Euskaltzaindiak 'Plazaberri' berri buletina sortu du, internetez eta e-mailez jaso daitekeen hilabetekaria
20/04/2006
Plazaberri aldizkari digitalaren logotipoa. Buletina Euskaltzaindiaren web gunean atxeman daiteke
PUBLICIDAD
'Plazaberri' du izena eta Euskaltzaindiak sortu berri duen berri buletin digitala da. Euskaltzaindiaren Prentsa Bulegoak kudeatzen du eta bere helburua Akademiari buruzko informazioa zabaldu eta Euskaltzaindiaren ekitaldi nagusien berri ematea da. Apiril honetan agertu da bere lehenengo zenbakia, eta hilabeteroko maiztasuna izango du. Euskaltzaindiaren webgunean bertan irakurri daiteke, eta e-mail bidez ere banatuko zaie harpidetzen direnei. Plazaberri agerkari digitalaren lehen alea sarean da jada, Euskaltzaindiaren eta Euskaltzaindiari buruzko informazio eta berriak zabalduz. Bere helburua Akademiaren inguruko informazioa, azken arauak, albisteak... era erraz eta eskuragarrian eskaintzea da. Andres Urrutia euskaltzainburuak horrela dio lehen ale honen sarreran: 'Sarritan esan ohi da Euskaltzaindiaren zereginetan eginkizun dagoela bere lana egoki plazaratzea eta zabaltzea. Begien bistakoa da, bestalde, eskura dituela Euskararen Akademiak, xede hori betetzeko ahaleginetan, egungo teknika berriek eskaintzen dituzten baliabideak. Horretara dator Plazaberri agerkari digitala, Akademiaren prentsa-bulegoaren eskutik. Horixe da, izan ere, horren helbururik behinena: Euskaltzaindiaren eta Euskaltzaindiari buruzko informazio-xehetasunak modu erraz, arin eta adierazgarrian ematea, guztion zerbitzari eta laguntzaile'
Apirileko lehen alean, besteak beste, ondorengo gaiak landu dituzte: Bernardo Atxagaren izendapena euskaltzain oso bezala, Mikel Zalbideren hautagaitza, Andolin Eguzkitzaren artxiboaren katalogazioa, Azkue literatur sariak eta Ines Pagolaren 'Neologismos en la obra de Sabino Arana' liburuaren argitalpena. Arauen arloan Euskltzaindiak onarturiko azkenak agertzen dira: 145: Bizkaiko herri izendegia; 146: Hiztegi Batua: c - dvandva eta 147: Antzinateko hirien euskarazko izenak. Aldizkaria Euskaltzaindiaren webgunean bertan jarrai daiteke, eta harpidetuz gero e-mail bidez jasotzeko aukera ere badago.