Euskal Herriko eta Kataluniako idazleek Xaretan hasiko dituzte heldu den astean Pirineoetako idazle topaketak
17/06/2005
PUBLICIDAD
Datorren asteko ostiralean, San Juan egunez, hasiko dituzte Xaretan XII. Pirineoetako Idazle Topaketak (Lapurdiko Sara eta Ainhoak eta Nafarroako Urdazubi eta Zugarramurdi herriek osatzen dute Xareta eskualdea). Katalanez XII Trobada d'Escriptors al Pirineu izena hartu duten jardunaldi hauek ekainaren 24 eta 25ean garatuko dira herrialde katalanetako eta euskal idazleen partaidetzaz.
Topaketek idazle arteko hitzorduak eta hitzordu publikoak izango dituzte. Idazleen artean, gidari izango dira Iñaki Zubeldia, Edu Zelaieta, David Tijero, Inma Errea eta Itziar Madina euskaldunak eta Sebastiá Alzamora, Vicent Alonso, Vicenç Pagès, Joan-Daniel Beszsonoff eta Inma Monsó katalanak.
Harrera publikoa, ostiralean eginen zaie, arratsaldeko 8etan Urdazubin. Larunbatean, berriz, hitzaldia izanen da ordu berean Isidor Cónsul-en eskutik, gaia 'Kataluniako literatura gaur egun', 9etan Lux Mundi liburuaren aurkezpena eginen eta 11etan poema errezitaldia 'Mugaldekoak-Poemes i cançons de frontera' izenburupean. Informazio gehiago, EIEren webgunean, hemen.