euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

TV Euskadi, euskal turismoaren internet bidezko telebista berria, abuztuan hasiko da emititzen

2010/07/27

Teknopolis saioko arduradunak 10. urteurrenean. (Argazkia Eitb.com) Euskal turismoak internet bidezko bere telebista-kanala izango du laster. Kanal berri horretan euskal turismoarekin lotutako bideoak emango dira, hainbat hizkuntzatan argitaratuak. Ikus-entzunezkoen bitartez, bisitarien eskura dauden produktuen berri emango du (gastronomia eta enologia, ibilbideak, bilera turismoa, hiri ihesaldiak, eta abar) eta eguraldiari eta agenda kulturalari buruzko edukiak eta sustatzeko bideoak emango ditu, baita turismo-intereseko jarduerei buruzko erreportajeak eta gaurkotasunari buruzko informazioa ere. Lehenengo emanaldietako bat abuztuan egingo da: Euskadiko hiriburuetako jaien emankizuna; kanal horri esker, irudi horiek munduko edozein lekutatik ikusi ahal izango dira.

Gehiago irakurri...


Hendaiako Mutxiko Elkartea eta Irungo Txorimaloak, 'Music Made in Euskadi' Boiseko Jaialdin

2010/07/27

Hendaian basea duen 'Mutxiko' dantzari helduen taldea joan den igandean arituko zen San Frantziskoko 'Basque Cultural Center'en eta aste honetan zehar arituko da Boisen, Jaialdi 2010en. Idahoko Boise hiriburua euskal musika, dantza eta aireen agertoki bilakatuko da aste honetan. Doinu, erritmo eta euskal giro hori ipintzen arituko diren talde eta norbanako gehienak Estatu Batuetakoak bertakoak izango badira ere, badira bi talde Euskal Herritik, Gipuzkoa eta Lapurdiko mugatik, bilduko direnak Jaialdi 2010era: Hendaiako Mutxiko Elkartea eta Irungo Txorimaloak Soinu Taldea. Azken hauen kasuan, ez da honakoa trikitilari eskola hau boiseratuko den lehenengo aldia, Jaialdi 2000n parte hartu baitzuten eta geroztik lotura estua baitaramate Boiserekin. Mutxiko dantza taldearen kasuan, duela bi urte Argentinako euskal diaspora ezagutu eta bertako hainbat euskal etxetan arrakastaz aritu ondoren, iparralderago jo dute oraingoan, Boiseko Jaialdiaz gain San Frantziskon ere dantzatuz.

Gehiago irakurri...


Guztia prest da Idahoko Boisen (AEB) sekula baino bisitari gehiagori harrera egiteko: Jaialdi 2010eko egitaraua

2010/07/26

Renoko 'Zenbat Gara' Euskal Dantzari Taldea festa-eremuaren sarrera Boiseko jaialdiren azkeneko edizioan (argazkia EuskalKultura.com) Ekitaldi batzuk, pilota partida batzuk eta girotze kontu batzuk hasiak dira dagoeneko Boisen, baina guztien begiak bihartik aurrera bertako kale eta bazterrak zuri-gorri-berdez jantziko dituen jende uholde eta ekimen egitarau aberatsari begira daude. Espektazioa inoiz baino handiagoa da eta inoiz baino handiagoa da ere espero den jende kopurua. Ekitaldien artean aipa daitezke kale musika, euskal janari eta edaria, euskal mintegi akademiko bat unibertsitatean, pilota eta herri kirol erakustaldi eta norgehiagokak, Festara jaialdia, Estatu Batu osoko hamaika dantza taldeen emanaldiak, Euskal Herriko birena, bertsolariak, balleta, San Inazio prozesio eta meza nagusia, koru emanaldiak, berbena eta dantzaldiak... Hona aste osoko ekitaldi egitaraua.

Gehiago irakurri...


Hasi da Boiseko 'Basque Block'eko kantxan Emakumeen Euskal Pilota Goma Paleta Nazioarteko Txapelketa

2010/07/26

Atzo Boisen hasi zen Emakumeen Nazioarteko Txapelketa honetan Euskadi ordezkatzen ari diren hiru pilotariak: Itsaso Pradera, Laura Saez Arzamendi eta Ane Isamendi. Jaialdi 2010eko ekitaldien barnean atzo hasi zen Boisen Emakumeen Goma Paleta Nazioarteko Txapelketa, astebeteko iraupenez eta finala datorren ostiralean, uztailaren 30ean, arratsaldeko seietan jokatuko dela. Munduko Pilota Batzarrak NABOrekin eta Jaialdiko antolatzaileekin batera eratuta, norgehiagokak sei talde bilduko ditu, hala nola Euskadiko selekzioaz aparte, Estatu Batuetako (2), Venezuela, Argentina eta Australiako ekipoak. Ekitaldiak atzo hasi ziren, lehenengo partidekin. Txapelketa ligaska moduan eratu da. Paraleloan, NABO Txapelketako azkeneko fasea ere kantxa berean jokatuko da.

Gehiago irakurri...


Txileko Euskal Abesbatzak Nazaret-eko Andra Maria kapera bisitatu eta meza eskaini dio Balendin Berriotxoari

2010/07/26

Txileko Euskal Abesbatza joan den urtean Elorrion, Balendin Berriotxoaren gorputza gordetzen den Harreman berezia daukate Txileko Euzko Etxeko Euskal Abesbatzak eta Balendin Berriotxoa santuak eta testuinguru horretan hiriburu txiletarreko gizonezko koral honek bisita egin zion joan den uztailaren 4ean Nazaret-eko Andra Mariaren kaperari, Las Condesko Colon 9090 helbideko komunitatean, eta meza kantatu zuen bertan santu bizkaitarraren omenez. Harreman berezi hori indartu egin zuten euskal-txiletar kantariek joan den urtean Euskal Herrira egin zuten bidaian Elorrio bisitatu eta bertako basilikan, santuaren gorpuzkinak gordetzen diren aldareraino iritsi zirenean. Urtero Balendin Berriotxoaren inguruan meza eta egun bat ospatzen dute Txileko Santiagon korukideek.

Gehiago irakurri...


Euskaltzaindiaren webguneak gora egin du sarreretan, 52.713 kontsultaraino helduz joan den ekainean

2010/07/26

Webgunearen bisiten estatistika azaltzen duen grafikoa (Irudia Euskaltzaindia) Euskaltzaindiaren webguneak 52.713 bisita izan ditu azkeneko hilabetean, ekainean. Euskararen ardura duen elkarte ofizialki onetsiak berak emandako datuen arabera, bere webguneko orriek 435.885 bistaratze izan dituzte hilabete berean. Euskaltzaindia.net webguneak, Euskal Akademiaren hizkuntzari buruzko erabaki eta gomendioen berri emateaz gain, kontsultarako tresna ugari eskaintzen ditu, herritar eta hiztun arruntek eta euskararen inguruko galderak edo zalantzak dituzten guztiek erabil ditzaketenak.

Gehiago irakurri...


Jaialdi 2010: Euskal ordezkaritzak bihartik aurrera hasiko dira abiatzen Boise eta AEB Mendebaldera

2010/07/23

Ibarretxe lehendakaria Estatu Batuetako euskal komunitateari eskainitako harrera ekitaldian Boisen, Jaialdiaren aurreko edizioan, 2005ean (argazkia EuskalKultura.com) Bihartik aurrera, eta datorren aste osoan zehar Estatu Batuetako Mendebaldea eta Boiseko 'Jaialdi 2010' mundu zabaleko Euskal Diasporaren biltoki bilakatuko dira, hamar milaka partaideen artean Europatik iritsiko den euskal klase politikoaren eta ordezkaritza instituzionalaren pisuak bat baino gehiagoren arreta deitu duelarik. Lopez lehendakaria bihar, uztailaren 24a, abiatuko da, 31ra arte iraungo duen bidaian, Nevada, Kalifornia eta Idaho estatuak ikutuko dituelarik bere egonaldian, zenbait buruzagi akademiko, ekonomiko eta politikoekin bilduz, baita euskal komunitateetako kideekin ere... Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritza bat ere Boisen izango da, Jose Luis Bilbao diputatu nagusia buru, Jaialdi 2010eko ekitaldietan parte hartu eta Pete Cenarrusa Idahoko estatu-idazkari ohia ohoratzeko. Baina gehiago izango dira Europako euskal erakundeetako ordezkaritzak.

Gehiago irakurri...


Zuzendaritza Batzordea berritu du Saliquellóko 'Eusko Deya' Euskal Etxeak: Diego Gabilondo, lehendakari

2010/07/23

Salliqueló, Buenos Airesko probintzia argentinarrean Buenos Aires probintzia argentinarreko erdialdean, Mendebaldean, Salliqueló-ko 'Eusko Deya' Euskal Etxeko bazkideak elkarteko Ohiko Biltzar Nagusia egin zuten joan den maiatzaren 23an, 2009. urteko balantzea eztabaidatu eta onartu ala baztertzeko, eta segidan elkartearen Zuzendaritza Batzorde berria hautatzeko. Ondorioz, euskal etxea gobernatuko duen batzorde berrituak Diego Gabilando izango du agintealdi berri honetan lehendakari, berarekin batera lagun izango dituela, besteak beste: Jorge Irigoyen, lehendakariorde; Maria Laura Ibarra, idazkaria; Juan Jose Vidaurre, diruzaina; eta Nestor Sarasola, diruzainorde.

Gehiago irakurri...


Azken txanpan da Viña del Mar-en 'Euskara Munduan' programak Txilen egin duen lehenengo barnetegia

2010/07/23

Ikasle, irakasle, antolatzaile eta kargudunak 2010ko Neguko Barnetegiko argazki ofizialean Joan den asteko 16an hasi ondoren, bere azkeneko orduetan da 'Euskara Munduan' programako 2010eko Negu barnetegia. Argentina, Brasil, Uruguai, Kolonbia, Peru eta Txile bertako ikasleak bildu ditu Viña del Marko barnetegiak, programak herrialde honetan egin duen lehenak. Egunetik egunera, euskara landuaz, hizkuntza maila eta erabilera hobetzea da asmoa, ikasturtean zehar teoria bakoitzak bere herri eta herrialdean egiten baitute, interneteko eskoak medio. Barnetegiaren xedea, ordea, mintza praktika eta ahozkotasuna lantzea dira, hizkuntza honela ere landuz ikasle hauek euskara irakasle, sustatzaile edota gordetzaile hobe bilaka daitezen.

Gehiago irakurri...


Marcelino Irianni da Tandilen aurkeztu berria den 'Euskaldunen historia Argentinan' liburuaren egilea

2010/07/22

'Euskaldunen historia Argentinan' liburuaren azala Hogeita bost bat lagun bildu ziren Tandilgo Bernardino Rivadavia Liburutegian Historia doktoretza eta Historiaurre masterra dituen Marcelino Iriannik idatzitako liburu labetik atera berriaren aurkezpena entzutera. 'Euskaldunen historia Argentinan'ek zenbait hamarkadatan egindako ikerketen emaitzak biltzen ditu. Egilearen hitzetan, "lan honetan, nire tesian bezala, zenbakiak eta estatistikak agertzen dira; baina aldi berean, alde sentiberagoa ere badu liburuak. Argentinara etorri ziren euskaldunen pasadizoak eta testimonioak hain zuzen”. Liburua Biblos Argitaletxeak kaleratu du, “La Argentina plural” izeneko bildumaren barne.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia