Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Euskal Herritik urrun izanik ere, Korrikaren izpiritua bihotzetan taupadaka ari denean
03/05/2005
Riquelme familia euskal txiletarra: Aitor semea, Jeanette ama, Raimundo aita eta Raimundo semea
PUBLICIDAD
Euskal Herrian Korrikaren oihartzuna aspaldi amaitua zenean ekin zioten Txileko Santiagon bertako Korrikari, diotenez toki bakoitzean bertako ezaugarri eta egokierei erreparatuz egin behar omen dira-eta gauzak. Iraia Saenz de Biteri, Santiagoko Euskal Etxean eta Txileko hiriburuko zein Valparaisoko zenbait Unibertsitatetan euskara eta euskal kultura eskolak ematen diharduen basauritarrak hartu zituen Korrika txiletarra antolatzeko lanik gehienak, Eusko Jaurlaritzaren Txileko Ordezkaritzaren eta Santiagoko Eusko Etxearekin sostenguarekin. Bai, halaxe izan zen Txilen.Eta egin egin zen Korrika txiletarra, arrakastaz gainera, ehundik gora korrikalari lortu eta partaideak oraindik batzuk gehiago erdietsi baitzituen. Euskalkultura.com buletin honetan ere eman genuen korrikalari txiletarrek eta euren lagunek 'Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa' eta 'Ika, ika, ika hemen dator Korrika' oihuak Santiagoko kaleetan jaurti zituzten momentuen berri. Oraingo honetan ez diogu ezer berririk erantsiko orain egun batzuk egin genuen kronikari. Nahi duenak, lasai asko errepasa dezake, hemen, erdara batu peto-petoan.
Lerro hauek aitzeki bat baino ez dira izan, gorago agertzen den argazki hori argitara emateko. Santiagon euskaltasuna modu berezian bizi duen familia batek bidalia da, orain pare bat belaunaldiko jatorria Tolosa ondoko Ibarra herrian daukan Riquelme-Zubelzu familiak.
Betidanik euskal gauzetan ari den Raimundo Riquelme Zubelzuren familia agertzen da goiko erretratu edo portreta honetan: Aitor semea, Jeanette ama, Raimundo aita eta Raimundo semea. Ilusio eta indar osoz hartu zuten eurak parte Txileko Korrikan. Horren adierazle baino ez da argazki hau, ilusio eta kemen euskal txiletar batzuen adierazle. Mila esker Riquelmetarrei argazkia bidali eta euren ahalegin eta poza gurekin konpartitzeagatik. Mila esker Iraia antolatzaileari ere, Korrika aritzeko aukera emateagatik.