Sei euskal literatur aldizkarik indarrak bildu eta harpidetza bateratua sortu dute: urtean 14 ale 50 euroren truke
02/02/2005
Behinola haur eta gazte aldizkariaren bi ale
PUBLICIDAD
Harpidetza bateratuari esker, irakurleak sei literatura aldizkarion (Egan, Hegats, Beterriko Liburua, Idatz & Mintz, Behinola eta Maiatz) aleak etxean jaso ahal izango ditu, esan nahi baita 14 ale orotara, 50 euro ordainduta. Arduradunek ekimen honen helburua, elkarlana bultzatu eta aldizkariok ahalik eta jende gehiagorengana helaraztea dela adierazi dute.Euskal Herriko sei literatur aldizkariok harpidetza bateratuari ekitea erabaki dute, iazko ekainean hasitako bilera prozesua burutu eta gero. Bilera hauetan 'elkarlana bultzatzearen beharraz' konturatu ei ziren, Tere Irastorza Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak azaldurik. Harpidetza bateratua elkarlan horren lehen pausua litzateke. Aldizkari hauek harpidetza sendoa dutela-eta, zabalkunde medio horretaz probetxatzea da euren asmoa, ahalik eta jende gehiagorengana heltzeko.
Proiektu bateratu honi ekiten dioten aldizkariak ezaugarri desberdindunak dira, bai gai aldetik (batzuk haur literatura jorratzen dute, beste batzuk azterketa literario sakona...) bai eta tirada aldetik. Tiradarik apalena duena Maiatz aldizkaria da: 300 ale. Iparraldeko aldizkari honek eskuz-eskuko salmenta zuzena du, Luzien Etxezaharretak, Maiatz-en sortzaile eta arduradunaren esanetan, baina urtetik urtera salmenta kopuru finko hori mantentzea lortu du. Aldizkari honentzat, harpidetza bateratua 'ideia oso ona eta esperantzagarria' omen da.
Gainerakoek 500-800 ale inguruko tirada dute, Beterriko Liburua izan ezik, 2.100 aleko tirada baitu honek. Beterriko Liburuaren 2.000 ale Aiurri herri aldizkariaren harpidedunen artean eta Gipuzkoako Beterriko ikastetxe eta liburutegietan banatzen dira, eta gainerako 100 aleak Euskal Herri osoan harpidetza bidez.