Hiru Saretak elkarteak deituta manifestazioa izango da gaur Baionan Euskarazko irakaskuntzaren alde
11/12/2004
Euskal eskola bateko ikasleak
PUBLICIDAD
Seaska, Biga Bai eta Euskal Haziak elkarteek osatzen duten Hiru Saretak manifestazioa antolatu du gaur arratsaldeko 15:00tan. Euskalgintzako herri mugimenduek eta alderdi politiko abertzale gehienek bat egin dute deialdiarekin eta jende ugari espero dute Baionako Lauga salatik abiatuko den manifestazioan. Euskarazko irakaskuntzan aritzen diren sare publiko, pribatu eta ikastolek Frantziako gobernua euskarazko irakaskuntza arloan egiten ari den diru murrizketak salatu nahi ditu honela eta euskararen aldeko eskari bateratua bultzatu. Euskarazko eta euskararen irakaskuntza bermatzeko eskari argiak egin dizkiote Gobernuari hiru sareek. Orainarte Frantziako Gobernuak hartutako erabakiak kaltegarriak direla salatu du Hiru Saretak, horien artean ikasle kopuru kritikoaren printzipioa inposatzea, horrek klaseak eta ikastetxeak ixteko arriskua baitakar.
Bere jarrerarekin Frantziako Gobernuak gizartearen eskaerei entzungor egiten diela salatu nahi dute manifestazioan. Botere publikoek berek egindako inkestetan argi ageri da gurasoek euskararen aldeko jarrera dutela. Horren adibide honoko datua: Baiona-Angelu-Miarritze hiri elkargoko gurasoen %56 haurrei euskarazko hezkuntza ematearen alde agertzen dira.
Baina geroztik ez dute gela berririk ireki irakaskuntza publikoan eta ikastolei ere ukatu egiten dizkiete behar dituzten irakasle postuak. Gizarte eskaerari aurre egiteko, euskarazko irakaskuntza mota guztien eskaintza bermatzeko eskatu du Hiru Saretak. Izan ere, 'egoera hau aldatzen ez bada, ez bazaizkio euskarazko irakaskuntzari behar diren ahalak ematen, Ipar Euskal Herrian euskara abantzu galduko da datozen 20 urteotan', diote.