Manex Etxamendik (Ezterenzubi, 1873 - Parise, 1962), Nevada eta Wyomingo mendietan artzain gisa lanean ari zelarik aurkitu zuen bertsoak eta olerkiak egiteko etorria: bakardadea uxatzeko, sorlekua, familia, batasuna, adixkidantza eta bakeari buruz idatziz. 1899an Ezterenzubira itzuli eta euskal aldizkarietan kaleratu zituen bere bertsoak. Gai erlijiosoak eta maitasunezkoak zituen kantagai; bere Amodioa eta Inozent odola olerkiak sarituak izan ziren (1960).
Manex Etxamendi bertsolari eta olerkari baxenabartarraren heriotzaren 45 urte bete dira joan den ostegunean. Etxamendi Garazin, Eiheralarre ondoko Ezterenzubin jaio zen 1873an, 'Xadainia' baserrian. Gaztetan Ameriketara joan zen, eta hamasei urte eman zituen Wyoming eta Nevadan artzain bezala lanean. Garai hartan bertso ugari idatzi zituen, artzainen bizimodu gogorra eta mendiko bakardadea jasoaz.
1899an itzuli zen Euskal Herrira eta Marie Amporekin ezkondu zen. Hamar seme alaba izan zituzten, eta 1905ean Nevadara itzuli zen Etxamendi, dirua irabazi beharrez beste lau urte Estatu Batuetan lanean igaroko zituela.
Ezterenzubira gibeleratu eta bizi osoa eman zuen bertan. Herriko auzapez edo alkate izendatu zuten. Plazatan hitzetik hortzera aritu baino nahiago zuen bertsoak lasai eta astiro lantzea. Horietako asko aldizkarietan eman zituen argitara: 'Eskualduna', 'Euskal-Erria', 'Eskualdun Ona', 'Gure Herria' eta 'Herria'n aurki ditzakezu. Etxamendi 1960ko apirilaren 28an hil zen, eta 1972 Pierre Lafittek 'Auspoa' liburu-bilduman olerkari baxenabartarraren lanik gehienak jaso zituen.
Lotura gehigarriak
Manex Etxamendiren profila
Bertsulari.com-en
Manex Etxamendiren bertso batzuk
Klasikoen Gordailuan