euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

aurkezpena

31/12/2007

PUBLICIDAD

BasqueHeritage.com Euskal Diaspora eta Kulturaren inguruko proiektu bat da, sarearen bidez hedatzen dena eta gaur egun emaitzarik agerienak albiste buletin egunkari bat eta webgune/atari bat dituena, Diasporaren egitatea barrutik bizi duen euskaldun talde batek sortu eta kudeatutako ekimena. Gero eta interkonektatuagoa azaltzen den mundu honetan, euskaldunok bertan adierazpide propioz egon behar dugula pentsaturik, Diasporari dagokionez, han-hemenka egiten diren ekarpenen berri ematen saiatzen da, Euskal Herrian eta munduan zehar barreiatutako euskal senitarte zabala zein publiko orokorra kontutan hartuz.

BasqueHeritage.com ekimena Euskal Herria eta bere Diasporaren arteko zubilana egiteko sortu zen. Edozein harreman mota bultzatu eta sendotzeko lehenengo pausoa elkar ongi ezagutzea dela pentsatuz, eta ohartuta historian zehar zein gaur egun ere Diasporako euskaldunek euskalgintzari eta amankomuna dugun kultura eta unibertsoari eginiko ekarpenak aski ezagutuak ez direla, horretan hondar-ale bat ekartzearren hasitako ahalegina da geurea.

Paperetik internetera

Paperetik abiatua: papera izan genuen geure lehenengo euskarri. Eta Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioa eragile, Euskal Kultura izeneko buletina hasi ginen kaleratzen Txileko Santiagon 1998an, banaketa Txilen ez ezik Argentina, Uruguai eta Venezuela, Panama, Puerto Rico, Mexiko eta Estatu Batuetan ere eginez. Paperezko edizio hark bost zenbaki eman zituen, eta geroagoko urratsen aurrekari garrantzitsu bilakatu zen.

Interneterako jauzia 2001ekoa da, eta bikoitza izan zen. Batetik, Diasporako Euskal Herrien berri emango zuen proiektu zabalago baten barnean, Estatu Batuetako Euskal Herriaren berri ematen zuen webgune bat abiarazi genuen, ingelesez eta euskaraz, Basque Heritage markapean. Webguneak, euskal AEBen aurkezpena egiten zuen, egitate euskal-iparramerikarraren ezaugarriak batuz, bertako euskaldunen historia, euskal etxeak, testu eta argazki datu-base bat, AEBetako euskal baliabideen bilatzaile bat eta beste zenbait atal esanguratsu bildurik Estatu Batuetako Euskal Herriari buruz.

Diasporari buruzko egunkari bat

Bestetik, eta paperezko Euskal Kultura buletinari segida emanez, albistegi bat ere abiarazi zen, hau gehienbat gaztelaniaz euskarazko atal batzuekin, batez ere Latinoamerikari eta oro har gaztelaniaz mintzo den munduari begira. Interneteko buletin honen eta Ipar Ameriketako webgunearen lehenengo urratsak ere aipatu Euskal Fundazioaren laguntza eta babesari esker sareratu ahal izan ziren.

Euskarri berrian asmo eta xedeek aurreko berberak segitu zuten: Euskal Herria eta bere Diasporaren errealitatea gehiago eta hobeto ezagutaraztea, oraingoan internetek eskaintzen dituen abantailez baliatuta; eta lehenengo buletin inprimatuan eslogan adierazgarritzat hartutako 'Esanak egin, eginak esan' hari zentzu eguneratua ematea, munduan zehar euskal kultur eremuan lanean ari den jende askoren ahaleginaren berri egungo bitartekoz gure artera ekarriz, 'ahalegin horrek eta gure jakiteko eskubideak ere hala merezi eta agintzen dutelako', orduan aitortzen genuenez

Ekarria elkarren bilgarri dugun euskal kulturari

Horrexek segitzen du izaten geure egungo kezka eta eginahalen eragile: han edo hemen jaioak izanik munduko euskal familia osatzen dugun milaka jendek, bakoitza bere ezaugarri partikularretatik, partekatzen dugun kulturari egiten diogun ekarpen eta emaitza islatu eta haren berri hedatzea; ororen buru, euskaldunok, handik edo hemendik, munduari, geure baitandik, garenetik abiatuta, eskaintzen diogun ekarria plazaratzea.

Gogo eta izpiritu horrek gidatuta, BasqueHeritage.com eta haren baitan EuskalKultura.com berritzen joan dira hondarreko urteotan. Estetika eta diseinu aldetik, baina baita ere barne egitura eta proiektuaren konsistentziari begira.

Udalbide, Gipuzkoako Aldundia, EJko Kultura Saila

Ekonomikoki, interneteko hasieran Euskal Fundazioaren laguntza eskuratu ondoren, geroztik ezinbestekoa den finantziazio minimoari dagokionez gabezia handietan ibili gara eta 2006ko ekitaldia Udalbide erakundeak eskainitako laguntzari esker izan da posible. Aukera baliatzen dugu Udalbideri bere sostengu hori eskertzeko, eta baita ere Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Aurtengo ekitaldiari dagokionez, geroaren norabidea bi erakunde horiek eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak baldintzatuko dute, geure motorrik handiena euskal kultura eta Diasporarekiko engaiamendua eta egiten dugun lanarengan sinestea badira ere, argi dago sostengu ekonomiko minimo bat eskuratu gabe ezin izango dugula aurrera egin.

Komunikabide proiektu independente bat

Hauxe da geure historiaren eta garenaren laburpena. Geure pario edo apustua, Euskal Herriaz eta bere Diasporaz informatuko duen hedabide independente eta aldi berean profesional eta engaiatua izatea. Beste harek esan zuen bezala, Euskal Herriak eta bere Diasporak elkar ezagutu eta elkarrekin topatzeko esparru eta aukera bat izatea.

Lan honetan, geu egitura profesional minimoa gara, geure lana, munduan barreiaturiko lankide bolondres andana baten lanarekin uztartuta, Jakina, bestalde, langintza honetan zinez ongietorria dela zeure laguntza, irakurle. Proposamen edo ideiarik partekatu nahi baduzu, aski duzu hona idaztea.

Besarkada bero bat,

Joseba Etxarri
Zuzendaria


Comentarios

« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia