euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AT! ikuskizunak munduratzeko prest dagoen euskal sorkuntza aurkeztuko du bihar Arriaga Antzokian

2011/03/14

50 bat aktore, dantzari eta musikari aritu dira egunotan ikuskizuna prestatzen (argazkia AgerreTeatroa) Etxepare Euskal Institutuaren 'izpiritua eta filosofia' biltzen omen ditu bihar arratsaldean Bilboko Arriaga antzokian aurkeztuko den AT! ikuskizunak, erakundearen arduradunen esanetan. Euskal kultura munduan ezagutaraztea eta zabaltzea da institutuaren helburua, eta bide horretan puntako euskal idazle, aktore, musikari eta dantzariek talde-lanean sorturiko ikuskizun hau erabiliko du Etxeparek bere burua euskal gizartearen aurrean aurkezteko. "Euskal sortzaileak batzeko gogotik" sortu da AT!, Etxepareko zuzendari Aizpea Goenagak azaldu duenez, "kohesio eta batasun hori mundura ateratzeko" bidea dela gehituz.

Gehiago irakurri...


Frontoi bat Pazifikoko palmera artean: Kaledonia Berriko euskaldunek 'Feria des Furieux' jaia antolatu dute

2011/03/14

Noumeako frontoia, Kaledonia Berriaren bihotzean (argazkia AmicalePaysBasqueSonc) Kaledonia Berriko hiriburuan, Noumean, euskal bisitariak harriduraz begiratuko du palmera artean ikus daitekeen horma bakarreko frontoia. 1990an eraiki zuen 'Amicale du Pays Basque et du Sud-Ouest' taldeak, irlako ehun bat euskaldun biltzen dituen elkarteak. Euskal pilota ligaxka jokatzen zen bertan, 2004an bukatu zen arte. Euskaldunen taldeak, aldiz, sendo dirau, eta datorren apirilean egingo du bere urteroko jaia, 'Feria des Furieux' izenekoa. Aurreko edizioetan 400 lagun ere bildu izan dira jai honetara.

Gehiago irakurri...


Lurrikararen "susto eta inpresio gogorra" soinean, Tokyoko EEtik "gauza ez gaiztotzea" espero dute

2011/03/14

Tsunamiak utzitako panorama Ongi daude Tokyoko Euskal Etxeko lagunak. Lurrikara bortitzak eragin egin die baina kalte material txikiak baino ez dituzte izan, "susto eta inpresio gogorra", esan digu bizileku duen Kawasakitik elkarteko kide den Paulo Berriozabal elorriotarrak. EEko kideei zein Tokyon ikasle diren euskaldunei dagokienez, guztiak ongi omen daude, arrisku eta alerta egoeran oraindik, "motxila prest eskapatzeko, beste dardarrik etortzen bada" eta zentral nuklearraren egoerak kezkatuta. "Izugarria izan da jendearen zibilizazioa eta txukuntasuna", dio Berriozabalek, ondoren emendatzeko "baina hau ez da orandik amaitu, itxaroten gaude".

Gehiago irakurri...


Genero-indarkeriari buruzko hitzaldi batekin ospatu du Emakumeen Eguna Tres Arroyos-ko Euskal Etxeak

2011/03/14

Tres Arroyoseko euskal etxeko dantzariek Aurreskua dantzatu zuten Emakumeen Eguneko hitzaldia hasi baino lehen (argazkia EE) Tres Arroyoseko 'Hiru Erreka' Euskal Etxeak, Herriko Kultur Zuzendaritzak eta bertako “La voz del Pueblo” delako egunkariak bat egin zuten aurten ere Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Emakumeei egindako omenaldia joan den martxoaren 4an burutu zen, Gari Jaiaren testu-inguruan, eta aurreko edizioetan bezala mintzalari gonbidatu baten laguntza izan zuten antolatzaileek hiritarrak generoari buruzko gaietan kontzientziatzeko. Genero-indarkeria handituz doan urte batean, jende multzo bat bildu zen Lorena Maciel kazetariak emandako “Emakumeak, komunikabideak eta Justizia” izeneko hitzaldia entzutera.

Gehiago irakurri...


Berri Txarrak Mexikon: UNAMeko euskara ikasleekin hitz-aspertua egin zuten taldeko kideek

2011/03/14

Mexikoko UNAMeko euskara ikasleak Berri Txarrak taldearekin Berri Txarrak talde nafarrak bukatu berria du joan den asteburuan Ameriketako zenbait herrialdetan zehar egin duen bira eta Brasildik Kanadara bidean kontzertua eskaini zuen Mexikon martxoaren 8an. Apenas 24 ordu egin zituzten nafarrek Mexiko hirian, baina aurkitu zuten tartea UNAM unibertsitateko euskara eta euskal kultura ikasleekin eginiko hitzordua betetzeko. Gurutzne Etxeberria irakasleak antolatu zuen solasaldia eta bertara euskara ikasten ari diren mexikarrez gain Mexikon dabiltzan euskal ikasle asko ere bildu ziren.

Gehiago irakurri...


Bartzelona hasi da Korrikarako prestatzen: ekitaldiak barra barra... eta apirilaren 9an, Korricursa!

2011/03/11

Korrika 15aren edizioan ere Korricursa egin zuten Bartzelonako kaleetan barrena (argazkia BartzelonaEE) Badator Korrika Bartzelonara! Euskal Etxeak euskararen aldeko lasterketarekin bat egingo du eta aurten ere Korrikaren inguruko egitarau mardula prestatu du. Martxoaren 16ean bertan hasi eta apirilaren 17an bukatuko da, Donostian, bertara bidaia egingo baitute Bartzelonako euskaldunek Korrikaren azken etapan parte hartzeko. Tartean, apunta ezazue apirilaren 9aren data, Bartzelonako kaleetan zehar Korrika katalan erara --Korricursa-- egingo dute eta. Korrika, trikipoteoa, elektrotxaranga, kontzertuak... giroa ederra izango da!

Gehiago irakurri...


Euskara, euskal abesbatza, euskal pilota, futbola eta hockey aurten ere La Platako 'Euzko Etxea'n

2011/03/11

'Euzko Etxea' Euskal Etxean garatzen diren ekintza batzuk Hirurogeita lau urte daramatza 'Euzko Etxea' Euskal Etxeak Euskal Herriko kultura zabaltzen Buenos Aires probintziako hiriburuan. Etxeko kide eta agintarien lanari esker, gaur egun mota askotako interes eta zaletasunak dituzten hainbat lagunen eskaera betetzen du euskal erakundeak. Helburu horri eutsiz, martxoan zehar 'Euzko Etxea'n garatzen diren ekintza guztiak hasiz joango dira elkarteko irakasleen eskutik.

Gehiago irakurri...


Punta-puntako euskal artisten ikuskizun batez gozatu nahi? Eska itzazu sarrerak Etxepare Institutuan

2011/03/11

AT! ikuskizunaren afitxa Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Aingeru Epaltza, Kirmen Uribe, Felipe Juaristi, Luisa Etxenike, Unai Elorriaga... AT! ikuskizunean parte hartzen duten 50 sortzaileetako batzuk baino ez dira. Punta-puntako euskal idazle, aktore, dantzari eta musikarien lana taularatuko dute Bilboko Arriaga antzokian datorren asteartean, Etxepare Institutuak bere burua ezagutarazteko prestatu duen ikuskizunean. Bertan izan nahi al duzu? Adi bada! Gaur bukatuko da-eta sarrerak eskuratzeko epea.

Gehiago irakurri...


Iker Ortiz de Zarate gasteiztarrak 'De profundis' Wilde-ren bakarrizketa taularatuko du etzi New Yorken

2011/03/10

Iker Ortiz de Zarate aktorea Iker Ortiz de Zarate aktoreak ikusmina piztu du etzi New Yorkeko Cervantes Institutuan egingo duen emanaldiarekin. Gasteiztarrak Oscar Wildek homosexualitate delituagatik gartzelaratu zutenenean bere maitaleari idatzitako gutunean oinarritutako bakarrizketa antzeztuko du, gazteleraz ('De profundis' izenarekin argitaratu zuten gutuna). Ortiz de Zaratek joan den irailean aurkeztu zuen lehen aldiz bakarrizketa hau Gasteizen, Ortzai Antzerki Laborategiarekin. Han ere arrakasta izan zuen lanak eta emanaldietarako sarrerak agortu egin ziren. "Testu izugarria, ederra, samina eta itxaropentsua da aldi berean", dio aktore gasteiztarrak.

Gehiago irakurri...


Proposamen anitzeko egitarau batekin hasiko du urtea Trenquen Lauquengo 'Euskal Sustraiak' Euskal Etxeak

2011/03/10

Trenquen Lauquengo 'Euskal Sustraiak' Euskal Etxeko kideak Egun gutxi barru bukatuko da udaldia Hego Amerikan eta munduko bazter honetako erakundeak prest daude jadanik ziklo berri bati hasiera emateko. Argentinako euskal komunitatea ez da mugimendu honetatik kanpo geratzen eta euskal etxeak bere ateak irekitzen doaz mota askotako ekintzak burutzeko asmotan. Trenquen Lauquengo 'Euskal Sustraiak'ek, Argentinako Buenos Aires probintzian, komunitateari begirako hainbat proposamen dauzka aurten: euskara klaseak, hitzaldiak, Gernikako Bonbardaketaren urteurrenaren ospakizuna, eta herriko urtemugaren ekitaldietan partaidetza, besteak beste.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia