euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Argentinako Mar Chiquitan jaio zen 'Etxepare, Aldudeko medikua'ri buruzko liburua aurkeztu zuten atzo Bilbon

16/02/2007

Kepa Altonaga atzo Bilbon eginiko aurkezpenean
Kepa Altonaga atzo Bilbon eginiko aurkezpenean

PUBLICIDAD

Zortzigarren probintzian jaio --Argentinako Mar Chiquita herrian-- eta sei urte zituela itzuli zen Europako Euskal Herrira Jean Etxepare, Etxepare mirikua, geroztikako bizimodua bertan egiteko. Bordelen sendagile ikasi eta Lekornen, Alduden eta Kanbon ibili zen mediku euskal literaturan bereziki emankorra izan den deitura daraman Etxepare euskalargentinar hau. 1919an, Euskaltzaindia sortu berritan, euskaltzain urgazle izendatu zuten eta mediku gisa ere pilotarien eritasunei buruzko tesia idatzi zuen. Atzo, bere bizitzari buruzko liburua aurkeztu zuten Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, Urrutia euskaltzainburuak, Mees EHUko Euskara errektoreordeak eta Kepa Altonaga liburuaren egileak berak.
'Etxepare, Aldudeko medikua' atzo aurkeztu zuten Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Akademiaren Bilboko egoitzan. Ekitaldiko partaide izan ziren Andres Urrutia euskaltzainburua, Ludger Mees Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara errektoreordea, eta Kepa Altonaga egilea bera. Liburu honekin CAF-Elhuyar zientzia-dibulgaziorako saria irabazi zuen Kepa Altonagak 2003an. Orduan saritutakoa, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da orain.

[Eskuinean lehen lerroan, liburuaren ale bat, mahaian berau aurkeztu zuten hiru pertsonak mintzatzen ari direla]

'Jean Etxepare guztiz intrigagarria da', horrela adierazten du Kepa Altonagak hitzaurrean liburua idazteko izan zuen arrazoietako bat: 'Nire begietarako Jean Etxepare idazle dotorea da, eta zorrotza, berritzailea, eta irekia; areago, Jean Etxepare idazle ekumenikoa da. Atseginez irakurtzen da'. Bere hitzak erabiliz, Etxeparek eboluzionismoa euskararen mundura sartu nahi izan zuen; Altonagari, 'erabakigarri' suertatu zitzaion hori. 'Une horretatik aurrera gogo bizia eduki izan dut, idazleaz bestalde gizona ulertzeko, eta bai gizon horren ingurua ere', aitortzen du.

Pertsona, zientzia, garai bat

Gogo horrek bultzaturik, Jean Etxepareren nortasuna eta ibilbidea ezagutu nahi izan ditu Altonagak. 'Etxepare, Aldudeko medikua' liburuaren bitartez, Jean Etxepare medikua bere testuinguruan ulertzen ahaleginduko da, izan ere 'izatez, Aldudeko medikuaren bizitza eta obra izan dira liburu honen ardatza eta denbora-bidaiarako aitzakia'. Honelaxe, pertsonaren ibilbideaz eta pentsamenduaz baliaturik, zientziaren aspektu orokor batzuk eta garaiko Euskal Herriaren berri ematen du Altonagak bere liburuan.

Kepa Altonaga Biologian doktorea da eta Zoogeografia eta Ornogabe Ez-Artropodoen Zoologia irakasle Euskal Herriko Unibertsitatean. UEUko kidea da eta UZEI eta Elhuyarrekin kolaboratu izan du. Euskaltzain urgazlea ere bada. 'Folin markesa: marraskiloak eta euskaldunak uharte galduan' (1998) eta 'Armand David, pandaren aita' (2001) liburuak argitaratu ditu. [Ezkerreko argazkian, atzo Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egin zen aurkezpen ekitaldiko momentu bat]

Idazle laiko bakarrenetarikoa

Jean Etxepare Bidegorri (1877-1935) Argentinan jaio zen, Buenos Aires probintziako Mar Chiquita herrian, eta haurra zela bueltatu zen Euskal Herrira. Medikuntza ikasi zuen Bordelen eta 1901ean doktore-tesia aurkeztu. Garaiko idazle laiko bakarrenetarikoa izan zen. Gaztetandik Eskualduna aldizkarian kolaboratzen hasia, bi liburu eman zituen argitara: 'Buruxkak' (1910) eta 'Beribilez'. Etxepare, Eskualtzaleen Biltzarreko lehendakari izan zen eta Gure Herria aldizkariaren buruorde eta idazkari nagusia. Kanbon hil zen, 1935ean. Bere lan guztiak bildu eta argitaratu ditu Piarres Xarritonek.


LOTURA INTERESGARRIAK

Jean Etxepare-ren bibliografia, aipamen eta estekak
Literaturaren Zubitegian

'Literatura vasca en el siglo XX' (pdf)
Eneko Zuloagak aurkeztua, 2005eko uztaila, gaztelaniaz

'Hace 128 años nacía en Mar Chiquita Jean Etxepare'
EuskalKultura.com-en 2005eko urriaren 31ean argitara emana


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia