta herriko euskal elkartea gobernatuko duen talde berria hautatua izan da, buru gisa langintza honetan eskarmentu handia duen Maria Silvina Bordenave, orain arteko lehendakaria berrautatua izan delarik. Berarekin batera, besteak beste, Adriana Osen lehendakariorde da, Susana Labere idazkari, eta Alfredo Alidio Elizagaray diruzain.
2008/08/25
FEVAk, Argentinako euskal etxeen federazioak, dozena bat hitzaldi eta kultur ekitaldi programatzeko erraztasunak eskaintzen dizkie euskal etxe argentinarrei, gastuak ere partekatuz. Eskaintzen dituen gaiak Arrasateko kooperatiben mugimendutik Euskal Herriko festa eta tradizioetaraino doaz, tartean euskaldunak eta itsasoa, Gora Vasco filmearen proiekzioa, Euskal Herriko egungo egoera edota pertsonaia euskal-argentinar batzuen bizia, esaterako Nicolas Esandi, Patagoniako lehenengo apezpikuarena.
2008/08/25
2008/08/22
Ze helburu edo sari hoberik haur bati irriñoa lortzea baino? Bigarren urtez segidan, Argentina iparraldeko Chaco probintzian, bertako 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeak Haurraren Eguna haur gabetuen artean ospatzea erabaki du, Juan Bautista Alberdi auzoko Gurutze Gorriaren Komunitate Zentroan Txokolatealdia antolatuz, Anacleta eta Agapito --Marianela Echavarria eta Miguel Lurbe-- pailazoen laguntza bereziaz. Ehunda berogeita hamar bat haur bildu ziren bertara, Arantzazuko Amaren ohorez iragarritako ekimenean.
2008/08/22
Hiriburu txiletarreko Euzko Etxeak premiaz deitutako Ezohiko Biltzar Nagusia egin zuen joan den astelehenean, higiezin enpresa batek Vicuña Mackenna kaleko jabegoa erosteko eta EEren egoitza Las Condes aldeko zona 'txukunago' batera aldatzeko proposamenaz eztabaidatzeko. Batzuk zinez alde, beste batzuk zinez aurka, proposamenak ez zuen adostasunik lortu. Erabakiarena, dena den, alboratua geratu zen, Euzko Etxearen elkarte paraleloa den Inmobiliaria Vascaren --honen izenean dago jabegoa-- lege egoera eguneratu gabe baitago eta hori konpondu aurretik ezin baita inongo operaziorik egin. Batzorde bat antolatu zen hori bideratzen hasteko.
2008/08/21
Bertako Barletta Ormaechea alkateak abiatzea markatu ostean, Gizataldeen XV. Festa ospatu dute Argentinako Santa Fe hirian joan den asteburu luzean --astelehenean jai baitzen errepublika australean--, hiriko aniztasun etnikoa eta jatorri aberastasuna ospatzearren. Hona parte hartutako hamabost gizataldeak: Alemania, Siria, Libano, Italia, Suitza, Japonia, Argentina, Bolivia, Euskal Herria, Polonia, Israel, Kroazia, Hungaria, Txekiar Errepublika, Espainia, Errusia, Grezia eta Uruguai. Santa Feko 'Gure Etxea' Euskal Etxeko kideak izan ziren euskal ordezkari.
2008/08/21
Hirurehun bat lagun bildu ziren joan den igandean Saladillon, Buenos Aires probintzia argentinarrean, bertako Itxaropen Euskal Etxearen hamargarren urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldietako azkenekoan, afari herrikoian hain zuzen. Carlos Gorosito alkatea ere bertan zen eta aukera baliatu zuen 10.000 pesoko txeke bat emateko Itxaropen-eko lehendakari Silvia Bordenave-ri, Euskal Etxearen egoitza berria eraikitze lanetarako. Bordenavek keinua eskertu eta batetik eta bestetik jasotako laguntzek aspaldidanik igurikatutako eraikinaren ametsa hezurmamitzen lagunduko dutela esan zuen. Ikuskizunen alorrean, Arrecifeseko Maral euskal taldeak eta bertako eta Cañuelaseko dantzariek edertu zuten gaua.
2008/08/21
Salvarreditarrak familia ezaguna dira Mendozan. Hilabete honen hasieran, "Leitzatik, Nafarroan, zetozen lehengusu batzuk agertu ziren eta horrek aitzaki ezinhobea eman zigun famili bilkura bat egiteko. Azkenean 180 bat ahaide bildu ziren, guztiak Salvarredi eta guztiak jatorri berekoak: Berastegiko Elberdin baserria", azaltzen dio EuskalKultura.com-i Javier Salvarredik, 'Denak Bat' euskal etxeko bazkideak. Elkarretaratzeak Salta, Neuquén, Río Negro, Buenos Aires hiriburuko eta Córdoba-ko lagunak bildu zituen, Euskal Herriko eta Mendoza bertakoez gain.
2008/08/20
Ia mende osoa bat --elkarteak 96 urte bete ditu aurten-- daramate Rosarioko Zazpirak Bat-ekoek Loiolako San Ignazioren eguna ospatzen. Eta honela onartzen dute, “urteko gure jai garrantzitsuena da”. Horregatik seguruenik, aurtengoan ospakizuna hiru egunez eginda: santuaren egunean bertan, uztailaren 31ean, eta abuztuaren 8an eta 9an. Programak bildu ditu, besteak beste, Lagun Artean abesbatzaren kontzertua, Mus Txapelketa, lore eskaintza eta egundoko afaria. Paraná-ko Urrundik euskal etxeko dantzariak bertako taldearekin aritu eta hauekin batera edertu zuten festa.
2008/08/20
Eusko Alkartasunaren adar argentinarra abuztuko lehenengo asteburuan bildu da Buenos Aires probintziako Chascomús herrian. César Arrondo EA-Argentinako presidentea buru, bildutakoek euren engaiamendua berretsi zuten Diasporatik lanean segituko dutela esanez, euskal arazoa ezagutua izan dadin eta soluziobideak topatzen laguntzeko, "euskal naziotasunaren lekukotasuna eskaintzen", "estatu independentea osatzeko eskubidea" aldarrikatuz, "giza eskubideen urraketa" eta "euskal presoen sakabanaketa" salatuz, "urriaren 25eko kontsultaren alde" eginez eta "indar politiko abertzale guztien eztabaida gune amankomuna lortzearren" saiatuz. Alkartetxe argentinarreko kideek "indarkeria bidetzat hartzea" arbuiatu dute, ETAk Espainiako kostalde turistikoetan hasitako atentatu kanpaina gaitzetsiz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus