euskal diaspora eta kultura

2007/09/22
Eusko Jaurlaritzak, 2007ko irailaren 21eko ebazpenez, Euskal Etxeentzako 2007ko dirulaguntzen banaketa onetsi du. Orotara 1.359.340 euro dira banatutakoak, baldintzak bete dituzten 95 etxeren artean, herrialdeka honela sailkatuta: Argentina (55), Australia (1), Brasil (1), Espainiako estatua (8), Estatu Batuak (9), Frantziako estatua (2), Italia (1), Kanada (2), Kolonbia (1), Kuba (1), Mexiko (1), Peru (1), Txile (2), Uruguai (6) eta Venezuela (3). Euskal Etxe esleipendunek faxa bidali beharko dute dirulaguntza onartzen dutela esanez, ahal dela datorren astelehenaren aurretik, Gizataldeetako Zuzendaritzak euskal etxeentzako ohar batean adierazi duenez.
2007/09/21
Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxea pozik agertu da Uruguaiko Nekazaritza Azokaren 102. edizioan egin duen paperarekin. Azoka irailaren 5etik 16ra izan zen eta ia 400.000 lagunek bisitatu zuten. Haize Hegoaren standean Euskal Herriko kultura eta historiari buruzko informazioa eta Uruguaiko abizen eta deitura euskaldunen berri eman zuten. 350 lagunek euren datuak utzi zituzten informazio gehiago jasotzeko.
2007/09/21
Hamarretik bederatzik, euskara arrotz. Umezurtz da euskara Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lizeoetan. Euskararen Erakunde Publikoak 2004-2005ean egindako inkesta kuantitatiboan agertu emaitzen argira, Ipar Euskal Herriko lizeoetan ikasten duten hamar ikasletik bederatzik ez dute euskara edo euskaraz ikasten. Murgiltze ereduari so eginez, emaitzak oraindik kezkagarriagoak dira, %2,4 baizik ez direlako. Gainerakoak eredu elebidunetan ari dira (%2,3) edo euskara ikasgai gisa dute (%4,4). Kopuruak ez dira geroztik emendatu eta urte luzeak beharko dira, neurri ausartekin batera, joera hori aldatzeko. Aitor Renteriak sinatua da Berrian agertu artikulua.
2007/09/21
Gaston Inchausti aurrelari argentinarra, 17 urteko pilotaria, irailaren 6tik 15era South San Franciscon zazpi naziotako pilotareni artean jokatu den Mundu Pilota Batzarreko lehenengo txapelketako aurkikuntza izan da. Argentinak larruzko pilota paleta sailean lortutako brontzezko domina bakarrarekin konformetu behar izan bazuen ere, bertan zeuden herrialdeetako teknikoek txapelketako aurkikuntza gisa aipatu dute Insausti, bere kalitateagatik eta lanabesa erabiltzeko indarrarengatik. Batzuek esana dute jadanik Pablo Fusto berria izango dela, Bilbon profesional gisa ari den txapeldun argentinarrarekin alderatuz.
2007/09/21
Iñaki Urlezaga munduan zehar dantza ikuskizunak emateaz gain bere konpainia propioa mantentzen duen ballet dantzari pribilejiatu horietakoa da. Urriaren 19 eta 20ean 'Giselle' lana aurkeztuko du Buenos Aireseko Luna Park-en eta udazkenean bira egingo du Europan zehar (Espainia, Italia eta Turkia). Balletin Dance aldizkari espezializatua euskal argentinar dantzariarekin solastu da, jarraian itzuli eta laburtzen dugun elkarrizketan.
2007/09/20
'Oso gustura' amaitu du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Brasil eta Argentinan zehar egin berri duten bira, joan den asteartean, Buenos Aireseko Coliseo Antzokian emandako kontzertuarekin. Emanaldia oso berezia izan zen, batez ere bertara bildu ziren euskaldunentzat, orkestrak Aita Madinaren 'Orreaga' jo baitzuen, Buenos Airesen idatzi eta estreinatu zenetik 53 urte bete diren honetan.
2007/09/20
Euskal Erbesteari buruzko Nazioarteko Mintegiaren edizio berriaren egoitza izango da Donostia datorren urrian, Hamaika Bide elkarteak antolatuta. Aurtengoan 'Erbestea: Historia eta Kulturarako eztabaida bat' hertuko du mintegiak izenburu. Jardunaldiak irekiak izango dira eta Deustuko Unibertsitatearen egoitza donostiarrean eta Udal Liburutegian egingo dituzte. Diasporak leku nabaria izango du mintegian eta Sebastian Amorrortu edota Martin Ugalde bezalako pertsonaien lana aztertuko dute.
2007/09/19
Euren sustraiak eta familia jatorriei buruz jakinmina izan baina sekula genealogia munduan sartzeko pazientzia edo astia izan ez dutenek aukera bikaina izango dute urriaren 13 eta 14ean Biriatun, Lapurdin, egingo diren I Genealogia eta Tokiko Historia Topaketetan. Antzinako eta GHFPBAM elkarteek antolatu dute 'genealogia azoka' hau eta hasiberri zein adituentzat eskainiko dituen proposamenen artean artxiboetan datuak bilatu eta genealogia software berrienak erabiltzen ikasteko doako tailerrak egongo dira.
2007/09/19
Gipuzkoako Gaztelupe Korua Mexikon da egunotan, Queretaro, Guanajuato, Zacatecas, Guadalajara, Morelia eta Mexiko DFan barrena bira turistiko-musikala eginez. Hiriburuan izango dute larunbat honetan birako hitzordu nagusia, Euskal Etxearen Mendeurrena dela eta emango duten konztertuarekin. Joan den astean kantariak Queretaron izan ziren eta agerian utzi zituzten bertan eurekin daramatzaten giro alaia eta ahots ederrak, Vascosmexico.com webguneko kamarak bideoan bildutako bapateko kontzertu batek azaltzen duenez.
2007/09/19
La Plata euskal etxe argentinarreko 'Matxin Burdin' Liburutegitik jakin arazi dutenez, sarean dira dagoeneko, La Platako Euzko Etxea-ren webgunean, joan den uztailean bertan antolaturiko Gizataldeetako Liburutegien II Bilkurako emaitza eta azken ondorengoak, elkarretaratzeari dagozkien jakingarri guztiekin, 'Martxin Burdin'eko Maria Fernanda Astigarraga eta Gladys Medina liburuzain arduradunek aurreratu dutenez, bestalde, III Bilkura datorren urtean egingo da, Buenos Airesen, bertako Liburutegi Galegoak antolaturik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus