euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Jesus de la Fuente, Graphenea-ko sortzailea: “Indartuta aterako gara krisitik, nahiz eta garesti ordainduko dugun” (from Spri.eus)

03/25/2020

Egoitza Gipuzkoako Zientzia eta Teknologi Parkean duen Graphenea enpresa bioteknologikoak -filial bat ere badu Bostonen-, beste euskal enpresa askok bezala, bere burua berrasmatu behar izan du COVID-19 birusaren pandemiak eragin duen osasun alertaren erdian, bere talentua, gaitasunak eta instalazioak aprobetxatzeko eta osasun arloko agintarien zerbitzura jartzeko. Kasu honetan, bere grafeno produkzioaren zati bat ikerketarako emateaz gain, gel desinfektatzaileak (hidrogelak) fabrikatzeko linea txiki bat jarri du martxan, premia gehien duten kolektiboei eta kolektibo zaurgarrienei laguntzeko.

Link: Spri.eus

2010ean Jesús de la Fuentek sortutako startup hau mundu mailako erreferenteetako bat da bere merkatu nitxoan: kalitate handiko grafeno olatak fabrikatzen ditu eta material horretan oinarritutako teknologiak sortzen ditu.

Nola daude gauzak Estatu Batuetan?

Hemen Euskadin baino astebete atzerago gaude, baina hartzen ari diren neurriak nahiko antzekoak dira. Ikastetxeak eta bulegoak itxi dituzte, eta mundu guztiak heldu dio telelanari. Enpresa arloaren ikuspegitik, desberdintasun handiena izan liteke aldez aurretik ikusten dugula beste herrialde batzuetan gertatzen ari dena, eta jendea -batez ere enpresa bioteknologiko eta farmazeutikoak- azkarrago hasi dela lanean pandemia honi irtenbide bat aurkitzeko.

Testuinguru horretan, duela egun batzuk erabaki zenuten zuen grafeno produkzioaren zati bat ematea ikerketarako. Nola sortu zen ideia hori?

Enpatia hutsez izan da, ikusten genuelako beste enpresa batzuk ere beren ekarpena egiten ari zirela borroka honetan. Pentsatzen hasi ginen guk zer egin genezakeen, eta otu zitzaigun grafenoa dohainik eskain geniezaiekeela ildo desberdinetan lanean ari diren enpresa eta zentroei. Baina berriro diot, arrazoi moralengatik egin dugu, gure lantaldeak zerbait egin nahi zuelako hemen eta orain.

Eta nolako harrera izan du proposamenak?

Oso pozik gaude. Estatu Batuetako bi taldek eta Asiako beste batek erantzun interesgarriak eman dizkigute etorkizun handiko proposamen oso abangoardistekin, eta dagoeneko bidali diegu gure materiala lanean jarrai dezaten. Hemen, Euskadin, harremanetan gaude Osakidetzarekin, edozertan laguntzeko.

Horrelako garapenen arazo nagusia da denbora behar dutela, eta horixe da ez daukaguna…

Hala da, bai, baina zientziak bere faseak eta bere metodologia dauzka, eta horrelako proiektuek denbora beharko dute, saio klinikoak egin behar direlako, saio horiek baliozkotu, e.a. Nolanahi ere, ongi etorriak izango dira.

Graphenea-ren kasuan, enpresa bezala, zer ikasi duzue egunotan?

Egoera honek gauzak birplanteatzera behartu gaitu, eta gure gaitasun intelektualak nahiz fisikoak ahalik eta gehien zukutzen ari gara. Kasu honetan, konturatu gara grafenoa fabrikatzeko gaitasunaz gain, badauzkagula lehen mailako nanoteknologiako laborategiak, erreakzio kimiko eta formulazio desberdinak egiteko beharrezko ekipamenduarekin hornituak daudenak. Beraz, Osasunaren Mundu Erakundearen (OMS) gomendioari jarraiki, gel desinfektatzailea (hidrogela) fabrikatzen hasi gara ospitaleei, nagusien egoitzei, poliziari, eta abar bidaltzeko. Gel horien premia duten pertsona eta kolektibo zaurgarrienentzako. Fabrikazio-prozesua nahiko erraza da, eta badauzkagu gelak garatzeko behar diren kontrol eta kalitate neurriak, beraz, harro gaude laguntzen ari garelako.

Osasun larrialdiaren ondorioz zuen lan-ohiturak aldatu behar izan dituzue?

Enpresa askok bezala, egoera berrira moldatu behar izan dugu: jarraipen protokolo bat egin dugu eta lantaldeak bereizi ditugu beren artean kontakturik izan ez dezaten, ez bakarrik laborategi barruan, baizik eta baita ere sarrera eta irteeretan edo enpresako gune komunetan. Era berean, lantaldeak talde txikiagotan banatu ditugu, lantalderen bat berrogeialdian jarri behar bada, gainerakoak trantze horretan jarri beharrik ez izateko.

Nola motibatzen da lantalde bat, kontuan izanik Donostiatik hain urrun zaudetela eta salbuespeneko neurriak hartu behar dituzuela?

 Uste dut krisi honen ondorioz denok ohitu behar izan dugula bideokonferentziak egitera eta urrunetik lan egitera, derrigorrez laborategian egon beharra daukaten lankideek izan ezik. Eta ikusitakoa ikusirik, ni neu behintzat oso pozik nago gure langileek azaldu duten motibazioarekin eta konpromisoarekin. Uste dut izan beharreko jarreraren, profesionaltasunaren eta konpromiso sozialaren eredu direla; izan ere, bere garaian medikamenduak fabrikatu zituen lankideetako bati otu zitzaion hidrogelak fabrikatzeko ideia. Horregatik, iruditzen zait gure langileen konpromiso eta motibazio maila txapela kentzeko modukoa dela, eta ziur nago gauza bera ari dela gertatzen Euskadiko beste enpresa askotan.

Zer ikasiko dugu krisi honetatik?

Uste dut asko sufrituko dugula eta gaizki pasako dugula, baina indarturik aterako garela. Ziur nago. Krisi honek pertsonen eta, oro har, gizartearen gauza on asko azaleratu ditu. Horregatik, seguru nago indartuta aterako garela honetatik, nahiz eta garesti ordainduko dugun, honek ekarriko duen kostu humanoagatik.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

The most read

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia