euskal diaspora eta kultura

2007/11/28
Iñaki Plaza eta Ion Garmendia O+Hatz (HogeiHatz) taldea osatzen dute. Ekimen berezi honetan txalaparta, txistua, panderoa eta alboka bezalako euskal instrumentuen kontzertuak eta ikastaro praktikoak eskaintzen dituzte. Euren asmoa ikusleei instrumentu hauek erakutsi, esku artean hartzen utzi eta kasu batzuetan --panderoa, txistua-- jo ere egin ditzaten da. Datorren astelehenean taldea AEBetara abiatuko da, bertako euskal etxeetan bira bat egiteko, NABOren eskutik. Reno, San Francisco, Boise, Chino eta Washington DC-n eskainiko dituzte emanaldi eta ikastaroak.
2007/11/28
Pertsona aktibo eta langilea da Olga Aurtenechea. Argentinako Arrecifesen sortua, besteak beste, Lehen Hezkuntzako andereño, Arrecifeseko Museoaren Lagunen Elkarteko eta Artxibo Historikoko presidente, eta honen barnean Arte Museoko sustatzaile, Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko lehendakariorde... honelako zenbait lanetan ibilia da. Haatik, garatu eta landu dituen alorren artean, margolaritza, pintura, izan da seguruenik oihartzunik handiena ekarri diona, Arrecifesen bertan eta Buenos Aires probintziako zenbait erakustokietan lanak eskegitzeko aukera eman baitio.
2007/11/28
Unión Vasca Euskal Etxeko arduradunak pozik agertu dira elkarteak aurtengo Kolektibitateen Azokan eskuratu dituen emaitzekin eta esker ona azaldu diete ekitaldirako lanean jardun duten kide eta lagunei. Azokaren 7. edizio honetan elkarte euskaldunaren postuak Stand Onenaren saria jaso zuen, iaz lortutako postu bera berretsiz. Gainera, Kolektibitateen Erreginaren aukeraketan, euskal ordezkariak, Antonela Caponik, Lehen Aipamena jaso zuen.
2007/11/27
Maila goreneko bisita izango da datorren asteko astelehenean Gloria Macapagal-Arroyo filipinar presidenteak Ordiziara egingo duena. Arrazoia, Andres de Urdaneta itsasgizon eta bidaiari ordiziarraren jaiotzaren 5. mendeurrena. Urdanetak Filipinetatik Mexikora bueltatzeko itsasbide azkarrena aurkitu zuen, 250 urtez merkataritza bide zinez garrantzitsua izan zena. Ibarretxe lehendakariak Ajuria Enean hartuko du Macapagal presidentea, agintari filipinarrak Euskal Herrira egingo duen lehen bidaia honetan, ondoren Ordiziara elkarrekin biltzeko, hasiera ematearren Urdaneta Urteko ekitaldiei.
2007/11/27
Caracaseko Eusko Etxeak hilabetero antolatzen duen mezetara joan ohi direnek, eta Venezuelako hiriburuko euskal erakundea berau, partaide izan nahi izan dute azaro honetan aita Martin Larrainzar Goñi, apeztu zela 50 urte bete direla-eta, bere lagun, ikasle-ohi eta Santo Tomas de Villanueva Eskolako lankide eta eskola-komunitatearen aldetik jasotzen ari den omenaldiaz. Karia hortara, hilaren 4ean, hilabeteroko mezarekin batera, igandez beraz, bere omeneko ekitaldia antolatu zen Eusko Etxean eta oroigarri txiki bat eman zitzaion, lagun eta adiskideen esker oneko txalo artean, euskal komunitateak dion estimua erakutsi nahian.
2007/11/27
Argentinan Euskaraz programaren 2003-2007 planaren barruan trebakuntza jaso duten berrogei inguru euskera ikasle-irakasleek lau urte horietan lortutako mailaren arabera bi modalitate ezberdinetan jarraituko dute beraien formakuntza. Diaspora 1 taldeak orainarteko modalitatean jarraituko du bere ikaskuntza prozesua eta Argentinan trebakuntza jasoko dute, internet eta barnetegien bitartez, hurrengo urtean 1B maila lortu arte. Diaspora 2 taldeko hogeitabost lagunek, berriz, bi hilabeteko prestakuntza ikastaro bat egingo dute Euskal Herrian, Lazkaoko Maizpide Barnetegian. Euskal inguru batean jasoko dituzten klaseen bidez euskara maila hobetzeko aukera bikaina izango dute.
2007/11/26
Munduko euskal etxe eta komunitateak lanean ari dira Euskararen Eguna dela eta antolatutako ekitaldiei azken ukituak ematen. Data, berez, abenduaren 3a da, San Frantzisko Xabier ospatzen den egun bera, aurten astelehena, baina askok asteburura aurreratuko dute ospakizuna. Horixe egingo dute AEBtako euskaldunek, esaterako, larunbatean Chinoko Euskal Etxean egingo duten bestarekin. Bertan Bernardo Atxaga idazleak eta Xabier Irujo Nevada-Renoko Unibertsitateko irakasleak, euskarari buruzko hitzaldiak emango dituzte eta jarraian euskara hutsezko afari batean hartuko dute parte, Chinoko Euskal Etxean.
2007/11/26
Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea Institutuak ikasturte amaierako ohiko Euskal Festa ospatu zuen joan den azaroaren 18an. 'Immigrazioa' izan da aurten erabakitako gaia eta zenbait ekimen garatu dira horren inguruan, tartean dantzak, antzezpenak, erakusketak, baita eeskolako ikasleen gurasoek osaturiko abesbatzaren emanaldia ere, 'Lau Haizetara' dokumentalaren proiekzioak eta 'La Huella Vasca' ikusteko aukera. 350 bat ikasle eta mila bat guraso eta familiarteko bertaratu ziren, aurten Bilbon egindako Mundu Kongresuak aukeratutako eslogan berbera erabiliz: Zubigintzan.
2007/11/26
Eusko Aterpea euskal etxeak bazkari bikain batez ospatu zuen joan den azaroaren 18an bere zortzigarren urteurrena. 120 bat bazkide eta lagun bildu ziren karia hortara Gral. Rodriguez-eko Pentsiodun eta Erretiratuen Elkartearen egoitzan. Bertara agertu ziren Marcelo Coronel alkatea eta bere emazte Adelma Arguissain senadore probintziala. Izan ere, hautetsi bikoteak Juan Itcea Euskal Etxeko lehendakariari eta Francisca, "Kika" Vicente andere zuzendaritza batzordekide eta liburuzainari eskuz esku eman zieten, Buenos Aires probintziako Senatuaren izenean, 4.000 pesoko txeke bat, Euskal Etxeak, nonbait, bere egoitzaren eraikuntza lanetarako lagungarri erabiliko duena.
2007/11/24
Craig eta Pierre Bidondo anaia iparramerikarrek The Homecoming (etxeratzea) izeneko diskoa plazaratu dute eta bertan euren euskal eta norvegiar jatorriak Alaskako musikarekin nahasten dituzte. Fusio aberats hau jazz, soul, bossa, rock eta samba estiloko hamalau kantuetan bildu dute. Horiekin batera, 'euskal afari' tipiko batean bizi den giroaren grabazioak edota 'Bortian Ahuzki' izeneko euskal kantua entzun daitezke.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus