euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Nola egiten den bat euskaldun (from Berria)

11/11/2020

Euskaldun egin eta izateaz, bertzetasunaz eta hautu politikoaz. Horretaz eta askoz gai gehiagoz aritu dira Lutxo Egia eta Irene Arrarats Emakunderen bigarren solasaldian.

Link: Berria

Maddi Txaperena Iribarren. Zer da euskalduna izatea? Nola egiten da norbait euskaldun? Eta zer dakar horrek guztiak egunerokoan? Galdera horiei erantzunez bertze hainbat galdera sortu zituzten atzo Lutxo Egiak eta Irene Arraratsek, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Saiburuordetzak eta Emakundek antolaturiko Euskara eta feminismoa bidelagun jardunaldietako bigarren solasaldian. Hitzaldiaren izenburuak berak hala zioen: Ez gara euskaldun jaiotzen, egin egiten gara. Eta abiapuntu horretatik hasita, hamaika gogoeta egin zituzten hizlariek euskaldun izateaz, horrek dakarren subalternitateaz eta euskaraz bizitzeko (edo ez bizitzeko) egin beharreko hautu politikoaz.

Kontzeptuak eta haien erabilerak ez baitira neutroak. Egia: «Tipologiak sortzen ditugu errealitateak adierazteko. Ez dira berezkoak, ez dute balio absoluturik». Eta hala, beraz, euskaldun hitzak ere. Arrarats: «Kategoriak ez dira aldaezinak: errealitateak hizkerari eragiten dio, eta alderantziz. Nola pentsa, hala mintza». Bi-biek adierazi zuten botereari lotuta dagoela errealitate hori, eta, beraz, baita euskaldun tipologiaren erranahia ere. «Askotan esaten da hitza duenak ezpata bat duela. Esango nuke alderantziz dela: ezpata duenak du hitza», adierazi zuen Arraratsek. «Ezpata hori boterea da, noski».

Baina nork definitzen du zer den euskaldun izatea? «Erdarak boterea dauka gure hitzak ere itxuragabetzeko», Arraratsen ustez. Eta, horrenbertzez, euskaldunentzat zein behar luke euskaldun hitzaren definizioak? Egiak hainbat proposamen bota zituen; Arraratsek, berriz, «adiera klasikoaren» alde egin zuen: «Euskalduna da euskaraz jakin eta mintzo dena, eta definizio horri eutsi behar diogu; bestela, oparitu egingo diogu beste hizkuntzen ikuspegiari. Oso arriskutsua litzateke». Euskaldun eta erdaldun bereizketa «kategorizazio zaharrena eta modernoena» da aldi berean, Arraratsen ustez: «Bestetasunaren intuizio brutal bat da». Azaldu zuen erdaldun hitza definitzeko premiarik ez dela sentitzen «erdara delako hizkuntza ez-markatua, neutrala, alegia, munduan gizona dena»; eta euskaldunak, aldiz, «besteak»: «Euskara emakumea da, eta, batzuetan, ez da iristen emakumea izatera ere: nik uste dut asteriskoa edo izartxoa dela. Euskaldunok besteok gara, baina ez da bestetasun erreziprokoa».

Arraratsen ustez, «inklusiboa» da kategorizazio hori: «Guretzat euskaraz ikasten duen edonor euskaldun bilakatzen da, eta berdin zaizkigu zirkustantziak. Horrek esan nahi du euskaldun izateko era guztiak posible direla». Alegia, ez duela zertan lotuta egon alderdi politiko batekin edo erlijio batekin, adibidez.

Euskaraz aritze eta, beraz, euskaldun izate hori ez da gatazkarik gabea, ordea. Egiak azaldu zuen, erraterako, nola 2015ean Bilbon egin zuen performancean —hilabetez euskaraz bizitzen saiatu zen, gaztelania alboratuta— ikusi zuen egunero egiten dela bat euskaldun. Eta, gainera, ez denbora guztian: «Euskaldunaren esperientzia diskontinuoa da: trantsitatzera behartuta gaude». Nabarmendu zuen, halaber —eta Judith Butlerrek generoarekin erran bezala—, euskaldunak ere «arau sozialen baitan» eraikitzen direla etengabe: «Jasoko ditugu zigor batzuk, sari batzuk...».

Hautu politikoaz

Egiak nabarmendu zuen «erradikal» eta «ero» deitu zutela zenbaitek performanceagatik. Arrarats: «Lore bat da hori: errora jo zenuelako». Biek nabarmendu zuten, hain zuzen, euskara «despolitizatzeko» deia egiten dela maiz, baina okerra dela: «Euskara erabiltzea ekintza eta hautu politiko bat da», nabarmendu zuen Arraratsek. Baina baita gazteleraz edo frantsesez aritzea ere: «Nola erdara den neutroa, naturala... ematen du ez dela ekintza politiko bat; eta, jakina, bada».

Arraratsek ohartarazi zuen, ordea, hautu politiko hori pertsonala eta kolektiboa dela aldi berean: «Batzuek ez dute aukeratzeko libertaterik; esaterako, bizimodu guztiz prekarioa dutenek; halakoetan, hautu politikoa beste norbaitek egin du haien ordez: adibidez, ez duelako baliabiderik jarri euskaraz doan ikasteko». Egiak azpimarratu zuen «gatazka dagoen neurrian» sortzen dela «hautu» hori: «Gatazkan sortzen eta eraikitzen gara euskaldun gisa». Gatazkari konotazio negatiboa kendu beharraz aritu zen Arrarats: «Gatazkak ez du zertan txarra izan: bestela, ez genuke aurrera egingo». «Itun» batera deitu zuen, galdera bat eginda: «Justiziazkoa da Euskal Herrian edozein eremu eta zirkustantziatan euskaraz jardutea? Bai baldin bada erantzuna, moldatuko gara». Horrek erran nahi luke, Arraratsen ustez, ETB2ko El Conquistador del Caribe saioan parte hartzaile euskaldunek euskaraz egin ahal izatea, erraterako. Egiak «alde diskurtsiboa» lantzeko deia egin zuen: «Euskaldunok eta euskaltzaleok ideologikoki sendoagoak izan behar gara».



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia