Atzo hasi zen Eskoriatzako Literatura Astea internet bidez segitu ahal izango da, propio zabaldutako bloga medio
15/03/2005
Roge Blasco kazetaria Literatura Astean partaide, 'Levando Anclas' saioa zuzenean bertatik eginez
PUBLICIDAD
Eskoriatzako Literatura Astea berrikuntzez jantzita etorri zaigu 'Bidaia eta Literatura' gaiari eskainitako VII edizio honetan. Alde batetik lehendabiziko aldiz egun bat Eskoriatzatik kanpo ospatu du, Arrasaten hain zuzen ere. Bestetik gertatutakoa egunez egun internetez jarraitu ahal izango da, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Komunikazioko ikasleek prestatu duten blogari esker. Bertan eguneko egitaraua, berriak eta argazkiak agertuko dira eta irakurleei literatura asteko solasaldietan parte hartzeko aukera ere eskaintzen zaie, e-mailez bidalitako galderen bidez. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Komunikazio Fakultateko ikasleek prestatu duten blogari esker heldu da sarera aurtengo Eskoriatzako Literatura Astea. Beñat Azurmendi irakasleak lagunduta sortu dute gunea, Blogger zerbitzua erabilita, eta Literatura Asteak dirauen bitartean, ikasleek berek elikatuko dute bloga.
Ez da hori Asteak bizi duen berrikuntza bakarra, lehen aldiz sortu zenetik, Literatura Astea Eskoriatzatik irten eta Arrasaten izan baitzen lehengo ostiralean. Ekitaldi berezi bat izan zen: Roge Blasco Radio Euskadiko esatariak 'Levando Anclas' irratsaioa zuzenean egin zuen Monterron jauregitik. Ana Mª Briongos bidaiari katalana zuen alboan lehengo orduan eta Ander Izagirre, Zigor Aldama, Patxi Irurzun eta Nacho Martin bidaiariak bigarrengoan, bidai literaturari buruz hizketan
Ostiraleko berriak eta argazkiak jadanik blogean daude ikusgai eta, aste honetan ere, ostiralera bitartean Eskoriatzan, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean egingo diren ekitaldien berri jaso ahal izango da bertan. Atzo astelehenez Jon Arretxe idazlea aritu zen 'Mundua zazpi koloretan' hitzaldia eskainirik. Gaur, ostera, Anjel Lertxundiren txanda heldu da, 'Literatura beti bidaia baita' mintzaldiarekin.
Asteazkenean, berriz, Harkaitz Cano izango da protagonista, 'New York: gosaria diamanterik gabe' gaiari helduz; ostegunean Patxi Zubizarreta, Jabier Muguruza, Txema Garcés eta Joseba Loinaz izango dira, '28 letra eta 7 nota munduaren itzulia egiteko' eztabaidan. Bukatzeko ostiralean Fakultateko ikasleek eskainita, 'Hitzak lagun, bidaia dezagun' hitzaldiak itxiko du Literatura Astea.