2008/09/15

Argileak abesbatzak Montreal hirian bukatu zuen Quebec-en abuztuan zehar egindako bira. Taldeak Quebec hiriaren sorkuntzaren 4. mendeurreneko ekitaldietan parte hartu zuen eta horren ostean etxera bueltatu aurretik Montrealen bertako euskal komunitateari egin zion bisita. 'Euskaldunak' elkarteak uda bukaerako jaiarekin egin zien harrera eta giro bikainaz gozatu zuten batzuk zein besteek.
Gehiago irakurri...
2008/09/15

'Jazz v Alyacke' edo 'Jazz-a Alaskan', izenburu horrekin argitaratu dute 'Beluna Jazz' elaberriaren errusierazko itzulpena. Liburu hau Harkaitz Cano lasartearraren lehen lanetako bat izan zen eta 1996ean argitaratu zen lehen aldiz, euskaraz, Susa argitaletxeak. Elaberriak Bob Ieregi izeneko tronpeta jole euskal amerikarraren istorioa kontatzen du. Parisen eta Amsterdameko jazz klubetan arrakastaz-arrakasta ibili ostean, Ieregui Alaska izeneko eroetxe batean ingresatzen dute. Han, zaindarien buruak Ieregi eta bere maitale Clarari traizio egiten dienean, hilketa baten planak abiak jarriko dira. San Petersburgoko Azbooka argitaletxeak plazaratu du liburua.
Gehiago irakurri...
2008/09/12

'Chilozabal' Txilen dagoen latxa arrazako artalde bakarraren esnearekin egiten den gazta berezia da. Arantzazuko Artzain Eskolan ikasia den Rafael Maripan txiletarra da gazta honen ekoizlea. Arantzazuko esperientziak eta Idiazabal gaztaren arrakastak inspiratuta Txilen antzeko proiektua abian jartzea erabaki zuen eta erantzun bikaina izaten ari da. Egunotan Rafael Euskal Herrian da, Josune bere emazte arabarrarekin batera, artaldearen produkzioa gehitzeko moduak aztertu eta horrela eskari gero eta handiagoari erantzun ahal izateko. Chilozabal gazta Txileko jatetxe ezagunetan dasta daiteke, eta erosi, internet bidez ere eros leike.
Gehiago irakurri...
2008/09/12

Lehendabiziko aldia izango da Puerto Madryn-en, Argentinako Patagonian, 'Aralarko San Migel' euskal jaia ospatzen dutela. Bihar bertan izango da, egitaraua hiru ekitaldik osatzen dutela, "Etorritakoengatik" lelopean. Lehenik, goizeko 10:30etan hiriko agintariei agurra egingo diete euskal komunitateko ordezkariek, suziri eta loreekin. 11etan, omenaldia egingo zaie hiriko lehen euskal herritarrei. Gauean euskal dantzak, musika, afari tipikoa eta kantuekin jai handi bat antolatu dute. Maria Julia Erkoreka antolatzaileak adierazi duenez, "jaia arrakastatsua izatea espero da, sarrerak segituan agortu baitziren".
Gehiago irakurri...
2008/09/11

Ikerbasquek, Zientziarako Euskal Fundazioak, 40 lanpostu eskaintzen ditu nazioarteko ikerketetan esperientzia duten ikerlarientzat. Alde batetik, 40 lanpostu horietatik 30 nazioartean dauden ikerlarientzat izango dira eta doktore-tesia 2004ko urtarrila baino lehen bukatu izana, egun euskal ikerketa zentro batean ez aritzea eta nazioartean esperientzia izatea baloratzen dira. Beste 10 lanpostuak esperientzia maila zabala duten ikerlari profesionalentzat izango dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak sortu zuen Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioa, Euskal Herriko ikerketa-gaitasuna sustatzeko.
Gehiago irakurri...
2008/09/11

Argentinako Jose C. Paz hiriko Toki Eder Euskal Etxeak eta Javier Zuvillaga egileak EuskalKultura.com-eko irakurleekin partekatu nahi dute 'Goxoa' pintxoaren errezeta. Errezeta honekin elkartearen I. Pintxo Lehiaketa irabazi zuen joan den abuztuaren 16ean Zuvillagak. Ekimen honekin datozen edizioetan elkartera lagun eta bazkide asko bilduko dituen hitzordu arrakastatsuari hasiera eman diote elkartean. Bertara joan ezin eta pintxoa dastatzeko gogoarekin gelditu direnentzat, jarraian errezeta eskaintzen dugu. On egin!
Gehiago irakurri...
2008/09/11

'Kontzertuak iraun zituen bi orduak konturatu orduko pasa egin ziren', azaltzen zion EuskalKultura.com-i euskal musiakariak larunbatean eman zuen kontzertuan izan zen entzule batek. Bertara bildu zen jendearten arabera emanaldia 'oso ederra' eta 'paregabea' izan zen. Txalaparta, alboka, txistu, ttun-ttun, burruna eta trikitixa bezalako musika tresnak, paraje hauetan nekez ikus daitezkeenak, izan ziren kontzertuaren izarrak eta entzuleek jakinminez eta harriduraz hartu zituzten. Montevideoko Haize Hegoak antolatu zuen Uruguaiko emanaldi honen ostean, Beltranek Argentinako Chivilcoy-en eta Arrecifes-en eman ditu kontzertuak, eta gaur bertan bukatuko du bira, Buenos Aireseko Centro Cultural Plaza Defensa-n emango duen kontzertuarekin (20:00). Bertara joan ezin dutenentzako, Montevideoko kontzertuaren kronika eta argazkiak, hemen.
Gehiago irakurri...
2008/09/11

Euskal Gizataldeen Munduko Mus Txapelketa erdi bidean da. Lehen bi jardunaldiak jokatuta Euskal Herriko bikotea da txapelketaren buruan, 3 partida irabazi eta bakarra galduta. Ondoren, hurrenez hurren, Estatu Batuak, Katalunia, Espainia, Frantzia, Kanada eta Australia daude sailkapenean. Mus txapelketaz gain Kataluniako kultura eta hainbat leku interesgarri ezagutzeko aukera dute bai muslariek eta baita beraien bidaiakideak ere. Gaur Kataluniako egun nazionala denez bazkari batekin ospatuko dute, eta horretarako Enkartur Bizkaiko Enkarterrietako taldea arituko da sukaldean Euskaltzaleak elkartean.
Gehiago irakurri...
2008/09/10

Josune Amunarriz, Ines Medina, Itziar Barrio, Amaya Arberas... lau euskal artista hauen izenak entzungai izango dira datozen hilabeteetan New Yorkeko arte eta kultur giroetan. Itziar Barrio bilbotarrak bere artelan multimedien irudiak biltzen dituen 'Pink Car Crash' liburua argitaratuko du eta Josune Amunarriz hondarribitarrak margolanak erakusgai jarriko ditu Queen Sofia Institute erakundean. Institutu honetan bertan kontzertua eskainiko du Amaya Arberas soprano donostiarrak urrairen 30ean. Azkenik, Ines Medina margolari bilbotar - newyorktarrak erakusketa egingo du Connecticut-eko Stamford-en.
Gehiago irakurri...
2008/09/10

Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxe argentinarrak joan den abuztuaren 31an Euskal Dantza Gaua antolatu zuen hiriko Brazzola Antzokian. Ekitaldian euskal etxeko dantza taldeak erakustaldia eskaini zuen eta txalo zaparrada jaso zuten dantzari gazteek. Gainera elkartasun ekimen bat burutzeko parada ere hartu zuten, eta Chascomuseko 45. eta 3 . Eskolentzako janari dohaintza egin zuten.
Gehiago irakurri...