Espainiako egunkari bateko kazetari batek -hemengo edizioa ere egiten du- «Egunkaria» itxi eta hurrengo egunean ARGIAko erredakziora deitu zuen. Gertakizunei buruzko erreportaje bat egiten ari zen eta guk ere Guardia Zibilaren miaketa jasan genuenez, jakin nahi zuen ea nola izan zen dena, nola sentitzen ginen eta halakoak. Kazetariok galdetzera ohituta gauden kontuak ziren. Zoritxarrez, oraingoan kazetari lanak egiten baino, elkarrizketatuak ginen ARGIAkook. Zuzendariarekin hitz egin nahi omen zuen eta harrerakoak deia zegokion pertsonari pasatu zion. «Bai, esan» erantzun zuen zuzendariak. «Pello? », galdetu zuen kazetariak, harekin hitz egingo balu moduan. «Pello atxilotua dago», erantzun zion zuzendariak.
(halaxe hasten da Argia astekariaren Egunkariaren itxierari buruzko ale berezia. Irakurtzen segitzeko, klikatu hemen)