euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Xalbador eta Diaspora gaia bilgarri Urepelen; bertsolarien artean, AEBetatik etorriak, Jesus Goñi eta Manuel Basabe

31/12/2007

PUBLICIDAD

Berrehun bat jende bildu ziren joan den igandean Urepelen Xalbador Egunera, aurtengoan 'Xalbador eta Diaspora' gaiarekin. Goizez horixe gaitzat harturik eginiko mahai-inguruaz gain, arratsaldez bertso saio bereziaz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek, Andoni Egaña eta Sustrai Colinarekin batera Estatu Batuetatik etorritako Jesus Goñi eta Manuel Basabe aritu baitziren. Kontraste polita, molde, manera, doinu eta ohitura eta ezaugarri desberdinetakoak baitziren hango eta hemengo bertsolariok, baina batera oholtza beraren gainean jardunez, bertsoarekiko maitasuna bilgarri. Bertso-papera lehiaketako sariak ere banatu ziren, zinez Gipuzkoa aldera.

Berez, Xalbador Eguneko ekitaldiak larunbat gauean hasi ziren, Urepeleko Lafitte ostatuan zenbait kontalari tartean eginiko afariarekin. Otorduko partaideen artean zeuden Ugutz Robles eta anaia Irkus, Txomin Arranbide, Urepeleko egungo alkate anderea, Joxemari Iriondo, Joakin Berasategi, Itxaro eta Juan Bethart eta emaztea eta beste zenbait herritar eta gonbidatu, Xabier Euzkitze eta bertsolari gazte batzuekin batera.

Igandean, eta hamar t'erdietan meza nagusian edo Xalbadorrene ingururainoko mendi igoera txiki batean parte hartzeko aukera egin ondoren, hamaika t'erdi pasexeetan ekin zitzaion herriko eskoletan, 'Xalbador eta Diaspora' gai zeukan mahai-inguruari. Xabier Euzkitze aurkezle, bertan ziren partaide Nevada-Renoko Unibertsitateko Joxe Mallea-Olaetxe; Jesus Goñi oronoztarra, aspaldidanik Renon bizi dena; Benoit Etcheverry EuskoSare-ko Ipar Euskal Herriko arduraduna; Mikel Berekoetxea gorritiarra, Kaliforniako Chinoko euskal komunitatean bizi izandakoa; eta Joseba Etxarri, EuskalKultura.com-eko zuzendaria. Diasporako istorioez eta Diasporako Euskal Herriaren geroaz aritu ziren jendez gainezka, jarririk eta zutik zegoen aretoan batean.

Herriko plazan eskainitako dantzen erakustaldia etorri zen ondotik, Baigorriko Arrola taldeko kideen eskutik. Josemari Iriondo aritu zen mikrofonoan egunari buruz. Ipar Euskal Herriko zenbait bertsolariren emaitza libururatzen egiten ari diren ahalegina ere aipatu zuen azpeitiarrak, egun Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten duen Auspoa bilduman argia ikusi duten eta datozen egun eta hilabetetan ikusiko duten izenburuen eta bertsolarien berri emanez.

Pilotalekuan egin zen ohiko bazkari herrikoiari ekin zitzaion segidan. Bazkaldu bitartean aritu ziren kantuz Xendarineko Ahizpak, Baigorriko Asteazkeneko kantariak eta Aire ahizpak. Ondoren ekin zitzaion bertso saioari, non Euskal Herriko bi bertsolarik --Sustrai Colina eta Andoñi Egaña-- eta Estatu Batuetatik etorritako beste bik --Jesus Goñi eta Manuel Basabe, oronoztarra bata eta gernikarra bestea, aspaldidanik Nevadan direnak biak-- tranpaldo bera partekatu baitzuten. Aukera gutxi daude honelakoak Euskal Herrian ikusteko. Gehiago AEBetan. Kontraste polita, bertsoari lotutako bi mundu arras diferente adieraziz.

Azkenik, eta erromeriari eutsi aurretik, Xalbador Egunaren karietara Deiadar elkartean antolatu bertso-paper lehiaketaren emaitzan eman ziren jakitera. Helduen sailean, Gipuzkoa aldera abiatu ziren sariok: lehenengo saria Aitor Errazkini (Irun) egokitu zitzaion; bigarrena Nikolas Zendoia Aristiri (Zarautz), eta hirugarrena Jesus Lopetegiri (Azpeitia). Baxenabarreko euskaran idatzitakoa hoberena, berriz, Jean-Louis Lakarentzat (Banka) izan zen. 16 urtetik beheragokoen sailean, ostera, lehenengo saria Imanol Irazustabarrenarentzat (Alegia) izan zen; bigarrena Arantz Irazustabarrenarentzat (Alegia) eta hirugarrena Maiana Irigoienentzat (Baiona).

« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia