OIA: Kilometroak'05erako abesti ezohizko eta jostagarria, Jon Sarasua eta Liken taldearen eskutik
25/07/2005
'Plazara!' lelopean ospatuko dute Kilometroak'05
PUBLICIDAD
Lana dala ama / haran maratza zara / atara dana /atara ba plazara. Horrelako letra berezi eta deigarriarekin dator Kilometroak 05erako Jon Sarasua bertsolariak eta Liken taldeak egin duten abesti bitxia, OIA izenburua duena. Horietxek baitira --O, I eta A-- kantu osoan agertzen diren bokal bakarrak. Urriak 5ean Leintz bailaran ospatuko duten Kilometroak'05ek, Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdiak, badu abestia. OIA da bere izenburua, eta izena bezain bitxi da abestiaren letra. Jon Sarasuak egin du testua eta Liken taldeak doinua. Arizmendi ikastolako ikasle, guraso eta irakasle talde batek jarri dio ahotsa.
Grabazioa zuzenean egindakoa da, hilaren 3an Arrasaten egindako aurkezpen ekitaldi batean. Kantak bi bertsio ditu, bata luzeagoa, 7,20 minutukoa, bestea 3,55koa. Baina kantaren ezaugarririk bereziena letra da. Kantak hiru zati ditu: lehenengoan, o letrarekin osatutako hitzak agertzen dira soilik, bigarrengoan, i letrarekin; eta hirugarrengoan, a-rekin.
Adibidez, a letrako atalak honela dio: 'Lana dala ama / haran maratza zara / atara dana /atara ba plazara. / Lana dala zama / gara-baratza zara / atara dana / atara ba plazara. / Azal hatsa, / hatsa da baratza daramana. / Bazara / atara ba atara dana/ bazara / atara plazara'.
Hitz joko hutsa izan eta mezurik ez duela pentsa daiteke, baina letra-dantza horren atzean deszifratu beharreko mezua dagoela dio Sarasuak. 'Bi geruza ditu kantak: lehenengo geruza geruza fonetikoa da, hotsekin eta fonemekin esperimentatu dut eta soinu arraro eta erakargarriak lortu nahi izan ditut; eta bigarren geruza bat ere badago, mezuari dagokiona, eta hor metaforak ditugu eta deszifratu beharreko mezuak azken batean'.
Abestiak gordetzen duena 'bizitzarako deia, osotasunerako deia eta sormenerako deia' omen dira. Jokoaren desafioa hartu eta mezua deszifratu nahi duenak, Kilometroakeko webgunean aurkituko ditu abestuaren letra eta musika.