2007/05/26

Donapaleun sortu kantariak ostegunean hasi zuen abantxu hamar egunez Argentinan eginen duen itzulia. Buenos Aireseko debutaren ondotik, atzo Rosarion ari izan zen, Zazpirak Bat Euskal Etxeak bere egoitzan antolatu bestan, eta heldu den ostegunean Entre Ríos probintziako Paranán eskainiko du emanaldia, bertako Urrundik Euskal Etxearen eskutik. Parisen bizi den Felipe Saldivia gitarrajole txiletarra lagun --jatorri euskaldunekoa hau ere--, EuskoSarek lagundu duen itzuli honekin Etchegoyenek bere lehenengo kontaktua ukan du Argentinako publikoarekin, izan ere, Euskal Herritik eta Frantziatik kanpo egiten duen lehenengo tour tipia baita, eta kontent ageri da. EuskalKultura.com-i adierazi dionez, nahiko luke heldu den urrian berriz etorri, Rosarioko Euskal Aste Nazionalean parte hartzeko hain zuzen.
Gehiago irakurri...
2007/05/25

Asteazkenean hasi zen 'Euskaldunen ekarria XIX eta XX mendeetako Mexikon' kongresuak euskal komunitateko kide ugari bildu zituen lehen egunean, Mexikoko historian euskaldunen papera aztertu zuten adituen hitzaldiak entzuteko gogoz. Hizlarien artean Euskal Herritik heldutako Beñat Cuburu historialari lapurtarra izan zen, besteak beste. Mintzaldiek atzoko eta gaurko euskaldunen istoriak ekarri zituzten, ia-ia gaur egungo euskal komunitatearen historiaraino helduz.
Gehiago irakurri...
2007/05/25

Bukatu berria da Bartzelonako euskal literatur jaialdia --EH! Literaldia-- eta Euskal Etxekoek lanean segitzen dute, hurrengo ekimena aurkezten: Zinemaldia'07. Euskal zinemagintzari eskainitako jaialdi honek bere bigarren edizioa izango du artengoa, maiatzaren 29an hasi eta ekainaren 9a bitartean. Dokumentalak izango dira Zinemaldiko izar, 'Nomadak TX' eta 'Agian' bezalako lanekin, baina 'Kutsidazu bidea, Ixabel', iazko euskal filme arrakastatsuena ikusteko aukera ere izango da, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2007/05/25

Miguel, edo Mike, Olano hil da. Berez Euskal Herrian jaioa (Busturia, 1923), 1948an etorri zen Estatu Batuetara eta urte batzuetan Idahon eta Washington estatuetan ibili ondoren, Winnemucca Hotel euskalduna erosteko aukera sortu zitzaion 1963an, eta Nevadako herri honetara aldatu zen, hotelero bihurtzeko. Bertan bizi izan da geroztik, Estatu Batuetan gelditzen den garai bateko moduko azkeneko euskal ostatu xaharrarekin xahartzen. Molde xaharreko gizon ona, hotelerua eta langile fina, NABOk omenaldia egin zion 2005ean, 25 urtez Winnemuccako euskal etxeko NABO delegatua izan ondoren. Lagun ugari utzi ditu. Guztiei, eta seme Mikeri, gure doluminak. Goian bego.
Gehiago irakurri...
2007/05/24

Euskal Liburutegiaren ardura hartuko duen profesional baten bila ari da Nevadako Unibertsitatea. Renoko Basque Library Euskal Herritik kanpo euskal gaiei eskainitako liburutegi nagusiena da eta Center for Basque Studiesekin batera euskal Diasporari buruzko ikerketetan erreferentzia gune. Liburutegi honen ardura bere kargu hartu eta proiektu erakargarri hau garatzeko aukera izango du AEBtako zein Euskal Herriko edo Diasporako profesional batek, Basque Library-k egin duen lan eskaintzari erantzunez. Kurrikulumak bidaltzeko epea ekainaren 18an bukatuko da.
Gehiago irakurri...
2007/05/24

Ikerbasque-k, Zientziarako Euskal Fundazioak, esperientziadun ikertzaileentzat 30 lanpostu eskaintzen ditu. Proposamena atzerrian dauden goi-mailako ikertzaileei zuzentzen da, euskaldun zein atzerritar, euren ikerketa-ibilbidea Euskal Herrian egiten jarrai dezaten. Hautagaiek bete beharreko baldintzen artean, honokoak: doktore-tesia gutxienez 2003ko otsaila baino lehen amaitua izan eta Euskal Sistema Zientifikotik kanpo gutxienez lau urteko esperientzia izatea kalitate goreneko mundu mailako ikerketetan. Argibide gehiago, artikulua honetan.
Gehiago irakurri...
2007/05/24

Joan den larunbatean egin zitzaizkion elizkizunak. Arrecifes-en (Argentina) sortua, Adalberto Pedro Loyola, Potxolo, oso gazterik sartu zen bertako Euskal Etxean, eta herriko euskaldunen artean instituzio bat izan zen Tiburcio Bilbaorekin --don Tiburcio-- ikasi zuen txistuan. Euskal Herrian jaioa zen hura eta harengandik jasoko zuen berak, gero, bera bezala Argentinan jaiotako gazteei transmititzen jakin zuen txistularitzaren lekukoa eta garra. Urtetan, berak jotako aireak Arrecifes eta inguruko dantzari belaunaldien inspirazio eta babes izan ziren. Amelia Irigoyen-ekin ezkondua --hemendik besarkada bero bat-- ez zuten berez familiarik izan. 'Bertako gazteria, Euskaldunak Denak Bat-eko gazteak izan dira euren seme-alabak, egun bere falta somatzen dutenak'. Halaxe aitortu zuten bere lagunek Arrecifeseko euskal komunitateak larunbatean egindako omenaldian.
Gehiago irakurri...
2007/05/23

Lehiaketa bidez aukeratuko dute Durangon aurtengo Euskal Liburu eta Disko Azoka iragarriko duen afixa edo kartela. Euskal Herriko eta Diasporako diseinatzaileek har dezakete parte lehiaketan, euren lanak posta bidez bidaliz Gerediaga elkarte antolatzailearen Durangoko egoitzara. Irabazleak 1.300 eurotako dirusaria jasoko du eta bere lana Euskal Herri osoko kultur ekitaldi garrantzitsuenetako baten ikurra eta irudia izango da. Lanak bidaltzeko epea uztailaren 13an bukatuko da.
Gehiago irakurri...
2007/05/23

Madrileko Euskal Etxeak San Isidro jaiak direla eta --Madrileko patroia da San Isidro-- egin ohi den jaialdi folklorikoan parte hartu zuen joan den maiatzaren 15ean. Izan ere, Euskal Etxeak bere dantza eta musika talde propioarekin parte hartu zuen estrainekoz. Talde berriaren izena 'Euskal Etxea taldea' da eta Aitor Coterón bazkidearen lana eta ahaleginari esker sortu da. Erandioko gazte honek bere burua eskaini zuen 'dantza batzuk erakusteko, eta azken urte hau dantza taldea sortu eta emanaldi honetarako prestatzen eman du', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Euskal Etxeko idazkari Luis Angel Vidalek.
Gehiago irakurri...
2007/05/23

Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat, Esther
Larrañaga sailburua buru, Uruguaien izan zen pasa den apirilean ingurumen arloan lankidetza hitzarmen batzuk sinatzeko bertako agintariekin. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak Uruguaiko Ingurumen Ministeritzarekin eta Montevideoko udaletxearekin sinatu zituen hitzarmenak. Ondotik Argentinara joan zen ordezkaritza, bertan ere antzeko hitzarmenak sinatzeko.
Gehiago irakurri...