euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Peio Jorajuria, Seaskako lehendakaria: «Ipar Euskal Herrian, euskara debekatua da» (en Berria)

23/04/2023

Hizkuntza politika eraginkor bat martxan jartzeko borondate politikoa eskatu die Jorajuriak Ipar Euskal Herriko erakundeei, baina Frantziako Estatuaren oztopoak gainditzeko beharra ere ikusten du.

Enlace: Berria

Ekhi Erremundegi Beloki  / Baiona, Lapurdi. Baionan bildutako milaka jendeen indarrak aro berri bat irekiko duela espero du Ipar Euskal Herriko euskalgintzan. Peio Jorajuria (Azkaine, Lapurdi, 1979) Seaskako lehendakariak hartu du hitza Euskal Konfederazioaren izenean hizkuntza politikaren argi-ilunak aletzeko.

Suprefeturatik abiatu eta Xaho plazara iritsi da manifestazioa, EEP eta departamenduko kontseiluaren aitzinera. Frantziako Estatua interpelatzea da helburua, baina tokiko erakundeak ere jomugan ezarri dituzue.

Gaur egun hizkuntza politika eramateko lau egitura publiko badira: Euskal Hirigune Elkargoa, Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Akitania Berria eskualdea eta Frantziako Estatua. Haiek dute definitzen eta obratzen hizkuntza politika. Manifaren helburua laurak interpelatzea izan da, laurek baitute erantzuna. Estatuak bereziki, legeak bozkatu eta dekretuak aplikarazten baititu; haren esku da administrazioa, eta blokeatze handienak hortik ditugu. Baina beste egiturek ere badute erantzukizuna. Hizkuntza politika bereziki elkarteek dute eramaten. Egunerokoan guk ditugu gau eskolak antolatzen, aisialdiak antolatzen, eskolak kudeatzen... ez egitura publikoek. Egitura publikoen sustengua behar dugu, bai legez, bai administratiboki, eta baita diruz ere.

EEPren aurrekontua bikoiztea nahi duzue.

Ez da mugitu azken zazpi urteetan. Garapen eta Hautetsien kontseiluetan eramandako gogoetetan, aho batez onartu genuen EEP tresna egokia zela, eta aurrekontua bikoiztu behar zela. Horretarako, kide bakoitzak bere ekarpena bikoiztu behar du; ez du egitura bakar batek ere egin urratsa. Ez bada dirurik, tresnak ez du funtziorik betetzen ahal. Eta diruaz gain, badira bakoitzak kudeatzen dituen arloak: harrera publikoak beren egoitzetan, komunikazioa... gaur egun ez da euskaraz egiten; euskarara itzultzen da komunikazioaren parte bat. Bigarren mailako hizkuntza bezala tratatzen gaituzte.

Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak dio aurrekontuaz ez zela adostasunik lortu.

Egiazko hizkuntza politika bat eramateko diru hori behar zela ez du inork dudan ezarri. Nork eman behar zuen dirua, horretan izan dira desadostasunak. Bakoitzak pagatu behar izan duelarik, hor izan dira dudak. Bagenekien eta badakigu, diru mailan ez dela hizkuntza politika ausart bat eramateko aski. EEPk zentralizatu ditu diru laguntza guziak, zepo horretan ere erori gara garai batean. Erraztasun bat ematen du, hizkuntza politika koherente bat ematen du, baina euskalgintzako elkarteen diru iturri publiko kasik bakarra EEP bilakatu da; eta EEPri ezartzen zaizkiolarik mugak euskalgintza osoari ezartzen zaizkio. Euskalgintzako elkarteek dute hizkuntza politika eramaten, eta, ez badira finantzatzen, bertan behera eroriko da.

Ekainerako egin behar du EEPren ebaluazioa Frantziako Estatuak. Euskalgintzak zer ebaluazio egiten du?

Momentuko ez gara horretan. Ikusi behar dugu EEPko kideek zer egin nahi duten tresna horrekin. Horrek ere baldintzatuko du ondoko urteetako hizkuntza politika. EEPk ekarri dio euskarari esparru komun bat beharrak elkarrekin definitu ahal izateko; baliabideak eta eskumenak falta dira. EEPk erraten duelarik aisialdiak euskaraz izan behar liratekeela, baina ondotik herriko etxeek ez dutelarik neurririk hartzen, Uda Leku lagunduz edo bere baitarik antolatuz, hor dira EEPren mugak. Ez du EEPk deus inposatzen ahal. Eta, maiz, egitura publikoak ezkutatzen dira EEPren gibelean.

Azken urteetan haustura ere izan da: aholku batzordean parte hartzeari uko egin zion euskalgintzak 2015eko abenduan.

EEP sortu zelarik duela hogei urte, hastapeneko adostasun bat bazen norabide eta erritmo bati buruz, baina ondotik gertatu da hizkuntza politika hori ez dela martxan ezarri. Horrek hausturak ekarri ditu. Garai hartan eman genituen aholkuak onartuak izan ziren, baina ez dira oraindik aplikatuak. Non da interesa ondoko urratsak marrazten segitzeko aitzinekoak ez badira oraindik obratuak izan? Horrek ez du kentzen arloz arlo badirela gai tekniko andana bat, eta horietan guzietan segitzen dugu, hala ere, elkarrekin lan egiten. EEP ere hor da bitartekari gisa zenbait egituraren artean. Hizkuntza politika 2.0 aipatzen genuen garaian, baina ez gara sekula iritsi. Ez da berantegi; orain izan daiteke.

2017tik Euskal Hirigune Elkargoa da EEPren lau zutabeetako bat. Hizkuntza politikaren eskumena hartu, eta euskara bere lurraldeko hizkuntza gisa identifikatu zuen. Motor bat da gaur egun?

Izan behar luke, eta badu potentziala izateko. Baina maluruski motorrak ez ditu oraindik piztuak. Behar izan du denbora martxan ezartzeko, abiatzeko, eta agian abiaduraz aldatuko da ondoko urteetan, bere rola betetzeko. Baina egunerokoan euskalgintzan ari garenok badakigu hori baino anitzez fiteago joan behar dela hirigune elkargoa. Baditu hainbat arlo bere gain hartzen dituenak, zuzenki kudeatzen dituenak, eta horiek osoki euskaldundu behar ditu. Eta badu ere indar handi bat: herriko etxeen solaskide nagusia da, eta izan daiteke horien buru hizkuntza politika eramateko momentuan. Hor ere eskas handiak sentitzen dira.

Ez ote du elkargoak ere EEPren gain uzten ardura eta pisu guzia?

Hirigune elkargoan badira gogoetak, badira jende anitz euskararen interesa badutenak, ikusiak ditugu anitz azken urteetan, eta errana diegu zer izan beharko liratekeen ondoko urratsak. Badakite; haien esku obratzea. Hirigune elkargoak bere hizkuntza politika bozkatu eta obratu behar du ondoko urteetan.

Kezka agertu duzue inkesta soziolinguistikoaren datuen aitzinean.

Ipar Euskal Herrian euskararen etorkizuna ez da segurtatua. Inkesta horrek erraten digu ez dela gurea izanen azken belaunaldi euskalduna. Baina, gure haurrena, beharbada. Maluruski ez dugu segurtamena bi belaunaldi pasatuko dituela. Sekulako indarrak biderkatu ditugu azken hamarkadetan, hiztun kopuru absolutuetan atxikitzen dugu, baina portzentajeetan jausten gara. Bi hamarkadaz %25etik %20ra jautsi gara. Eta ikusi dugu mekanikoki zer eragin duen erabileran: hiztun kopuruan bost puntu galtzeak erabilera kasik bitan zatitu du. Eta badakigu berriz bizpahiru puntu galtzen baditugu erabileran ere galduko dugula. Erabilerarik ez bada ondoko urteetan, hizkuntza zinez egoera larrian izanen da. Biztanleen %20 euskaldunak badira, erran nahi du %80 ez direla euskaldunak. Hamar pertsona badira gela batean, estatistikoki badira bi bakarrik euskaldunak direnak; beraz, hamar pertsona baino gutxiagoko talde bat bada, estatistikoki ez da euskaraz aritzen ahal. Gune babestu batzuetan aparte, euskara ez da entzunen, nehor ez da ausartuko euskaraz aritzen, badakielarik bere inguruan denak frantximent hutsak direla.

Zein dira lehentasunak?

Militante gisa eta euskalgintzako kide gisa orain arteko hiru ardatzak segitu behar ditugu: ezagutza, erabilera eta motibazioa. Badakigu epe laburreko etorkizuna segurtatzeko horiek ezin ditugula bazterrera utzi, eta segitu behar dugula hiztunak sortzen, erabilera guneak sortzen, motibazioa bultzatzen... Baina epe luzera bada beste urgentzia bat: debekuak kentzea. Gaur egun, Ipar Euskal Herrian, euskara debekatua da. Azterketen gaiak ongi adierazten du: baxoan debekatzen digute gure hizkuntza baliatzea. Lizeo publikoetan, praktikan, euskara debekatua da. Erreformarekin, hautazkoen aldaketarekin, lizeo publiko batean ezin da euskara ikasi, ezin da euskara baliatu. Ezarri dituzte arau administratibo batzuk euskara debekatzen dutenak. Kanpoko esparru guzietan baditugu horrelako debekuak.

Zehazten ahal duzu?

Afixa bat euskaraz egitea debekatua da. Elebidunez egin behar da. Langile bat kontratatzeko momentuan euskara eskatzea diskriminazio gisa kontsideratua da. Lortu ditugu derogazioak, baimen ez-ofizialak, baina legeak dio ilegalak garela. Frantziako Konstituzio Kontseiluak erran du ikastolak antikonstituzionalak direla. Debeku horiek badireno, erantzun bakarra lan militantea da. Baina ez dugu hozka bat gaindituko ez baditugu arau horiek gainditzen. Badira Paristik heldu diren legeak, baina behar ditugu ere bakoitzak barneratu dituen debekuak hautsi. Lehenik erakundeek: harrera osoki euskaraz egitea herriko etxe batean legez debekatua da. Baina egiten badu, ez dio inork trabarik ezarriko. Ipar Katalunian auzitan dira herriko kontseiluetan katalana erabiltzeagatik. Borroka hori eraman beharko da; eta, bai, administrazio auzitegiak debekuak ezarriko ditu. Baina horien gainetik egin daiteke. Ausardiaz joan gaitezke gaur egun egiten duguna baino askoz gehiago egitera.

Ikusi gehiago: Euskararentzat aro berri bat zabaltzeko eskatu dute Baionan

Ikusi gehiago: «Etsai nagusia administrazioa da; haiek dute boterea»

 



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia