euskal diaspora eta kultura

2008/09/19
Richard Eyre-ren "The Other Man" filmaren emanaldiak, lehiaketatik kanpo, abiarazi zuen atzo, aurten irailaren 18tik 27ra arte luzatuko den Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 56. edizioa. Zabaltegi sailean, Woody Allen-en azken lanak, 'Vicky Cristina Barcelona'k, ireki zuen atzo sail hori. Meryl Streep aktore iparramerikarra eta Antonio Banderas espainiarra izango dira 2008ko Donostia sariak eta Euskal Zinemaren Eguna datorren 24an egingo da, besteak beste, lau lan estreinatuz, bi dokumentalak eta beste bi fikziozkoak. Oihal gorria jasoa da dagoeneko hiriburu gipuzkoarrean.
2008/09/18
'The Old Man and the Whale' (Agurea eta balea) Antonio de Ertze lekeitiarraren lekukotasuna jasotzen duen ordu erdiko laburmetraia da. Guda zibilaren azken egunetan Ertze 'Vita' untzi famatuan, errepublikar gobernuaren altxor galdua omen zeraman barkuan, itsasoratu zen Mexikoruntz. Bere biloba Cristinak aitonak kontatu zion istorioa dakar laburmetraia honetan, kondaira eta errealitatearen arteko mugak lausotuta. 'Bakoitzak bere egia dauka', esaten du Ertzek filmaren une batean. Lana New Yorkeko 'International Independent Film and Video Festival' jaialdian izango da ikusgai datorren astean.
2008/09/18
“Diasporaren mugimendua naturala iruditzen zait. Orhiko Xoria kantak esaten duen bezala, denok dauzkagu gure sustraiak. Baina zure jaioterria utzi behar baduzu ezin zara beste leku batean bizi sustrai berririk errotu gabe. Orhiko xoria, azken batean, denok gara. Horrexegatik sentitzen dut Diaspora oso naturala dela. Eta egon ere bizirik dago”. Musikari donostiarraren iritzi beretsua dute antza Uruguai eta Argentinan bere kontzertuetara bildu diren lagunek, izan ere, birako mementu hunkigarrienetakoak 'Orhiko Xoria' kanta jo zuten bakoitzean izan zirela aitortu baitio Beltranek EuskalKultura.com-i.
2008/09/17
Nihon Basuku Yukoikai edo Euskal Japoniar Elkarteak Tokion du egoitza eta 2006ean sortu zen Euskal Herria eta Japoniaren arteko harremanak sustatzeko asmoarekin. Elkarteak 71 bazkide ditu jada eta informazio trukerako gune izan nahi du, Japoniari buruz jakin nahi duten euskaldunentzako eta baita Euskal Herria ezagutu nahi duten japoniarrentzako ere. Elkarteko sortzailea, Yuichi Shimanuki, 1976ean joan zen lehen aldiz Euskal Herrira, futbol jokalari bihurtzeko ametsarekin. Orain elkartearekin bueltatzeko asmoa du, 2009ko apirilean Bilbon antolatu nahi duten Japoniako Jaian.
2008/09/17
2008/09/16
Maddi Oihenart kantari zuberotarrak bira labur bat egingo du datorren hilean Iparrameriketatik. Urriaren 11n Vancouver-en, Kanadan; 12an Chino-n, Kalifornian; eta 19an San Frantzisko-n, Kalifornian, emango ditu kontzertuak Maddi Oihenartek bere musikari laguntzaileekin: Juantxo Zeberio (pianoa) eta Pello Ramirez (biolontxeloa). Ez da Oihenart Euskal Herritik kanpora irteten den lehen aldia, izan ere aurrez Belgikan eta Holandan izana baita Juan Mari Beltranekin. Duela bi aste Bartzelonan egin zuen emanaldian ere bertako Euskal Etxeko ikus-entzuleak liluratuta geratu ziren Zuberoako kantariaren ahotsarekin.
2008/09/16
Galdu ezineko hitzordua bihurtu da jada eta aurten ere Bartzelonako Euskal Etxeak egitarau mardula prestatu du La Mercé jaietan, hiriko sainduaren jaietan, parte hartzeko. Ekitaldiak ostiralean hasiko dira eta asteburuan zehar luzatu. Tailerrak, kale antzerkia, bideo emanaldiak, pintxo dastaketak eta kontzertuak, hamaika kontzertu, dira Euskal Etxearen proposamenak: Cherry Boppers, Los Fulanos, DJ Mota, Kerobia, Root Diamonds, Trikizio, Dr. Calypso, Dijous Paella eta Oreka TX-ek osatzen dute kartela.
2008/09/16
Aurtengoan ere Suitzako Euskal Etxeak euskal musika eta kultura eramango du Notes d'Equinoxe jaialdira. Bi urtetan behin egiten da jaialdi hau, Delemont hirian, eta herrialde desberdinetako musikari ugari biltzen dira bertara. Aurten hilaren 26tik 28ra izango da eta Euskal Etxeak Eneritz ta Edurtzeta trikitilariak eta Tolosako 'Aldaba Zahar' baserritar taldea gonbidatu ditu.
2008/09/15
Iñaki Abendibar eta Antonio Vicentek osaturiko Euskal Herriko bikoteak irabazi du Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketa. Bartzelonan jokatu da irailaren 6tik 14ra eta Euskal Diasporako 12 bikotek hartu dute parte. Bigarren tokian AEB-tako Manuel Villanueva eta Tony Vitoria izan dira eta hirugarren lekuan Iñaki Intxausti eta Andres Fernandezek osatzen zuten Katalunyako bikotea. Oso giro jatorra eta ona bizi izan da txapelketak iraun dituen egunetan eta muslariekin etorritako laguntzaile eta ordezkariak Katalunia eta bertako kultura ezagutzeko hainbat ekitalditan hartu dute parte. Hurrengo urteko hitzordua Balmasedan izango da, Bizkaian, bertako Udala eta Turismo Sailaren ekimenez.
2008/09/15
Argileak abesbatzak Montreal hirian bukatu zuen Quebec-en abuztuan zehar egindako bira. Taldeak Quebec hiriaren sorkuntzaren 4. mendeurreneko ekitaldietan parte hartu zuen eta horren ostean etxera bueltatu aurretik Montrealen bertako euskal komunitateari egin zion bisita. 'Euskaldunak' elkarteak uda bukaerako jaiarekin egin zien harrera eta giro bikainaz gozatu zuten batzuk zein besteek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus