Aretxabaletako Akordeoi Orkestrak Valle de Bravon hasiko du larunbat honetan, Mexikora egingo duen bigarren bira
2007/10/30
Aretxabaletako Akordeoi Orkestrako zenbait kide. Datorren asteko larunbatean Querétaron amaituko dute euren bigarren bira mexikar hau.
Taldea Valle del Bravo, Tepozotlán eta Querétaro herrietan arituko da, besteak beste, Mexikora egiten duen bigarren bira den honetan. Aretxabaletatik iritsiko den espedizioak 27 partaide izango ditu eta errepertorioari dagokionez oso mota ezberdineko musika moldeak eskaintzeko asmoa ekarri du. Duela hiru urte egin zuen Akordeoi Orkestra bere aurreko bidaia mexikarra, arrakasta handiz musikalki zein Diaspora eta Mexiko bera ezagutzeari dagokionez.
Mexikoko birako lehenengo kontzertua datorren larunbatean eskainiko dute, Valle del Bravo-n, arratsaldeko bostetan. Biharamunean aretxabaletarrak Tepozotláneko Virreinato museoan arituko dira arratsaldeko ordubatean eta asteazkenean, berriz, Unibertsitate Autonomo Nazionalean, iluntzeko zazpitan. Musika Eskola Nazionalean eta Euskal Etxean ere eskainiko dute euren musika. Querétaro-n eskainiko dute, azkenik, bira honetako azkeneko emanaldia, datorren asteko larunbatean, azaroaren 10ean, Hotel Misión Querétaro-ko Siglo XVI aretoan iluntzeko zazpietan.
Aretxabaletako Akordeoi Orkestrak eskaini ohi duen errepertorioa zabala eta anitza da eta hainbat estilo lantzen dituzte, eskusoinua eremu ugaritara egokitu daitekeela erakutsiz. Orkestrako partaideak hamalau eta hogeita lau urte bitarteko hogeitik gora gazte dira. Urteetan zehar egindako lanari esker talde egonkorra izatea lortu dute eta sari ugari bildu dituzte horren adierazgarri.
Orain artean bisitatu dituzten herrien artean aipa daitezke Finlandia, Italia, Jugoslavia, Alemania eta Danimarka. Taldeak 2006ko uztailean grabatu zuen bere lehenengo diskoa, Holst, Götz eta Piazzola bezalako musikarien lanez. Honakoa Mexikora egingo duten bigarren bidaia da, 2004an gauzatu zutenaren ondotik. Oso gustu ona utzi zien aurrekoak, musikalki zein Diasporarekin eta Mexiko berarekin hasitako harremanei dagokienez.
Lotura interesgarriak
Mexiko DF-ko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com
Orkestraren 2004ko biraren erreferentzia
www.centrovascomexico.com wengunean
Aretxabaleta-ko (Gipuzkoa) Udalaren webgunean
www.aretxabaleta.com
Ezin izan da datubase zerbitzariarekin konektatu.Error :