Hamar euskal gaztek euren munduaren ikuspuntua emango dute Matraka.info-ren blog komunitate berritik
03/02/2006
www.matraka.info webgunearen logotipoa
PUBLICIDAD
Matraka.info webguneak, izen bereko gazte aldizkariaren interneteko bertsioak, bere blogosfera zabaldu eta hamar idazle gazteren egunkari birtualak jarri ditu sarean. Orain arte Estitxu Elduaien eta Onintza Enbeita Matrakako kazetariak ari ziren blogari lanetan, baina hemendik aurrera beste zortzi kide izango dituzte: Urko Aristi kazetaria, Aiert Larrarte TATeko abokatua, Amaia Agirre bertsolaria, Mikel Moreno Kautako abeslaria, Ibon Meñika, Joseba Antxustegi EGIko kidea, Jon Martin bertsolaria eta Lander Garro idazlea.Matraka.info webguneak zortzi blog berri zabaldu ditu, blog komunitate oso bati ateak irekiz. Hamar blogari gazte, beraz, eta euren egunkari pertsonalak medio Euskal Herriko gazteriaren kezka, pentsamolde eta gustuetara hurbiltzeko parada. Batzuk, Lander Garro bezala, iaioak dira blog kontuetan, baina beste askorentzat lehendabiziko esperientzia izango da inteneten puri-purian dabilen komunikabide berri eta libre honekin.
Blog batzuk martxan dira jadanik, eta hasi dira beraz idazle eta irakurleen arteko komunikazio eta hartu-emanak. Estitxu Elduaienek 'Gonapetik' izeneko blogean idazten du; Onintza Enbeitarenak 'Erpeka' du izena eta Lander Garrok 'eguneroko bizitzan haserrea, lotsa, beldurra, poza edota lilura' sortzen dion horren inguruko testuak idatziko ditu 'Eta Garro nago!' izenekoan. Jon Martin-en 'Sorbatza' blogean sortze prozesuaren inguruko gogoetak egingo dituzte eta 'norbere garunak erditutako edozerk izango du kabida: bertsoak, literatura, iritziak...'.
Urko Aristik 'Satelitetik' bloga gidatuko du eta Amaia Agirrek 'Arratzaindik' izenekoa; Ibon Meñikarenak 'Kaltzo' izenburua izango du; Joseba Antxustegirenak 'Txutxumutxuka'; Aiert Larratek 'Hortzetatik hitzetara' idatziko du eta Mikel Moreno kantaria 'Minutu bat' blogeko buru izango da. Gero eta aberatsagoa den blogosfera euskalduneko zatitxo hau ezagutu nahi duenak, matraka.info-n aurkituko ditu gazteok.