euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Frantxoa Pedeflous hil da

21/02/2008

PUBLICIDAD

Berria asteazken arratsaldez heldua zaigu, e-maila medio. Frantxoa Pedeflous, Kaliforniako euskalduna, NABOko lehendakari eta Estatu Batuetako Pilota Federazioko burua izana hil da, tupustean, bihotzekoak jota. Ez zen arras gaztea, baina guztiok pentsatzen genuen oraindik urte andanatxoa gelditzen zitzaiola. Are gehiago, joan den asteburuan itxura onez eta betiko gisan San Frantziskoko Euskal Etxeko festan ikusi eta agurtu genuelarik.
Joseba Etxarri

Berri lazgarria atzo gauean iritsi zitzaigun, e-mail bat medio eta zur eta lur utzi gintuen. Frantxoa Pedeflous laguna, Kaliforniako euskaldun guztiek ezagutzen zuten pertsona, atxikia, langilea, euskaltzalea eta engaiatua hila da. Joan den asteburuan izanak ginen berarekin, San Frantziskoko Basque Cultural Centereko (BCC) 26. urteurreneko festetan.

Hirurogeita hamarrak paseak zeuzkan, eta itxura onez ikusi genuen, lagunez inguratuta, ohi bezala, San Frantziskon. Agurtu ere egin genuen, eta solas labur batzuk luzatu genizkion elkarri, betidanik izan baikenuen harreman ona, 1990ean elkar ezagutu genuenetik, Fresnoko piknikaren karietara.

Frantxoa, Frank, Francois hamaika urtez ibili zen Fresnoko 'Basque' ogia egiten eta banatzen. Fresnoko Euskal Etxeko fundatzaileetarik izan zen, eta konpainia eta euskal kluba sortu zituen bezala, Estatu Batuetako Pilota Federazioko ardatz eta ekile ere izan zen, erakunde horretako lehendakari izateaz gain. NABOko sorreran ere hartu zuen parte, eta bertako lehendakari ere izan zen.

Izan ere, NABOk 'Bizi Emankorra' saria emana zion joan den urtean, baina Euskal Herrian zegoenez, datorren abuztuko Chinoko NABO jaialdian behar zion fisikoki eman, merezi zuen omenaldia aldi berean eskainiz. Horixe aipatua zion John Ysursak joan den asteburuan San Frantziskon.

Ezin izango du izan, ordea. Geure doluminak emazteari eta familiari. Gizon ona zen Frantxoa, langilea... Sariaren izenari ohore eginez, 'bizi emankorra' izan zuen. Zauden tokian zaudela, besarkada bero-bero bat, Frantxoa. Elizkizunak heldu den larunbatean izango dira. Ordua eta xehetasunak joango dira ateratzen.


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia