'Irutxuloko Hitza' Donostiako egunkaria sarean irakur daiteke jadanik, berriak komentatzeko aukera eta guzti
08/06/2005
Irutxuloko Hitza egunkariaren webgune berria
PUBLICIDAD
Donostiako euskarazko lehen egunkaria izateaz gain, gipuzkoar hiriburuak duen hiri mailako lehenengo egunkaria ere bada Irutxuloko Hitza. Orain arte Donostiako hainbat denda eta saltokietan har zitekeen, eta doaniko harpidetza bitartez etxean. Orain, online, internet bidez ere irakur daiteke. Tolosa, Oarsoalde eta Urola-Kostako Hitza egunkari ahaideek ekindako bidea jarraitzen du horrela Donostiako berripaperak, gainerako Hitzek ez duten aukera bat gehituz: Irutxulon, irakurleek albiste bakoitzari buruzko iruzkinak bidal eta argitara ditzakete.Donostian gertatzen diren berri eta aktibitate guztien jakitun egon nahi duenak Irutxuloko Hitza aldizkariaren webgunera jo dezake (www.irutxulokohitza.info). Bertan hiri mailako albisteak, auzoz auzokoak, hiriko agenda, eta hainbat helbide erabilgarri eskuratu ahal izango ditu. Irakurleen partaidetza ere bultzatzen du webgune hasi berriak, eta nahi izan ezkero aukera ematen die irakurleei, berriemale bihurtu eta beraien auzoko edo inguruko berri eta deialdiak sartzeko.
Hainbat ataletan banatuak agertzen ditu berriak Irutxuloko Hitzak. Lehenengo atal batek Donostiako albiste orokorrak jorratzen ditu eta beste hamazazpiek hiriko auzo bakoitzekoak, auzotzat honakoak harturik: Aiete, Altza, Amara Berri, Amara Zaharra, Añorga, Antigua, Bidebieta, Egia, Erdialdea, Gros, Ibaeta, Igeldo, Intxaurrondo, Loiola, Martutene, Parte Zaharra eta Zubieta.
Webguneak beste tarte batzuk eskaintzen ditu, hala nola Donostiarekin zerikusia duten auzien inguruko eztabaidagune bat (Donostian erraustegia jartzeko proiektua edo Donostian goi mailako trainerurik ez egotearen arrazoia izan daitezke lehenik atera diren mintzagaien adibide) eto Merkatu Txikia izeneko iragarki eta salerosketa tartea. Tolosa, Oarsoalde eta Urola-Kostako Hitza egunkarietarako linka ere eskaintzen du.