Ramuntxo Etxeberri lapurtarrak Manilako Jai Alaian girotutako 'Skyroom' elaberri beltza publikatu berri du
13/12/2004
Sky Room pilotalekua, 2000 urtean eraitsitakoa
PUBLICIDAD
'Sky Room' da Manilan zegoen Jai Alaia pilotalekuaren izena, eta Marcos diktadorea sarri joaten omen zen pilotari euskaldunen partiduak ikustera duela 30 urte. Une historiko honetan oinarrituz polizi giroko elaberria plazaratu du Ramuntxo Etxeberri idazle lapurtarrak. Literatura alorrean egindako lehen saiakera den honekin gainera, Elkarlanean-ek eta Euskal Kultur Erakundeak bi urtero antolatzen duten Gazteluma lehiaketa irabazi du. Ramuntxo Etxeberri donibandarra letra irakaslea da egun Baionako Etxepare lizeoan, baina aurretik bi urte eman zituen Filipinetan kooperante gisa. Garai hartan ezagutu zuen Manilako Skyroom Jai-Alaia eta bertan jokatzen zuten euskal pilotarien istorioa. Frankoren diktaduratik ihesi Euskal Herritik aldegindako gizaseme haiek Marcos diktadorearen aurrean jokatzen bukatu izanak harritu egin zuen Etxeberri eta 2.000 urtean --polemika handiarekin-- lurrera bota zuten pilotaleku ezagunaren istoria elaberri honetan berpiztu du.
'Skyroom'ek, giro hura islatzen du polizi nobela baten harian, tonu garratz eta ironikoan. Nobelaren progonistak, Mikele izenekoak, Asiara joan beharra du 70. hamarkadan Manilako Skyroom Jai Alai pilotalekuan gertatutakoa argitzeko. Etxeberri harro agertu da bere liburuaren gaiak eta idazkerak jasotako kritika onak direla eta. Euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duenak ere erraz irakurtzeko moduko eran idatzi omen du, euskara akademikotik aldenduz.
'Skyroom', Elkarlanean argitaletxeak plazaratua, salgai dago Euskal Herriko liburutegietan eta internet bidez.