Sareko Argia webgunea Argia astekariak argitaraturako elkarrizketen mp3-ak entzuteko aukera ematen hasi da
22/04/2006
Argia euskarazko astekariaren logotipoa
PUBLICIDAD
Sareko Argiak --Argia aldizkariaren internet bidezko bertsioak-- duela gutxi hasitako berrikuntza prozesuarekin darrai. Webgunearen formatoa goitik behera itxuraldatzeaz gain, paperezko aldizkariak eman ez dezakeen 'estra' bat dakar: elkarrizketen audio bertsioa, mp3 formatoan entzungai. Aukera polita elkarrizketatuaren ahotsa edo hizjarioa ezagutu nahi edo besterik gabe elkarrizketa bestelako bitartekorik gabe entzun edo dastatu nahi duenarentzat.Sareko Argiak bere irakurleentzako oparitto berri bat jarri du www.argia.com webgunean eta Argia aldizkarian argitaratzen diren elkarrizketetako batzuk mp3an sareratzen hasi da. Internet bidezko irakurleek elkarrizketatuen ahotsa, hizkera edo euskalkia zuzenean entzuteko aukera izango dute horrela. Munduan zehar euskara ikasle direnentzat ere, aukera ona izan daiteke entzumen praktikak egin edota gaurkotasuna duten gaien inguruan ariketak prestatzeko.
Elkarrizketak egin ahala audio fitxategiak webgunean sareratzen joango dira, elkarrizketen ondoan agertzen diren linketan eskuragarri. Momentuz eskuragarri daudenen artean Iñaki Murua, Bertsozale Elkarteko presidenteari eginiko elkarrizketa entzun daiteke, mp3 fitxategi sorta batean. Elkarrizketaren audioa
entzun nahi duenak, hemen eskura dezake zuzenean. Edo Xabier Aranguren zumaiarrarekin egindako elkarrizketa --hiriko bizitzari bizkarra eman eta Leunda Berri baserrian bizimodua eta ogibidea egitea erabaki duen gaztea berau--, hementxe entzungai.
Lotura gehigarriak
Argia astekariaren internet bidezko laguna www.argia.com