euskal diaspora eta kultura

2007/07/27
'Nire aita artzaina zen, eta mendiak ziren bere etxea'. Esaldi soil baina emozioz betearekin hasten da Sweet Promised Land elaberria, Robert Laxalt euskalamerikarrak 1957an argitaratua. Estatu Batuetako euskal Diasporaren literaturaren erreferentzia da gaurdaino lan hau eta bere orrialdeetan ameriketaratu ziren artzainen bizimodu gogorra islatzen du, baina baita amerikar Mendebaldeko naturarenganako miresmena ere. Bere argitalpenaren 50 urteak betetzen diren honetan Nevadako Unibertsitateko ikasleek omenaldi onena egingo diote elaberriari: udan zehar irakurriz eta unibertsitate bizian debuta egiteko liburuari buruzko eztabaidak eta lanak eginez ikasturte hasieran.
2007/07/27
Pertsona ezaguna da Oier Araolaza eibartarra euskal dantza munduan. Kazetaritza eta Gizarte eta Kultura Antropologia ikasketak egindakoa, Dantzing blog pertsonalarekin batera dantzan.com webguneko kudeatzailea eta azken honi lotutako posta zerrendako animatzailea ere bada. Eibarko Kezka Dantza Taldeko dantzari, Elgoibarko Haritz eta Donostiako Argia dantzari taldeetan ere ari da. Elkarrizketa Berriako Aritz Ibañezek egin eta joan den asteburuan eman zuen argitara euskal egunkariak.
2007/07/26
Manizalesko Teatro Jaialdian Euskal Herria izango da ohorezko gonbitua. Urte honetakoa XXIX. edizioa da eta askotariko kultur ekintzak antolatu dituzte urritik 5etik hil bereko 15era egingo den jaialdian. Horietako batzuk teatroarekin dute zerikusia, baina beste batzuk gehiago jotzen dute beste arte batzuetara, hala nola, arte plastikoak, musika, dantza, gastronomia edo kulturaren beste alor batzuei dagozkien arteetara. Jaialdian Euskal Herriko kulturari erreparatuko zaio eta baita munduko lurralde ezberdinen arteko kultur elkartrukeari ere.
2007/07/26
IV. Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegian parte hartu nahi duten historialariak eta ikerlariak oraindik garaiz dabiltza, bertan aurkezteko lanak bidaltzeko epea abuztuaren 31ra arte irekita egongo delako. Mintegia urriaren 25 eta 26ean egingo da Baionan eta Uztaritzen (Lapurdi). Mintegiak hiru ardatz nagusi izango ditu: Emigrazioa eta Kultura; Emigrazioa eta Politika, eta Itzulerak. Antolakuntza batzordeko kide Claude Mehatsek BasqueHeritage.com-i adierazi dionez, hogei bat lan aukeratu dituzte dagoeneko, Euskal Herria, Argentina, Mexiko, Frantzia eta AEBtatik bidaliak. Lanak aurkeztu nahi dituztenek abuztuaren 31 dute epea.
2007/07/26
Iaz egin zuten bezala, aurten ere Bartzelonako eta Madrilgo euskal etxeek, HABEren laguntzarekin, barnetegia egin dute Arantzan. Uztailaren 14tik 22ra bitartean luzatu da barnetegia eta aurten, gainera, beste euskal etxe batzuetako ikasleei ere parte hartzeko gonbitea egin diete. Guztira 20 ikaslek hartu dute parte ekimenean: Bartzelonako bederatzik, Madrilgo beste hainbestek eta Valentziako bik. Klaseak goizez izan dira eta arratsaldez, berriz, ikasleek ekitaldi kulturalez gozatzeko aukera izan dute.
2007/07/26
Asmoz Fundazioak, Aita Barandiaran Fundazioa lankide, Euskal Etnografia ikastaro bat antolatuko du urriaren 15etik hasita. Klaseak internet bidez izango dira eta, beraz, Diasporako interesatuek edota hala nahi duen beste edozeinek izango du parte hartzeko aukera. Barandiaran Fundazioko arduradunek BasqueHeritage.com-i azaldu diotenez, ikastaro honekin etnografia bezalako gai bat gizarteratzeko bideak zabaltzea da euren asmoa.
2007/07/25
Diasporako euskal kulturari lagundu nahi diozu eta aldi berean Europarako bidaia bat edota Europatik Argentinarakoa irabazi? Eusketxe, Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxeak 200 bono plazaratu ditu, bakoitza 100 pesoko prezioan --25 euro baino gutxiago--, elkarte euskal-argentinar honek México 1880eko bere egoitzatik euskal kultura arloan etengabe garatzen dituen ekintza eta ikastaroak lagundu eta sostengatzeko. Laguntza eskaintzearekin batera, bonoak erosten dituenak txartela ere eskuratzen du bi bidaien zozketarako, Argentinatik Euskal Herrira edo Euskal Herritik Argentinara, datorren urtean egiteko, edo hala nahi balu horren ordaina dirutan.
2007/07/25
Eusko Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak uztailaren 9tik 13ra bitartean Bilboko Euskalduna Jauregian gauzatu zen Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarreko agirien euskarazko bertsioa plazaratu berri du. Testua behin-behinekoa da, irail hondarrera arteko epea eman baita biltzarkideek erredakzio aldetik ñabardura edo zuzenketaren bat emendatu nahi badute hala egin dezaten. Testu osoa bildu dugu datozen lerrotara.
2007/07/25
Renoko Euskal Etxeak, Zazpiak Bat Basque Club-ak, bazkide, lagunak eta publiko orokorra bildu zituen berriz ere bere urteroko Renoko Basque festival delakoan. Euskal jaialdiaren 40.edizioa izan da aurtengoa eta Nevadako euskaldun eta euskaldunen lagun asko bertaratu ziren, euren euskal atxikimenduaren erakusgarri. Jaia goizean goiz hasi zen eta Wingfield parkean dantza erakustaldiak, herri kirolak, musika eta artisau eta gastronomia standak izan ziren ikusgai, entzungai eta dastagai.
2007/07/24
Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Patxi Baztarrik, eta Lorea Bilbao Hizkuntza Politikarako aholkularia Kolonbian dira aste honetan, Pazko Uhartera eta Argentinara eramango dituen birako lehen zatian. Bidai honetan euskal ordezkaritzak herrialde bakoitzeko gobernu kideekin, gizatalde indigenen ordezkariekin eta unibertsitate ordezkariekin bilduko dira,
hizkuntza politikarako gaietan elkarlana bultzatzeko. Aldi berean Etxepare Euskal Institutuaren sorrerari buruzko informazioa zabalduko dute.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus