euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Estatu Batuetako euskal etxeak abenduan zehar ari dira ospatzen Eguberri Bestak, Olentzero edo Santa gonbidatuz

2021/12/07

AEBko Eguberri Besta aurreratuetako batzuk bildu ditugu artikulu honetara. Irudian, Boiseko Olentzero eta SFO Eguberri Besta afixa
AEBko Eguberri Besta aurreratuetako batzuk bildu ditugu artikulu honetara. Irudian, Boiseko Olentzero eta SFO Eguberri Besta afixa

PUBLIZITATEA

San Frantzisko, AEB. Ohikoa da munduan barrena euskal etxe eta elkarteek aurreratzea euren Eguberri Bestak eta Olentzero edo Santa Claus gonbidatuta antolatu ohi dituzten jai eta topaketak abenduan zehar egitea. Amerika osoan eta gure diasporan oro har honela gertatu izan da aspalditik eta aurten ere hala egingo dute, esaterako, Estatu Batuetan San Frantzisko, Bakersfield eta Chinoko euskal etxe kaliforniarrek, Utahko Salt Lake Citykoek edo New Yorkeko Euzko Etxekoek, besteak beste.

Hari horri eutsiz, joan den igandean Olentzerok Boiseko Euzkaldunak-en egoitza bisitatu zuen, 'Boiseko Gazteak' eta 'Txantxangorriak' taldeen urteroko emanaldi eta festaren eskutik. Koronabirusa dela eta, emanaldia eta Gabonetako Jaia kanpoan egin ziren. Olentzerok Mateo Franzoiak hezurmamitu zuen eta bertaratu zirenak loritu ziren. Bigarren bisita bat ere iragarri du Boisera, abenduaren 17an, kasu honetan Boiseko Ikastolako haurrei bisita eginez.

Datorren larunbatean, abenduaren 11ean, Utah Basque Clubek egingo du Salt Lake Cityn 2021eko bere Eguberri Festa, 18: 00etatik aurrera. Parte hartzaile bakoitzak jakia, entsalada edo postreren bat ekarri beharko du, afaria partekatua izango baita. EEko kuota ordaindu duten bazkideek doan izango dute ekitaldia; ez direnek 6 dolar sarrera. Bazkide egin nahi baduzu, bertan egin ahal izango duzu: 20 dolar ordainduz (familiako), 10 dolar (banakako). Utah 'ko Triskalariak taldeak kontzertua eskainiko du.

Kalifornian, Bakersfield herriko Kern County Basque Club-ek (KCBC) bertako familia eta lagunak datorren iganderako deitu ditu baita ere, abenduaren 12an, Gabon Besta bere egoitzan ospatzera. Ekitaldia eguerdia baino lehentxeago hasiko da: 11:30etan kantina irekiko da aperitiboa hartu nahi dutenentzat. Ondoren, 12:30etatik aurrera, bazkari herrikoia egingo da, helduentzako 25 dolarreko prezioan, 20 dolar haurrentzat eta 30 kide ez direnentzat

Arratsaldean gaztainak eta sagardoa zerbitzatuko dituzte eta Santa Claus etorriko da bisitari. Euskal Etxeko dantzariek pastelak saltzeko postu bat irekiko dute. Jende asko irrikaz ari zaio igurika hitzordu honi, koronabirusa hasi zenetik KCBCeko lehenengo familia-topaketa baita denbora luzean. Parte hartu nahi duenak Maria Torettari idatzi edo Joey Iturririari behar dio deitu 393 3165 telefonora, ahal izanez gero abenduaren 8a baino lehen.

San Frantziskon ere datorren igandean, 12an egingo du bere Eguberri Besta Gure Euskal Etxeak, Basque Cultural Center-ek. Nahi duenak Aita René Iturbek emandako Gabonetako mezarekin emango dio hasiera egunari, Elgarrekin abesbatza partaide. Ondoren, txikiek jaiotzaren ohiko antzezpen biziduna gauzatuko dute. 12:30ean bazkari herrikoia eta harrera Santa Clausi. Ikus flyerra.

New Yorken, Euzko Etxea of New York (EENY) elkarteak abenduaren 18an, larunbata, egingo du bere Eguberri Festa, 19:00etatik aurrera elkartearen egoitzan. Eguberrietako giroari San Tomas ospatzea eta urteari agurra emateko saioa gehituko zaizkio, eta ez dira faltako janaria, edaria, gabon kantak, Olentzerori kantatzea eta txikienek haren opariak jasotzea. Data horretan hirian bazaude, jar zaitez harremanetan nyeuzkoetxea2013[@]gmail.com helbidean, parte hartu nahi baduzu, ahal dela abenduaren 13aren aurretik.

Kaliforniako Chinon, abenduaren 19an, igandea, izan da Chino Basque Clubek bere kide eta lagunei urtero egiten dien gonbitea luzatzeko eguna. hemen ere bere egoitzan izango da, Gainerakoetan bezala, haur, gazte eta helduentzako besta izango da, alaitasuna, kantua, musika, opariak eta ilusioa partekatua bezalako osagaiekin, mahai on baten inguruan, balioak, ohiturak, familiaren maitasun eta berotasuna eta elkartasuna belaunaldi arteko lagun eta motore.

Hitzordu gehiago Diasporaren Agendan. Zure euskal etxe edo kolektibitatearena ikusten ez baduzu, idatzi mesedez informazioarekin info[@]euskalkultura.eus-era.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia