euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kortajarena: "Euskadin, mehatxatuak demokratak gara, 13 urtez izan dut eskolta eta badakit zertaz ari naizen"

2010/08/10

Elvira Kortajarena, joan den astean Paranára egindako bisitan (argazkia Uno) Elvira Kortajarena, Eusko Jaurlaritzak Buenos Airesen egoitza duen baina lan-esparrua Argentina, Uruguai, Paraguai eta Brasil daukan Ordezkaritzako buru denak segitzen du eremu horietako euskal etxeak eta udalak bisitatzen. Joan den astean, Paraná, Entre Rios probintzia argentinarreko hiriburua egokitu zaio, besteak beste, bidean Concepcion del Uruguay-en eta bertako Euskal Etxean ere ibili baita esaterako. paranárako bisitaren karietara, bertako Uno egunkariak elkarrizketatu du. Gai-sorta zabala erabili du, gerra zibileko bere familiaren erbesteratzetik, egungo krisi ekonomikora, PSE-PP gobernu-itunetik, euskal gatazka bat badagoenik ukatzera, hori guztia egun Ordezkaritzatik helburu duen Euskadiren sustapen ekonomiko eta turistikotik pasatuz.

Gehiago irakurri...


Miamiko Euskal Etxeak elkartearen txokoan egindako biltze batekin ospatu zuen San Inazio: argazkiak

2010/08/10

Joan den uztailaren 30ean Miamiko San Inazio bilkuran parte hartu zutenetako batzuk. 'Ardoa eta pintxoak' izeneko hileroko biltzearekin batera egin zen, euskal elkartearen txokoan bertan (argazkia EE)

Gehiago irakurri...


New York Times-ek Hondarribiak bizi duen 'eztanda gastronomikoa' eta bertako euskal sukaldaritza laudatu ditu

2010/08/10

Hondarribiako Sugarri-ko mokadu bat: arrautza, txanpinoia, azalorea eta brokolia (argazkia MatiasCosta-NYT) New York Times egunkari iparramerikar prestigiotsuak artikulua argitaratu zuen uztailaren 29an Hondarribia eta bertako sukaldaritza arloko panorama ardatz hartuz, gipuzkoar kostaldeko herri tipi honek bizi duen 'eztanda gastronomikoa' aipatuz eta hainbat laudorio jaurtiz eta aholkuak emanez bertara hurreratu eta bazkari oso bat egiteko zein pintxoak jateko plazera hartuz bertako chef gazteen lana dastatu nahi dutenei. Kalitatea, tradizioarekiko lotura eta bertako produktu hautu eta freskoak erabiltzea dira egunkariak aipatzen dituen giltzarrietako batzuk, herriko zenbait jantokitan ari diren sukaldari gazteek baliatzen dituztenak, Hondarribiaren gomendio irmoa egiteko egunkariaren orrialdeetan.

Gehiago irakurri...


Oñatirekiko senidetzearen X. urtemugaren testuinguruan 14 urte bete ditu Toki Eder Euskal Etxeak

2010/08/09

Toki Eder Euskal Etxeko lagunek topa egiteko gonbitea luzatu zieten bertaratutako lagunei Iazko urteurrenaren jaian, Buenos Aires probintziako Toki Eder Euskal Etxeko kideek Oñati eta Jose C. Paz herrien arteko senidetzearen plaza eraikiko zela iragarri zuten. Urtebete pasa ondoren, berdegunea prest egoteko lanak amaitzear daude eta inaugurazioa urriaren 20ean gauzatuko da. Senidetzearen taldeko koordinatzaile eta 'Hermansoloña' Gobernuz Kanpoko Erakundeko arduradunetako bat den Jose Antonio Urteaga oñatiarra, bere emazte Socorro Peña, eta Jose C. Pazen sortzailearen ahaidea den Maria Isabel Elorza argentinaratuko dira data horretan, ekitaldian parte hartzeko. Bitartean, euskal etxeko lagunek ohiko ekintzekin jarraitzen dute eta joan den uztailaren 25ean erakundeko 14. urtemuga ospatu zuten. Euskal janaria, kantak eta dantzak gailendu ziren eguerditik iluntzeraino herriko Altube Klubean.

Gehiago irakurri...


Jaialdi 2010, Boise Idahoko 'International Basque Culture Festival'eko argazki erreportajea (III)

2010/08/09

Jaialdirekin batera antolatu zen EHMG (Euskal Herria MUgaz Gaindi) Mintegi edo Biltzar akademikoa, Boise State Unibertsitateak antolatua, aste osoan zehar Boisen gauzatua (argazkia EuskalKultura.com) Uztailaren 29a, osteguna, bertako prentsaren laguntzaz hasi zen Boisen, aste osoan zehar eta aurreko hilabeetan ere bidea prestatzen aritu baita Jaialdiri buruz hizketan, programaten xehetasunak aletzen. Egunkari behinenak, Idaho Statesman-ek aurreko igandean gehigarri berezi bat kaleratu zuen, eta bestelako prentsak ere tarte eta berri berezituak eskaini dizkio, baita irrati eta telebistei dagokienean ere. Izan ere, bertako festa gisa eta bertako kultura eta molde gisa bizi baitituzte hemen euskaldunak eta euskal kultura. Argitalpenetan, Jaialdik berak izen bereko aldizkaria ere atera du, 96 orrialde luxu eta kolore guztiekin astearen jakingarri guztien berri emateko bisitariei.

Gehiago irakurri...


Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nevadako Unibertsitateak 'Pat & Eloisa Bieter' izeneko beka sortu dute

2010/08/09

Joseba Zulaika, Iñaki Galdos, Dave Bieter eta Carmelo Unza. (Argazkia Foru Aldundia) Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak Idahoko Boise hirian sinatu dute lankidetza hitzarmena ‘Pat-Eloise Bieter’ izeneko beka sortze aldera. 70eko hamarkadan Estatu Batuetan euskal kultura sustatzen eta ikasle iparramerikarrak Euskal Herrira ekartzen, bertako ezagutza har zezaten aintzindari izan ziren Pat eta Eloise Bieter senar-emazte boisetarrak. Euren bost seme-alabak egon ziren aurkezpen ekitaldian. Imanol Murua Uria kazetaria izango da 15.000 euroko saria daukan beka honetako lehenengo hartzailea.

Gehiago irakurri...


Argentina eta Txileko nafar etxeetako 20 gaztek amaitu dute Iruñean 'Nafarroa' Nazioarteko Ikastaroa

2010/08/09

2010eko Nafarroa Nazioarteko Ikastaroko partaideak azken egunean, ekimenaren itxiera ekitaldian, Miguel Sanz eta beste zenbait agintari eta ordezkari bertan zirela, uztailaren 30ean. Miguel Sanz Nafarroako presidenteak Nazioarteko 'Nafarroa' Ikastaroaren XIII. edizioa itxi zuen uztailaren 30ean Iruñean. Uztailaren 18tik 30era Argentina eta Txileko nafar etxeetako 20 ikaslek hartu dute parte ikastaroan, hala nola Bolivar (2), Buenos Aires (4), Mar del Plata (1), Mendoza (6) eta Rosariokoak (5), Argentinan; eta Santiagoko nafar etxekoak (2), Txilen. Itxiera ekitaldian, gazte partaideek eskerrak eman dizkiote Gobernuari bertan egoteko eta egunotan parte hartu duten hitzaldi, mahai-inguru, bisita, txango eta bestelako ekimenetan parte hartzeko aukera emateagatik Nafarroako egungo errealitatea ezagutzearren.

Gehiago irakurri...


San Juango Eusko Etxeak San Inazio ospatu eta bere fundatzaile izan zen aita Aramburu gogoratu zuen

2010/08/09

San Inazio mezan parte hartu zutenetako batzuk: Ismael Espinosa, Guillermo Larrea, Eusko Etxeko lehendakari Esteban Marticorena, lehendakariorde Paulo Landa, Mercedes Cuadra, Silvia Urbicain de Bene, Lucía eta Manuel Ramos Maturama... Munduko beste hainbat euskaletxerekin bat eginez, San Juan hiriko Eusko Etxeak, izen bereko probintzia argentinarrean, San Inazio egunean berean ospatu zuen euskal etxeko zaindari aitortua duen santu euskaldunaren eguna. Bildutakoek, hildako bazkide eta lagunak eta 1952an elkarte sortu zutenak gogoratzeko baliatu zuten aukera, kasu honetan sortzaileetako jakin bat, aita Jose Aramburu, eta izan ere bere familiari oroigarri gisa Eusko Etxea ofizialdua izateko eskabidearen kopia bat entregatu zioten, horien artean aita Aramburu sinatzaile agertzen dela.

Gehiago irakurri...


Jaio zirela ehun bete direnean Debabarrenako sei pilotari gogora ekarri dituzte artikulu batean

2010/08/09

Miami Jai-Alaiko egungo irudia (argazkia EuskalKultura.com) Orain gauden 2010. urte honetan Guillermo Amuchastegui , 'El Monarca' eta 'El Milagro de la Pelota', puntista imitaezin ondarroarra jaio zeneko mendeurrena ospatzen ari da Bizkaian, bertako zenbait eragile publiko eta pribatuen eskutik. Karia horretara, eta Amuchasteguiren balio handiak aitortuz eta omenaldia ere sostengatuz, duela ehun urte jaiotako beste dozena erdi bat pilotariren gomuta ekarri nahi izan dute Miguel Angel Bilbaok eta Eusebio Gorritxategik artikulu batean, garai berean eta kantxa beretsuetan ibili ziren Debabarreneko sei puntistarena.

Gehiago irakurri...


Coronel Pringlesko Eusko Biltzar EEak zinema aste bat egin berri du, kultura eta elkartasuna uztartuz

2010/08/06

Coronel Pringlesko Euskal Etxerako sarbidea (argazkia EuskalKultura.com) Coronel Pringlesko 'Eusko Biltzar' Euskal Etxeak, Argentinako Buenos Aires probintzia hegoaldean, 60. hamarkadako zinemari buruzko aste bat egin berri du uztailaren 26tik 30era bitartean, Zazpigarren Arteko urrezko orrialdeetan dauden bost maisuren beste hainbeste lan erakutsiz. Fernando Ayala, Federico Fellini, Luis Buñuel, Jean-Luc Godard eta Alfred Hitchcock-ren bana izenburu eman dira, aurretik filmaren azalpen eta jakingarriak adieraziz eta filmaren ondoren elkarrizketa eta eztabaida puxatuz. Sarrerak, dirua ezik, elikagai iraunkor bat izan du prezio, ondoren, bildutakoa haur baliabidegabeen jangela bati eman zaiolarik.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia