euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Bi gerren oihartzuna 1936-45

Euskal-amerikar familiak 'Rei no Hi'n Okinawako guduaren 81 urtera

2026/06/14

Duela aste batzuk, Bigarren Mundu Gerran (BMG) hil ziren euskal jatorriko soldadu iparramerikarren familia batzuk “Fighting Basques” ikerketa proiektua daraman Sancho de Beurko Elkartea (BMG) kontaktatu zuten, euren familiarrei buruko galderekin. Gauza da, elkarte bilbotar honek bere lana hasi arte ezer gutxik iraun zuela hamarkadak eta gero familien memorian, gerra tarte hartan ehundaka euskaldun eta euskal jatorrikoek izandako partaidetzaz izen batzuez eta oroitzapen solte batzuez gain.

BIGARREN MUNDU GERRAN (BMG) parte hartu zuten euskal-estatubatuarren seme-alabek eta ondorengoek jakin nahi dute, eta omenaldia egin nahi diete urte nahasi haietan demokrazia defendatzen eta totalitarismoaren erasoaren aurkako borrokan lagundu zuten euren senideei. Prozesu eta defentsa horrexek berak eramango ditu berehala Okinawara, izen bereko guduan eta ondoko egunetan hil ziren sei euskal-estatubatuar soldaduen familiak. Lehen aldiz hartuko dute parte 'Okinawa Oroimen Egunean' —Irei no Hi (慰霊の日)— solemnitate izugarri handiz bertan urtero ospatzen den oroitza egunean, ekainaren 23an.

Pedro J. Oiarzabal doktorea "Fighting Basques" (euskal gerlariak) izeneko proiektuko ikertzailea da, eta partaide izango da urtero Okinawako bizitza geldiarazten duen ekitaldi esanguratsu honetan 2026an, Sancho de Beurko eta NABO Ipar Amerikako Euskal Erakundeen Federazioko ordezkari. Okinawari lotuta bizitza galdu zuten sei euskal-amerikar soldaduak Lawrence Amoriza, Alejandro Itcea, Dominique Laxague, Felix Ordoquihandy, Steven Sahargun eta Joseph Uriola izan ziren.

Gudutik laurogeita bat urte igaro ondoren, bidaia hau oroitzapenezko bisita bat baino askoz gehiago da. Familiei, euren maiteen bizitzak tupustean amaitu ziren lekura bidaiatzeko aukera eskaintzen die, egun eta zeremonia berezi honetan, familien memoria BMGri lotutako oroitzapen eta adiskidetze gune garrantzitsuenetako batekin lotuz. Urtero Bakearen Cornerstone delakoan egiten den 'Irei no Hi'k Okinawako guduaren amaiera oroitzen du —Gerrako azken kanpaina nagusia eta suntsitzaileenetako bat— eta gertakari ikaragarri hartan bizia galdu zuten 240.000 pertsona baino gehiago omentzen ditu, horien artean 14.000 estatubatuar baino gehiago, eta gutxienez 100.000 okinawar zibil, euren izenak banan bana monumentura zizelkatuta ekarriak.

Oroitzapenetik gizaki arteko konexiora

Bidaia honen aurrekaria 2023ko abenduan dago, Pedro J. Oiarzabalek berak Okinawa-ra bidaiatu zuenean, Sancho de Beurko eta NABO euskal elkarte iparramerikarraren babesean, Bigarren Mundu Gerran Pazifikoko Frontean hil ziren soldadu euskal-amerikarrei lehenengo omenaldia egin eta agintari okinawatarrekin eta bertako erakundeekin harremanbidea ezartzeko

Izan ere, “Fighting Basques: Bigarren Mundu Gerraren Oroimena” ikerketa-proiektuaren baitan egindako aurreneko bidaia harek, bide bat hasi zuen Okinawako 'Peace Memorial Park' eta 'Cornerstone of Peace'ri lotutako erakundeekin, geroztik garabidea hartu duen harremanbide emankorra markatuz.

Denborarekin, oroitzapen ekintza soil gisa hasi zenak dimentsio sakonagoa eta pertsonalagoa hartzen joan da.

Familia batzuek, urteetan zehar ia galdu eta desagertzat zeuzkaten istorioekin berriro konektatu ziren, eta Okinawa, Euskal Herria eta diaspora euskal-amerikarraren arteko lotura berriak sortu zituzten.

Lan honen barruan, sei soldaduetako bat den Felix Ordoquihandy marinearen izena, oraindik Cornerstone of Peace-n zizelkatua ez zegoena, ofizialki zizelkatu dute ekainaren 23ko oroitzapen zeremonien aurretik. Horrez gain, Alejandro Itcearen inskripzioa eguneratu egingo da, bere izena oroigarrian zuzen ager dadin.

Monumentuari egingo zaion emendatze eta ekarpen honen harian, familia eta ikertzaileen euskal ordezkaritza bat izan da propio gonbidatua 2026ko ekitaldira, munduan bakeari, oroitzeari eta adiskidetzeari eskaintzen zaion urteko gertakari garrantzitsuenetalkoa den Irei no Hi-k izango duen lehenengo euskal partaidetza formala izanik.

Okinawako egonaldian, Oiarzabal doktorea partaide izango da, Bigarren Mundu Gerratik zortzi hamarkada pasexe iragan diren honetan, oraindik ere diasporaz, memoria historikoaz eta lotura pertsonalez gertatzen segitzen duten bilera, topaketa eta solasaldietan.

Sei bizitza gazte

Ez ziren talde bat bilakatu eurak hala erabakita, gerraren zirkunstantzien karietara baizik.

Hauek euren izenak: Lawrence Amoriza, Alejandro Itcea, Dominique Laxague, Felix Ordoquihandy, Steven Sahargun eta Joseph Uriola. Euren bizitzak Okinawan gurutzatu zituzten sei soldadu euskal-amerikarrak izan ziren.

Euretako bost, XX. mendearen lehen hamarkadetan Amerikako Mendebaldean bizitza berri bat eraikitzeko Estatu Batuetara iritsitako euskal etorkinen semeak ziren. Seigarrena etorkinen biloba zen. Euren familiak Euskal Herriaren bi aldeetatik zetozen: Bizkaikoak eta Nafarroak ziren, Hegoaldean, eta Nafarroa Beherekoak eta Zuberoakoak Iparraldean.

Kalifornian eta Idahon hazitakoak, landa-komunitateetan, etxaldeetan eta migrazioak eta lan gogorrak markatutako herri txikietan.

Lau, Estatu Batuetako Armadako infanteria unitateetan aritu ziren. Bi, marineak ziren. 1. Marine Dibisioko 5. Erregimentukoak, Pazifikoan gehien hedatuko zuten unitateetako bat.

Bazegoen aurretik Pazifikoan borrokatutakorik, hala baitzen Aleutiar uharteetatik Kwajalein, Leyte, Tarawa eta Saipanera ibilitako Joseph Uriola, Boisekoa (Idaho). Hainbat kanpainatan parte hartu zuen eta Brontzezko Izarra jaso zuen Filipinetan kide baten bizitza salbatzeagatik. Steven Sahargun, Bakersfieldekoa (Kalifornia), gerrako eszenatoki gogorrenetako batzuetan borrokatu zen Okinawa iritsi aurretik.

Felix Ordoquihandy, San Frantziskoko marinea, bizirik ateratakoa zen Pazifikoko borroka gogorretatik, Okinawa barne, baina ez zen borrokan hil. Gudua amaitu ondoren itsasoan izandako istripu tragiko batean hil zen. Bere gorpua ez zuten sekula berreskuratu.

Beste batzuk batere borroka esperientziarik gabe iritsi ziren Okinawa-ra.

Dominique Laxague, Lawrence Amoriza eta Alejandro Itcea zuzenean Bigarren Mundu Gerrako eszenatokirik bortitzenetako batera bidalitako soldadualdi bateko parte izan ziren.

Eurentzat Okinawa izan zen lehenengo gudua. Eta azkena.

Batez beste 21 urte pasexe baino ez zituzten hil zirela.

Lawrence Amoriza eta Alejandro Itcea bi gazteenak eta esperientzia gutxien zeukatenak ziren, eta euren istorioek, sei izen hauen atzean dauden bizitzak ulertzen laguntzen digute.


Lawrence Amoriza marineak A Konpainian zerbitzatu zuen, 1. Batailoian, 5. Marine Erregimentuan, 1. Marine Dibisioan (argazkia Amoriza familia)

Lawrence Amoriza 1925ean jaio zen Pocatello, Idaho-n, Bizkaiko landa eremuetatik etorria zen euskal etorkin familia baten baitan.

Bere aita, Tomás “Thomas” Amoriza Zubero, 1916an iritsi zen Estatu Batuetara hemezortzi urte zituela. Bere ama, Asunción Guerricagoitia Bengoechea, urte batzuk geroago iritsi zen. Belaunaldi hartako hainbat euskal familia bezala, baserri lanetan eraiki zuten beren bizitza amerikarra, lehenik artzain gisa, gero nekazari.

Lawrence oraindik haurra zela, ama hil zitzaion. Aita Kaliforniara aldatu zen familiarekin, eta han nekazari gisa jaitu zuten, lurra lantzen.

1940. hamarkadaren hasieran, Lawrence nekazaritzan ari zen lanean bere aita eta anaiekin batera.

18 urterekin, armadara deitu eta Estatu Batuetako Marineen Gorputzean sartu zuten. 1945eko apirilerako, Okinawan zegoen kokatuta, 1. Marineen 1. Dibisioko parte.

Lawrence 1945eko maiatzaren 1ean hil zen borrokan, bere unitatea Awacha (Ahacha) Pocket deitzen zuten eremuan izan ziren borroka gogorretan ari zela, Ahacha (安波茶) herriaren hegoaldean. 19 urte zeuzkan.

Bere anaia Thomas, Estatu Batuetako Armadako Aire Indarretan sartua zen 1943an, eta ohorezko lizentzia eman zioten 1946an. Gerratik bizirik atera zen.


Alejandro Itcea lehen klaseko soldaduak E Konpainian zerbitzatu zuen, 306. Infanteria Erregimentuan, 77. Infanteria Dibisioan (argazkia Itcea familia)

Alejandro Itcea 1922an jaio zen Walnut-en, Kalifornian, Nafarroatik etorritako etorkinen familia batean. Bere aita, Pablo Itcea Ariztia, 1911n iritsi zen Estatu Batuetara. Bere ama, Paulina Zualet Ithurria, 1920an.

Bere familiaren abeltzaintzan eta garagar-soroetan lanean hazi zen. La Puente institutuan graduatu zen 1942an. Bertako neska batekin ezkontzeko hitzemana zen, eta bere belaunaldiko hainbeste gazte bezala, gerrak eten egin zion bizitza.

1944an, AEBko armadan eman zuen izena.

Handik gutxira, atzerrira bidali zuten, lehenik Hawaiira, gero Saipan-era eta azkenik Okinawa-ra.

1945eko maiatzaren 30ean, oso baldintza gogorretan izandako borroka bortitzetan zauritu zuten eta hauen ondorioz hil zen.

22 urte zituen.

Brontzezko Izarrarekin saritu zuten hilostean.

Okinawatik haratago doan esanahia

Baina Okinawan ekainaren 23an gertatuko den zeremonia ez da iraganari lotutako oroitzapen soil bat.

Zentzu askotan askoz sakonagoa den zerbait islatzen du: gizakiaren beharra izenak bizitzekin berriro lotzeko, familiak euren historiarekin, eta memoria, denboran zehar transmititzen jarraitzen duten pertsonekin.

Sei euskal-iparramerikar hauen familiakoentzat, Okinawara bidaiatzeak zeremonia ofizial bat baino askoz handiagoa den zerbait adierazten du. Beren historiarekin berriro konektatzea, kasurik onenean partzialki baino transmititu ez zietena eta maite zituztenek bizitzako azken uneak bizi izan zituzten lekua ezagutzea, familiako istorio zaharrak zerbait ukigarri eta sakonki pertsonala bihurtzea.

Okinawak sakonago doan zerbait gogoratzen baitigu.

Azken hamarkada honetan Sancho de Beurko Elkarteak NABOrekin lankidetzan garatu duen "Fighting Basques: Memory of World War II" ikerketa-proiektuak Bigarren Mundu Gerran AEBko Indar Armatuetan eta Merkataritza Itsas Armadan aritu ziren euskal jatorriko 2.160 gizon-emakumetik gora identifikatu ditu.

Okinawarekin lotutako sei soldaduok istorio askoz zabalago baten parte dira, emigrazioak, gerrak, sakrifizioak, familiak banatzeak, biziraupenak eta memoriaren ondare iraunkorrak markatutako istorioak...

Okinawa ez da kapitulu isolatu bat. Denborarekin desagertzeko arriskuan dauden istorio pertsonalak berreskuratzeko eta historia partekatua gordetzeko eta argitara ekartzeko etengabeko ahalegin garrantzitsu baten parte da.

Izpiritu horrexek berak gidatzen du Nevadako Gardnervillen argia ikusteko ahaleginean den "National Basque WWII Veterans Memorial" (BMGko Euskal Beteranoen Memorial Nazionala) ekimena. NABO Ipar Amerikako euskal elakrteen federazioa lankide, Estatu Batuetan Bigarren Mundu Gerrako beterano euskal eta euskal-iparramerikarrei eskainitako lehen monumentu nazionala izango da.

Milaka kilometro daude tartean, baina Okinawako Cornerstone of Peace eta Gardnervilleko monumentuak helburu bera dute funtsean: ekiditea gerra bizi izan zutenak estatistikak, datak edo ahaztutako izen hutsak bihurtu eta ahanzturan desagertzea.

Familiak ekainaren 23an Okinawan elkartzeko prestatzen ari diren honetan, agian garrantzitsuena ez da oroitzapen ekintza bera bakarrik, baizik eta istorio hauek esanahia dutela konturatzea, orainaldian bizirik dauden pertsonei, familiei eta oroitzapenei lotuta jarraitzen dutelako. Gure historiaren parte dira, Estatu Batuetako gure euskaldunen historiaren parte diren ezkero.

Estatu Batuetako "Bigarren Mundu Gerrako Beteranoen Oroimen Nazionala" eraikitzea, memoria hori bizirik mantentzeko konpromisoa duten familien, erakundeen, instituzioen eta pertsonen laguntzaren menpe dago: gure memoria eta Estatu Batuetako egungo euskal komunitatearen aurreko belaunaldia da gomutatu eta ohoratu nahi dena.

"Izan zirelako gara, izan garelako izango dira", dio esaerak.

Memoriala bere historia gordetzeko eta gure aurrekoen sakrifizioari omenaldi iraunkor bat egiteko konpromisoa hartu nahi duen komunitate baten adierazgarri da. Proiektua bolondres lanaren emaitza da eta komunitateari eskatzen dio partaidetza. Kanpaina irekia da, euskaldunek auzolana deitzen dugun hori, gaur egun 'crowdfunding' bezalako izen ponpoxoarekin berbataiatua.

Bidea falta zaigu oraindik. Zure ekarpena, gure jendearen eta gure erakundeen ekarpena, beharrezkoak dira oraindik.

Zure hondar alea jarri nahi baduzu, hemendik egin dezakezu. Eskerrik asko.



hurrengoa »
Sancho de Beurko Elkartea

Sancho de Beurko Elkartea

Bi gerren oihartzuna, 1936-1945 blogaren helburua XX. mendearen zati handi baten bilakaera definitu zuten bi gerrotan gure herrikideek izan zuten partaidetzaren ezagutza zabaltzea da. Sancho de Beurko Elkarteak ahanztura eta anonimotasunetik atera nahi ditu Pirinio bi aldeetako Euskal Herriko herritarren memoria historikoaren ardatza osatzen duten milaka pertsonak, baita bertako emigranteen eta ondorengoen diasporenak ere, arreta berezia jarriz 1936tik 1945erako tarteari.

Egileak

Guillermo Tabernilla Sancho de Beurko Elkarteko ikertzaile eta sortzailea da. Irabazi asmorik gabeko erakunde honek Euskadi eta Nafarroako biztanleen historia aztertzen du Espainiako Gerra Zibilean eta Bigarren Mundu Gerran. Gaur egun, bertako idazkaria eta community managerra da, baita Saibigain aldizkari digitaleko editorea ere. 2008 eta 2016 artean Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendaritzarako Burdin Hesiaren katalogoa zuzendu zuen eta, Pedro J. Oiarzabalekin batera, Fighting Basques proiektuko ikertzaile nagusia da, NABO Ipar Ameriketako Euskal Federazioa lankide, Bigarren Mundu Gerrako euskaldunak aztertzen dituen memoria-proiektu honetan.

Pedro J. Oiarzabal Zientzia Politiko-Euskal Ikasketetan doktoretza egin zuen Nevadako Unibertsitatean, Renon (AEB). Bi hamarkadatik hona, bere ikerketa eta aholkularitza lanek politika publikoen alorra (herritarrak kanpoan eta itzuleran), diaspora eta teknologia berriak, eta memoria sozial eta historikoa (ahozko historia, migrazioa eta erbestea) hartu dute ardatz, arreta berezia jarrita euskal kasuan. Hogeitik gora argitalpenen egile da. Blogak, EITBko 'Basque Identity 2.0' eta EuskalKulturako 'Diaspora Bizia'. Twitterren, @Oiarzabal.

Josu M. Aguirregabiria Sancho de Beurko Elkarteko ikertzaile eta sortzailea da. Baita bertako lehendakaria ere. Arabako Gerra Zibilean aditua, gai horrekin lotutako hainbat argitalpenen egile, besteak beste, 'La batalla de Villarreal de Álava' (2015) eta 'Seis días de guerra en el frente de Álava. Comienza la ofensiva de Mola' (2018).

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia