euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Jaurlaritzako Gazteria zuzendaria euskal gazteen lankidetza proiektuak bisitatzen ari Perun (from Euskadi.eus)

09/21/2015

Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendari Jon Redondo, Perun da aste honetan zehar, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren bidez herrialde hartan lankidetzan ari diren gazteen proiektuak bisitatzen. Izan ere, Peru da aurten programa horren bidez aukeraturiko euskal gazte kopururik handiena hartzen duen herrialdea. 39 euskal gaztek dihardute lankidetzan Perun, Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE) bultzatutako 17 proiektutan, uztailean hasi eta irailaren amaieran berriro nor bere etxera itzuli arte.

Link: Euskadi.eus

Asteburu honetan zehar, larunbatez eta igandez, Jon Redondok Collique eta Lurigancho barrutietan (Limako eremu metropolitarrean) nahiz Lima hiriburuan gauzatzen ari diren lau lankidetza proiektu ezagutu ditu. Colliquen eta Luriganchon, Senso San Viator Euskal Herria erakundearen hiru hezkuntza-proiektu ikusi ditu Redondok bertatik bertara. Hauetan, zazpi euskal gazte ari dira lanean, gizarte hezitzaile, psikologo, irakasle, pedagogo nahiz matematikari. 

Lima hiriburuan berriz, Benito Menni Fundazioak kudeatzen duen Eguneko Zentrora hurbildu da Gazteria zuzendaria. Euskadiko Gazteak Lankidetzan programak aukeratutako bi gazteren laguntzaz (psikologoa da bata eta terapeuta okupazionala bestea), euskal fundazio hau eskizofrenia duten gaixoen prebentzioaz, tratamenduaz eta errehabilitazioaz arduratzen da, kontuan izanik kasu askotan gaixo hauen egoera are gehiago larritu ohi dela pobrezia egoeragatik.

Datozen egunetan berriz, Trujillo hirian, Yungay eskualdean nahiz Cuscon garatzen ari diren proiektuak ikusiko ditu Jon Redondok. Yungay-ko San Viator Zentroan, eta Senso San Viator Euskal Herria  erakundeari esker, irrati eta telebista komunitarioak dituzte martxan. Azken hiru hilabete hauetan zazpi euskal gazte ari dira lankidetzan bertan. Irakasleak, psikologoak, komunikatzaileak eta komunikazio digitaleko teknikariak dira, nagusiki.

Cusco hirian, Mugarik gabeko Arkitektoak elkartea Hatun Soncoo Wasi edo Bihotz Handiko Etxea deritzon aterpetxeaz arduratzen da. Cusco eta Paruro probintzietako goi-mendietako nekazal herrietan lehen hezkuntzako ikasketak amaitu dituzten neska-mutilak hartzen ditu aterpetxe honek. Izan ere, lanera eta bigarren hezkuntzako ikasketekin jarraitzera hirira jotzen baitute. Hiru euskal hezitzaile ari dira proiektu honetan lanean hil honen amaiera arte.

Azkenik, eta hau ere Cusco eskualdean, Solidaridad Internacional GKEak komunitate indigenen garapena xede duen zentro bat koordinatzen du. Partaidetzan oinarrituriko komunitate indigenen garapen integralaz arduratzen da zentro hau. Horretarako gizon zein emakumeak gaitzen eta prestatzen ditu, ingurumenaren kudeaketa egokirako, eskualdeko bizigarritasuna hobetzeko, eta gobernagarritasun inklusiboa indartzeko. Bi euskal gazte ari dira lankidetzan esperientzia honetan.  

Bisita hauetan guztietan, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariak aukera izango du, eta halaxe ari da izaten, lankidetzan diharduten gazteekin hitz egiteko. Honela, proiektuen garapenaren eta egunez egun sortzen diren zailtasunen berri izateaz gain, gazteek azken hiru hilabete hauetan izan dituzten esperientzia eta bizipenen berri ere izango du, aurrez aurre.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2015

Uztailean, abuztuan eta irailean zehar, 39 euskal gazte ari dira borondatezko lanean Perun, Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Gazteak Lankidetzan programari esker. Programa hau, hainbat GKE Perun burutzen ari diren 17 proiektutan ari da aurten lanean.

Peruz gain, Amerikako beste zenbait herrialdetan ere ari dira lankidetzan euskal gazteak, hala nola, Ekuadorren, Bolivian, Kolonbian, Haitin, Guatemalan eta Hondurasen. Baina baita Afrikako (Benin, Kamerun, Kenya, Burkina Faso, Senegal, Hegoafrika, Ghana) eta Asiako (India eta Filipinak) herrietan ere. Orotara, 89 gaztek egin dute uda solidarioago baten aldeko hautua herrialde horietan lan eginez, 46 lankidetza proiektutan eta 49 GKErekin.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa 1993an jaio zen, garapen bidean diren herrialdeetan boluntariotza lana egin nahi duten 20 eta 30 urte biartarteko gazteei zuzenduta. Bere helburu nagusia da, gazteen artean elkartasunaren balioa sustatzea, lankidetza proiektuak nola gauzatzen diren bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainita. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak elkarrekin antolatzen dute Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia