2008/08/05

Ugaltzen ari diren eskakizunei erantzunez, Eusko Jaurlaritza fresatzeko makinen dohaintza egiten ari zaio tokiko euskal etxea medio hala eskatu duen Argentinako eskola teknikori. Honela gertatu da azken asteotan Chascomus, Saladillo, Las Flores eta Carlos Casaresen. Pergaminori dagokionez, emate ekintza ofiziala uztailaren 18an egin da. Lagun Onak-eko agintariak, FEVAko idazkaria eta Cesar Arrondo kudeaketaren bideratzailea bertan zirela eman zitzaion tresna Pergaminoko 1 zenbakidun Eskola Teknikoari. Ekitaldia bukatuta, bildutakoak euskal etxeak urtero eratzen duen ‘Eusko Azoka’-ra murgildu ziren.
Gehiago irakurri...
2008/08/04

Amaiur dantza talde iruindarra gaur bertan abiatuko da Eskozia aldera, Edinburgh-era zehazki, urtero hiri honetako kaleak dantza, musika eta antzerki emanaldiz betetzen dituen Edinburgh Fringe Festival jaialdian parte hartzeko. Bidaiak gainera arlo oso berezia izango du, taldeak eskainiko dituen emanaldietako batzuk garun paralisia duen 16 urteko neska eskoziar bati unibertsitatean ikasketak egiteko dirua biltzen laguntzeko izango dira eta. Honez gain Amaiurrek eskoziar dantza talde batekin batera dantza ikastaro-tailerra egingo du, elkarri bakoitzak bere dantzak erakutsiz.
Gehiago irakurri...
2008/08/04

Hamaika Bide elkarteak edukin berriak aurkeztu ditu bere webgunean, beti ere erbesteko euskaldunen historia eta ekarpenak ezagutzera emateko lanetan. Azken berritasunen artean webguneak Sebastian de Amorrortu (Bilbo, 1867-Buenos Aires, 1949) euskaltzale handiaren biografia dakar, 'Hileko pertsonaia' atalaren barruan. Beste edukin batzuk ‘Ernestina de Champourcin-Carmen Conde. Epistolario. 1927-1995’ liburuaren aipamena edo Ameriketan ibilitako bi lekeitiarren testigantzak dira.
Gehiago irakurri...
2008/08/04

Elkarteko arautegiak agintzen duenari jarraiki, hauteskundeak egin berriak ditu Buenos Aires probintziako Mar del Plata hiri argentinarreko 'Denak Bat' Euskal Etxeak. Uztailaren 26an eginiko Ohiko Batzar Orokorrak hartutako erabakiei segituz, hilaren 29an egindako bilerak datorren agintealdian elkartea gobernatuko duen Zuzendaritza Batzordea izendatu zuen, Jose Martin Azarloza lehendakari, Ana Maria Irigoyen eta Horacio Ayesa lehendakariorde eta Francisco Valencia diruzain, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2008/08/04

Albisteak hainbat jende kolpatu du Euskal Herrian zein Estatu Batuetan. Felix Menchacatorre, egun AEBetako hainbat unibertsitatetako ikasleak atzerrira egonaldiak egitera bidaltzen dituen USAC --'University Studies Abroad Consortium'-- erakunde estatubatuarreko Espainiako estatuko koordinatzailea tupustean hil da joan den ostiralean, ikasle talde batekin Santiago Bidea egiten ari zela, bihotzekoak jota dirudienez. Getxoztarra zen Menchacatorre, eta 25 urtetik gora zeramatzan jatorri euskalduneko ikasle estatubatuarrak Euskal Herrira ikastera bidaltzeko programa bezala hasi zen USACen. Bertako lankide eta lagunak, familia bezala, zinez ezustean harrapatu ditu 59 urte zituen irakaslearen heriotzak.
Gehiago irakurri...
2008/08/01

Uda urteko sasoirik bizienetakoa izaten da AEBetako euskal etxeentzat, euren jai giroko ekitaldi nagusiak orduan egiten dituztelako, eguraldi ona profitatuz. Musika ezinbesteko osagaia da hitzordu hauetan eta aurten ere Boiseko 'Amuma Says No' taldeak errepidea hartu du eta Mendebaldean batetik bestera dabil kontzertuak ematen. Hurrengo hitzordua larunbat honetan bertan eskainiko dute, Mountain Home-eko '48th Annual Euskal Lagunak Basque Picnic' jaialdian.
Gehiago irakurri...
2008/08/01

Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeak 2008ko Kultur Zikloaren barruan euskaldunen ohitura eta usadioei buruzko mintzaldia eskaini zien elkarteko lagunei, deialdi arrakatsu batean. Maite Bengoa izan zen hizlaria eta bere azalpenen bidez euskaldunen ezkontza, haurdunaldi, erditze, hezkuntza... eta beste bizitzako une garrantzitsuei buruzko informazioa jaso zuten entzuleek. Ekitaldian euskal etxeko lagunez gain Euskal Herritik, Durangotik, etorritako familia bat izan zen eta hizlari, entzule eta bisitarien parte hartzearekin ekitaldia oso bizia eta interesgarria gertatu zen.
Gehiago irakurri...
2008/08/01

Abuztuaren 15an hasita, Buenos Aireseko Unibertsitateak (UBAk) euskal abertzaletasunari buruzko ikastaroa eskainiko du. Ekimenaren sustatzaileak Euskal Ikasketen Arturo Campion Zentroa eta Lapridako Euskal Etxea izan dira. Ikastaroaren iraupena zortzi klasetakoa izango da eta klaseak ostiralero izango dira, 10etatik 12tara. Ikastaroa doan da, baina abuztuaren 14a baino lehenago dago izena eman beharra. Irakasleak Leandro Etchichury antropologoa, Eduardo Torry, Zientzia Politikoetan lizentziatua, eta Cesar Arrondo Historia irakaslea izango dira.
Gehiago irakurri...
2008/08/01

FEVAk joan den hilean egindako zuzendaritza bileran, oraindik liburutegi proiektuaren barruan ez dauden euskal etxeen arlo honetako egoerari buruzko txostena landu zuen. Ondorio gisa, oraindik liburutegi arduradunik aukeratu ez duten euskal etxeei erreferente edo arduradun hori lehen bait lehen izendatzea eskatuko zaie, ahalik eta lasterren FEVAko Liburutegi Sareko Koordinatzailearekin kontaktuan jar dadin.
Gehiago irakurri...
2008/08/01

Bartzelona, Mallorca eta Madrilgo euskal etxeetako 16 ikasle aritu dira HABEren laguntzarekin aurten Adunan (Gipuzkoa) antolatu den barnetegian. Ane Bastida debarra izan da irakasleetako bat eta berak esan duenez, 19 eta 67 urte bitarteko ikasle taldeak euskara eta Euskal Herriari buruzko zenbait molde biziarazi ahal izan ditu astebete iraun duen jarduera honetan. Irakasleak ere oso esperientzia aberasgarritzat jo du egonaldia. Ikasleek, euren aldetik, bakoitzak bere euskal etxean ikasten zuen euskara batuaz gain, "Euskal Herrian euskalkiak ere badaudela" ohartu eta dastatu ahal izan dute egunotan.
Gehiago irakurri...