2010/06/09

Europar gaietan aditu den Joxerramon Bengoetxea irundarrak jasoko du aurten, Euskal Herriko Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien alorrean curriculum nabarmena zuten pertsonak saritzeko 1995ean sortu zen saria. Hala jakinarazi zuten atzo bi erakundeek. Euskal Herriko zazpi unibertsitateetako errektoreek, bai eta Eusko Ikaskuntzako presidenteak eta Euskadiko Kutxako zuzendariak osatzen duten epaimahaiak hala erabaki du, Bengoetxearen lanaren osotasunean Euskal Herriaren kulturaren garapenean eskainitako laguntza baloratuz. Eusko Ikaskuntza – Euskadiko Kutxa saria hartzen duen pertsonaren lanaren osotasunak Euskal Herriaren kulturaren garapenean lagundu behar izan du. 20.000 euroko sari bakarra banatzen du urtero.
Gehiago irakurri...
2010/06/08

"Urraska. Dantza jauziak Sagasetaren bidetik" lan honek, balio etnografikoa eta izaera didaktikoa uztartzen ditu, Euskal Herriko ohiko dantzaren garrantzi kulturala azaleratzen duelako eta bere ikasketa errazten duelako. Dantzen transkripzioak eskaintzen ditu lanak, dantza jauzi guztien partiturak tonu ezberdinetan, pausoen gida eta Sagasetak jasotako jauzi tradizional guztien grabazioak CD bikoitz batean. Gainera, MP3 formatuan pausoak kantatzen diren bigarren bertsio bat eskaintzen da. Aiko Taldearen lan berri hau datorren larunbatean, ekainaren 12an, aurkeztuko da Durangoko Plateruena Kafe Antzokian 'Dantzazale Eguna 2010' ospakizunean.
Gehiago irakurri...
2010/06/08

Euskal kultura kanpoan ezagutarazi eta zabaltzeaz gain, «zeharkako kultura» bultzatuko du Etxepare Euskal Institutuak, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak atzo Eusko Legebiltzarrean azaldu zuenez. Etxepare Euskal Institutuaren egungo egoeraren eta lan ildoen berri emateko egin zuen agerraldia Urgellek, alboan Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendari izendatu berria zuela. Etxepare Euskal Institutuaren «balio estrategikoa» aldarrikatu zuten biek, eta «inplikazio pertsonala» eskatu zieten legebiltzarkideei. Hiru urteko epea finkatu zuten, Etxepare Institutua finkatzeko. Juan Luis Zabalak sinatu du artikulua gaurko Berrian.
Gehiago irakurri...
2010/06/08

Mexikoko Guanajuato estatuko Celaya hiriak harrera bazkari eta ekitaldi beroa eskaini zien joan den ostiralean, ekainaren 4ean, udalerri mexikar honetan kokatu diren, kokatzen ari diren edo, kasuetako batean, bertan kokatzea aztertzen ari den lau euskal industriariei. Automozio alorreko enpresak dira edota alor horrekin lotutakoak (tratamentu termikoak). Eibar, Amurrio-Laudio, Gasteiz eta Tolosaldetik datozen enpresak dira. Etxetik kanpo sentitzeko aukera handirik ez dute izan, Celayako Garapen Ekonomikorako zuzendaria, euskal mexikarra baita, euskara ondo menperatzen duen Yon de Luisa Saseta, bertako alkate Rubi Laura Lopez Silva anderearekin batera, enpresariei Udalaren izenean ongietorria eman ziena.
Gehiago irakurri...
2010/06/07

«Duela urte batzuk apustu bat egin nuen. Musikari gisa erronkak behar dituzu; badira mirestu eta beti lankide nahi izan dituzun artistak eta horiekin lan egitea energia-emaile da niretzat». Honelako erabateko hitzez mintzo da Kepa Junkera 'Etxea' eta 'Kalea' lanak aipatzen dituenean. Hiru grabaketa lanek osatutako trilogia bateko lehenengo bi izenburuak dira, 'Herria'rekin, hilabete gutxi barru bukatuko den trilogia, munduko hainbat artistaren ahotsak lankide euskaraz kantatutako kantu tradizionalen bertsio sorta baten bilduma bat baino gehiago den proiektua.
Gehiago irakurri...
2010/06/07

Luis Archibaldo Uriarte elkarteko lehendakaria buru zuela errezibitu zuen Viña-Valparaisoko Eusko Etxeak Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendari Julian Celaya, Jaurlaritzako kargudunak joan den urritik hona kostaldeko hiri eta eskualde txiletar honetara bigarrena duen bisitaldian. Uriartek azpimarratu zuen Bosgarren Erregioko euskaldunen artean gero eta indar handiagoa hartzen ari dela berriz ere egoitza propioa izateko xedea, begibistakoa baitute "ospakizun tradizionalak eta kultur ekimenak garatzeko gune fisiko bat"en beharra, "behar horrek oinarri sendotzat baitu Eusko Etxeak etxe handia izan zueneko garaiko oroitzapena, gaur inoiz baino larriagoa dena joan den otsailaren 27ko lurrikarak Eusko Etxearen bulego instituzionala zinez kaltetu ostean".
Gehiago irakurri...
2010/06/07

Buenos Aires probintziako Cañuelasko 'Denak Bat' Euskal Etxeak hartu du bere gain aurtengo Argentinako Mus Txapelketa Nazionala antolatzeko lana. Hitzordua ekainaren 19, 20 eta 21ean da eta lehiaketatik Mundialerako ordezkari argentinarrak aukeratuko dira. Txapelketa Nazionalarekin bat, mus eta canasta lehiaketa paraleloak ere antolatu dituzte; parte hartu nahi dutenentzako baucherra 550 pesokoa izango da eta izena emateko epea bihar asteartea, ekainaren 8an, bukatuko da. Gainerako herrialdeei dagokienez, ari dira pixkanaka euren txapelketak egiten. Aurten Mundiala antolatuko duen herrialdearen kasua aipatzearren, Estatu Batuek (AEB) bere Txapelketa datorren larunbatean egingo dute, Nevadako Winnemucca herrian, bertako euskal festekin batera.
Gehiago irakurri...
2010/06/04

Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritzak gaur plazaratu du mundu osoko euskal etxeetatik etorririk 2010eko Gaztemundu egitasmoan parte hartuko duten 18-30 urte arteko gazteen zerrenda. Uztailaren 1etik 15era bitartean gauzatuko den ekimen honetara 30 gazte etorriko dira, honela banatuta: Txiletik, 2; Argentinatik, 24; Estatu Batuetatik, 2; eta Kolonbiatik, 2. Hamar ordezko ere hautatu dira, aurrekoetako inork huts egingo balu-edo. Zorionak guztiei.
Gehiago irakurri...
2010/06/04

Azken egunotan izandako gertaeren karietara, Mikel Urdangarin kantari zornotzarrak Betleem herri palestinarrean datorren astean eman behar zuen kontzertua bertan behera gelditu da, hasieran iragarrita zegoen uztailaren 10eko datan bederen, eta gauzak zehazteke baina oraingoz uztailaren 23ra pasatu da, orduan posible izango delakoan, kantariaren ekipoko iturriek adierazi dutenez. Horren aurretik, Urdangarinek kontzertua behar du eman datorren igande honetan, uztailaren 8an, Moskuko Malin Zal Kontserbatorioan. Betleemgo emanaldiari dagokionez, agertokian Maria del Mar Bonet (katalanez), Cristina Pato (galegoz) eta Ismael Serrano (gaztelaniaz) lagun dituela arituko da, kontzertua Gazako zerrendarako telebistaturik.
Gehiago irakurri...
2010/06/04

Atal berriak datoz Euskal Herriko gaurko prentsan Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren artean sortutako tirabiran Bizkaiko diputatu nagusiak Boisera Jaialdi denboran egin behar duen bidaia dela-eta. Dirudienez, gaiak sozialisten arten sortu duen haserrearen gainetik, Lopez lehendakariak hiru diputatu nagusiak gonbidatuko omen ditu bidaia berarekin egitera. Legebiltzarrean gaur Andoni Ortuzarrekin izango duen galdera-erantzun saioan egingo omen du, Ortuzarrek Kanpo Harremanen arloari loturik Lopezi egin dizkion galderei erantzuteko txandak.
Gehiago irakurri...