2008/07/21

Astebeteko eromenaren ostean normaltasuna bueltatu egin da Iruñeko kaleetara, baina Diasporatik nafar santuaren omenez egindako ospakizunen berri iristen zaigu oraindik. Montevideoko (Uruguai) Haize Hegoa Euskal Etxeak, adibidez, ez zuen jai ospetsuaz gozatzeko aukera galdu nahi izan eta 'San Fermin Taberna' izeneko topaketa antolatu zuten. Bertan euskal etxeko kide eta lagunek euskara praktikatu eta elkarrekin afaldu zuten eta gazteenek gezurrezko zezen batekin 'entzierroa' egin zuten, oihu eta algara artean.
Gehiago irakurri...
2008/07/21

Andres de Urdaneta itsasgizonaren jaiotzaren 500. urteurrena betetzen den honetan, ekitaldi ugari egiten ari dira bere omenez Ordizia jaioterrian. Iragan ostegunean, esaterako, Mikel Urretabizkaiak zuzendutako 'Urdanetaren sekretua' dokumentala aurkeztu zuten proiektuan parte hartu duten udal arduradun, babesle eta lankideentzako emanaldi berezian. Gaur estreinaldi ofiziala egingo da herriko jendearentzako. Filmak ordubete irauten du, adituei eginiko elkarrizketak eta Urdanetaren bizitzako pasarteen eszenifikazioak uztartuz. Bertan jasotzen dira Andres de Urdanetak itsasoan bizi izan zituen ekintza gogoangarriak, Carlos V.a enperadorearekin eta haren seme Felipe II.a erregearekin izan zuen harreman estua, eta ordiziarrari historian lekua eman zion 'Tornaviaje' bidearen aurkikuntza, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2008/07/21

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa taldea, Basilio Sierra irakaslea gidari, Tartalo robota ari da lantzen. Proiektu berritzaile honen helburua, robota agindutako edozein lekura joan dadin lortzea da, makinaren autonomia areagotuz. Orain arte robotak ateak identifikatzea lortu dute eta itxita badaude, bi edo hiru aldiz jotzen du atean. Robotaren izena euskal mitologiako Tartalo erraldoitik dator, robotak kamera (begi) bakarra erabiltzen baitu pasabideetan zehar bere kabuz mugitzeko. Ikertzaile taldeak Marisorgin sortu zuen duela urte batzuk, posta banatzen duen robota.
Gehiago irakurri...
2008/07/20

Mozilla Fundazioak Firefox 3 doaneko nabigatzaile ofiziala merkaturatu zuen iragan ekainaren 17an. Interneteko tresna berriak euskarazko bertsioa ere badakar eta sortzaileek munduko Guinness errekorra lortzeko asmoarekin sareratu zuten, egun bakarreko software deskarga gehien lortu nahi zutelarik. Arduradunen webgunean aipatzen denez, marka berria finkatu dute, 24 ordutan mundu osoan zehar zortzi milioi deskarga baino gehiago lortu ostean. Momentu honetako kopurua 31.715.000 ingurukoa da orora eta Estatu Batuetan deskargatu dira programa gehien. Espainiar estatuan (Hego Euskal Herria barne) 915.000 deskarga egon dira. Frantzian (Iparraldea barne), berriz, 1.100.000 ingurukoa da kopurua.
Gehiago irakurri...
2008/07/19

Urteurren afari herrikoi batek ipiniko dio gaur azkena Mar del Platan, aste osoan herri argentinar honetako 'Denak Bat' Euskal Etxearen 65. urtebetetzea ospatzeko antolatutako Kultur Asteari. 'Euskal-argentinar anaitasunezko Afari Handia' deitu duten oturuntzak Mar del Platako 'Beti Alai' Dantza Taldearen partaidetza bilduko du eta joan den astelehenean Moreno 3440 kaleko euskal egoitzan Euskal Herriari buruzko dokumental baten proiekzioarekin eta 'Teyu Cuare' trinketean abiatutako '65. Urteurren' pilota norgehiagoketarekin hasitako ospakizunen gailurra markatuko dute.
Gehiago irakurri...
2008/07/19

Obanosko herri osoaren ahalegina da 'Obanosko Misterioa'rena. Aurten, Santa Feliziaren martirioa eta San Gilenen penitentzia gaur antzeztuko dute lehen aldikoz Obanosko (Nafarroa) herritarrek eta hilaren 26a arte egunero antzeztuko dute herriko 400 lagunek baino gehiagok. Javier del Cura zuzendari, Xabier Olza iruñarrak eginen du Gilenena eta Noemi Alcala obanostarra izango da Felicia. Gaur gaueko hamarretatik goiti ikusi eta sentitu ahal izango da Obanosen. Irene Arrizurietak sinatzen du artikulua Berrian.
Gehiago irakurri...
2008/07/18

Renoko euskal komunitateak urteko jai handienetako batez gozatzeko aukera izango du asteburu honetan, herriko Euskal Jaialdia antolatu dutelako Zazpiak Bat Euskal Etxekoek. Jaiaren 41. edizioa da aurtengoa eta ohi bezala hitzordua Wingfield parkean izango da. Bertan egun osoan zehar euskal kultura, dantza eta musika erakustaldiak egingo dituzte eta gosea duenarentzat ez da euskal-amerikar kutixiarik faltako. Jaiari bukaera emateko Boiseko Amuma Says No taldeak kontzertua eskainiko du Santa Fe euskal jatetxean egingo den erromerian.
Gehiago irakurri...
2008/07/18

Urtebetea zeraman Maral Taldeak agertokietara igo barik, eta zaleak biziki itxaroten zuten berriz taularatzeko kontzertua. Eguna, joan den uztailaren 8a izan zen, Arrecifeseko Euskal Etxean. Taldearen marka den estilo desberdinetako errepertorio zabala entzuteko hainbeste gogoa zuen Arrecifeseko jendeak emankizun batekin ez zela nahikoa izan eta biharamunean --uztailaren 9a, Independentzia argentinarraren eguna-- emankizun berri bat egin zuten Maralekoek. Bi emanaldien artean, berrehun bat ikusle elkartu ziren euskal etxearen tabernara Maralekin batera abestu eta dantza egitera.
Gehiago irakurri...
2008/07/18

Emate ekitaldia joan den ostiralean izan zen. Komunitate euskal-argentinarra bitartekari, Eusko Jaurlaritzak fresatzeko makina bat --lan-pieza baten azaletik metala kentzeko askotariko ahoak erabiltzen dituen tresna-- eman dio Carlos Casares herri argentinarreko Eskola Teknikoari. Dohaintza ekitaldian bertako arduradunek, zentroko ikasleek zein irakasleek eta Carlos Casares-ko Euskalduna euskal etxeko ordezkariek hartu zuten parte. Cesar Arrondo ikertzaileak egin zituen, ikasleei laguntza handia emango dien lan-tresna garrantzitsu honen ekimena eskertzeko hitzak.
Gehiago irakurri...
2008/07/18

Iritsi da eguna eta gaur estreinatuko dute Nevada-Reno Unibertsitate (UNR) estatubatuarrean bertako Euskal Liburutegiaren eta Euskal Ikasketa Zentroaren egoitza berria, Unibertsitatearen Renoko kanpusean bertan baina 'Mathewson-IGT Knowledge Center' delako eraikin eraiki berri modernoaren baitan. UNR Unibertsitatean berrogeita bat urtetik gora eginak dituen euskal adarrak 'Getchell Library' delako liburutegi eta eraikinaren barnean izan dute orain artean bere egoitza. Ez dute telefono zenbakirik aldatuko baina egoitza fisikoa eraikitzen amaitu berria den eraikin moderno dotorea izango dute aurrerantzean Nevada-Renoko Euskal Liburutegiak eta Euskal Mintegiak. Publiko orokorrarentzat abuztuaren 11ean zabalduko da eraikina.
Gehiago irakurri...