euskal diaspora eta kultura

2007/07/24
Ipar Ameriketako Euskal Erakundeen Federazioak (NABO), Boise State Unibertsitateak (BSU) eta Boiseko Euskal Museo eta Kultur Etxeak antolaturik, bihar ekingo zaio Idahoko hiriburuan Gaztealde programa berriaren lehenengo edizioari. Hiru egunez luzatuko den ekimenak hamasei urtetik gorako hamabi partaide bilduko ditu, Boise State Unibertsitatean eta Boiseko Museoan. Helburua, Euskal Herria eta euskal kulturari buruz ordu beteko aurkezpena egin dezaketen gazte arduratsuak formatzea.
2007/07/24
Joan den asteburuan Hizkuntzen II Kongresua egin dute Buenos Airesen, eta euskarak protagonismo nabaria izan du munduko hizkuntzen foro honetan. Alde batetik, Miren Azkarate Kultura Sailburuak Jaurlaritzako hizkuntz politikei buruzko mintzaldia eman zuen, eta bestetik, Euskal Herria Euskaraz eta Askapena elkarteetako ordezkariek ere euskara eta bere egoeraren berri eman zuten. Azkaratek, bere hitzaldian, hizkuntz politikak abian jartzeko gogoan izan behar diren klabe batzuk aipatu zituen: 'Ez dago arlo honetan nola lan egin esango digun errezetarik, baina behar-beharrezkoa da bi gauza kontutan hartzea: gizartearen beharrak ezagutu eta gehiengoaren nahia errespetatu behar da'.
2007/07/24
Pasa den larunbatean Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxeak Lagunaren Eguna ospatu zuen elkarteko kideekin. Egun berezi horretara bildutakoen artean, dantza taldeko partaideak nabarmendu ziren, Euskal Etxeko zuzendaritzako kideekin batera. Gaur egun dantzariak direnez gain, garai batean dantzari izandakoak eta euren ahaideak ere gerturatu ziren. Elkarretaratzean, bestalde, proiektu berriak sortu ziren abuzturako, hala nola bisitaldiak herriko zahar etxera, beti ere Lagunaren Egunaren izpirituari jarraiki.
2007/07/23
Pare bat egun besterik ez dira falta Oñatz talde oñatiarreko dantzariak Idaho estatuko Boise hiriburura hel daitezen, izan ere hiri iparamerikar honetako euskal jaietan eta urtero San Inazioren ohoretan egiten diren ekitaldietan parte hartzeko. Ez da oraingoa Oñati eta Boiseren arteko harremana, eta urteak dira --26-- Boiseko San Inazio jaietan Oñatiko Korpuseko dantzak dantzatzen direla, bertakotuak jadanik, Boiseko 'Oñati' izeneko dantza taldearen eskutik. Dantza horiek egiteko arropa berriz datoz gainera oñatiarrak, itsasoz bi aldeotako euskaldunen lankidetza loturen adierazgarri.
2007/07/23
EuskoNews Gaztea joan den urtarrilean jaio zen, euskal gaztetxoei zuzendurik. Izan ere, 13 eta 17 urte bitarteko ikasleak dira ale bakoitzean argitaratzen diren artikuluen egileak. Baina Euskonews Gazteak lankidetza hori areagotu nahi du eta, Euskal Herriko gazteei ez ezik, Diasporako idazle gazteei ere zabaldu nahi dizkie bere orrialdeak. Artikuluen gaia irekia da --gazteei interestatzen zaien edozein gai, funtsean-- eta baita formatoa ere, hala nola ipuinak, erreportaiak, argazkiak... Parte hartu nahi dutenek aldizkariko arduraduna den Zuriñe Velez de Mendizabal gazte arrasatearrarekin behar dute mintzatu, beherago adierazten den helbidera e-mail soil bat bidaliz.
2007/07/23
Susa argitaletxeak 2006. urtean argitaratutako 'Ezkatak' liburutik aukeratutako poemak dira Susa-literatura.com guneak sarean itzulirik irakurgai jarri dituenak. Itzulpenetan lan egin duten profesionalak Sarah J. Turtle, Iñaki Mendiguren, Viviana Tomassetti eta Laia Noguera i Florente izan dira, besteak beste. Gazteleraren kasuan, egilea bera arduratu da itzulpenaz.
2007/07/21
Gaur bertan hasi da Rosarion FEVAk urtero Argentinako neguan antolatzen duen barnetegia. 'Argentinan Euskaraz' programaren baitan sortu zen euskal etxeetan euskara klaseak ematen dituzten irakasleekin barnetegia egiteko ideia eta halaxe egin dute azken lau urtekoan. 'Barnetegiaren arrakastak bertan parte hartzen dutenen gogo bizia du oinarri', azaltzen du Jose Frantzisko 'Kinku' Zinkunegi HABEko teknikari eta programaren koordinatzaile denak. 'Talde hauen sorkuntza erronka izan zen guretzat 2003an; orain, esperientzia beste herrialdetan abian jartzea pentsatzen ari gara'.
2007/07/21
Frankfurteko Goethe Unibertsitateak ikasturteari agur egin dio Udako Jai Euskal Kataluniar batekin. Alemaniako Euskal Ikasketen Etxeak (AEIE) eta Unibertsitateko katalan ikasle eta irakasleek antolatu zuten jaia eta herri desberdinetako lagunak bildu zituen ekitaldiak --kataluniarrak, euskaldunak, espainolak, alemaniarrak, mexikarrak, kolonbiarrak, kubatarrak, frantsesak, ingelesak...-- denak ala denak kulturarteko jai honetaz gozatzeko prest.
2007/07/20
Gipuzkoako Ordizia herriak Andres de Urdaneta bertako semearen jaiotzaren 500. urteurrena ospatuko du aurten eta datorren urtean. Urdaneta, itsas-gizona, astronomoa eta humanista izateaz gain, izaera zientifiko-teknikoko aurkikuntza handi baten protagonista izan zen: 'itzulerako bidea' deitu izan dena, hau da, Filipinetatik Ameriketara itzultzeko ibilbidea, Itsaso Barea zeharkatuz. Urteurreneko ekitaldiek goi mailako gonbidatua izango dute Ordizian: Gloria Macapagal Arroyo, Filipinetako presidentea. Agintaria abenduan etorriko da Euskal Herrira, Marciano R. De Borja kontsulak BasqueHeritage.com-i baieztatu dionez.
2007/07/20
Euskal Herriaren eta Filipinen arteko harreman historikoa berreskuratzea, horixe da Marciano R. De Borjaren asmoetako bat. Filipinetako kontsula da De Borja Madrilen eta asiar herrialde horretako euskal ondarea sakonki aztertu du Basques in the Philippines liburuaren egile den diplomatiko honek. De Borjaren bultzadari esker bi herrialdeen arteko ekimen ugari ari dira gauzatzen azken hilabeteetan: uztail hasieran filipinar senadore talde bat izan zen Euskal Herrian eta Ibarretxe lehendakariarekin bildu ziren; aldi berean Bultzapen izeneko Gobernuz Kanpoko euskal Erakundeak ospitala eraiki nahi du Aritaon; eta EHUk hitzarmena egin du Nueva Vizcaya probintzia filipinarreko hiru unibertsitaterekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus