euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

KULTURA ETA DIASPORA

12/03/2003

PUBLICIDAD

Euskal Diaspora eta Euskal Kultura uztartuz
Gogoa eta itxura gaurkotuta jaio da sarera EUSKAL KULTURA, bere izenari ohore eginez munduan zehar euskara eta euskal kultura indartu eta azkartzen ari diren lagunei lagungarri suertatu eta euskal kulturgintzari hondar-ale berri eta biziak ekartzeko asmoz.

Komunikabide izatea da EUSKAL KULTURAren xede nagusia. Europako Euskal Herrian eta munduan zehar barreiaturik dauden euskaldun eta euskaltzaleen baliabide eta zubigune bilakatu nahi dugu. Elkar gero eta hobekiago ezagutzea izan da aurreneko unetik geure lanaren lehenengo urratsa eta erronka.

Euskara eta euskal kulturarekiko atxikimendu eta arrangurak mugiarazten gaitu. Kulturgintza da gure esparrua, eta esparru horretara gure euskal izatetik abiatzen gara, indar metatzaile izateko bokazioz. Gure saio eta ahaleginak antzeko kezka eta axolak dauzkatenenekin bildu nahi ditugu, Euskal Herrian jaio edo bizi direnen ahaleginekin, baina baita bertan jaio edo bizi gabe Euskal Herria bihotzean daramaten zortzigarren probintziako euskaldunen ahaleginekin ere.

Inportantea baita guretzat zortzigarren probintzia. Euskal Herriaren bihotzean kokatzen dugu euskal diaspora, eta arras aintzakotzat hartzen munduan zeharreko euskaldunen euskal kulturarekiko eta Euskal Herriarekiko ekarri baliosa, orain artekoa zein heldu dena. Leku edo probintzia bakoitzak bere ezaugarri propioak baditu (esan beharrik ez dago ez direla elkarrekiko arras berdinak Basabürüako, Karrantzako, Arabar Errioxako, Baionako, Lazkaoko edota Erronkariko euskaldunak), era berean diasporako euskaldunek ere euren ezaugarriekin hartu nahi dute parte amankomunean daukagun euskal unibertsoan. Izan ere, EUSKAL KULTURAk itsasoz bi aldeotako eragin eta ekarriak biltzen ditu bere baitan, eta aspaldi jabetua da diasporak gure historian izan duen eta izan dezakeen garrantziaz.

Euskalgintzan engaiatutako euskaldunen topaleku eta zerbitzari izan nahi dugu beraz. Hasteko, informazioa eskainiz eta trukatuz. Konplikatua? Gatxa? Erraza? Samurra? Oztopoak gainditzeko daudela pentsatzen duten horietakoak gara. Bidea, eginez egingo dugu, ilusioz eta zeu ere gurekin bidelagun zaitugula. Hori da gure asmoa. Emendatzea beti, eta ez kentzea. Badakizu non gauden. Pentsatzen duzuna baino hurbilago. Klik bat egitea baino ez duzu.

Euskal Kultura buletinaren >Erredakzioa


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia