euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Gorka Alvarez, Eusko Jaurlaritzako kanpoan den euskal komunitatearen zuzendaria: «Euskal gizartean gaur egun diaspora zer den ezagutarazi behar dugu» (from Naiz)

12/20/2023

18 herrialdetako ordezkariak bildu dira Kursaalean Euskal Gizataldeen VIII. Mundu Batzarrean. Gorka Alvarez buru-belarri dabil kongresua koordinatzen. Diaspora entzuteko beharra azpimarratu du eta, gaineratu du, diaspora aldatu egin dela, baina gaur egun euskal gazteek ere migratzen dutela.

Link: Naiz

Eraldaroa kongresu honetan zenbat ordezkaritza daude?

Hemezortzi ordezkari, hemezortzi herrialde desberdinetakoak eta gutxi gorabehera ehun pertsona baino gehiago gara.

Parte-hartzaileek euskara erabiltzen dute?

Bai. Mahaietan egiten da ingelesa, egiten da frantsesa, egiten da euskara eta egiten da gaztelera. Azkenean gure herriaren hizkuntzak hemen ere islatuta daude.

Aipatzen dugularik euskarren etorkizuna nola landu behar den, polita izango da nola nazioartetik euskara ere ekartzen diguten Euskal Herrira.

Hori da, azkenean Etxepareren ‘Euskara Munduan’ programarekin hainbat jende hainbat euskal etxetan dago, ehun euskal etxe baino gehiagotan, non euskara ematen den eta euskaraz hitz egiten den. Ezin da euskaraz bizi hemen toki batzuetan bezala baina saiakera handia da eta etortzen direnean erakusten dituzte beraien aurrerapausoak gure hizkuntzan eta oso ondo egiten dute. Gainera, ‘Euskara Munduan’ programa saiatzen da bertakoak hezten gero beraiek klaseak emateko. Oso programa polita da eta arrakasta izugarria dauka munduan, batez ere Argentinan eta Estatu Batuetan.

Egunotan agerikoa da hemen kongresuan egiten den lana presentziala izango dela, alboz albo, nazionalitate eta herrialde desberdinetako kideak elkarrekin egongo direlarik. Baina urtean zehar lanketa hori, distantziarako lanketa, nola egiten da?

Distantziak, egia esan, gero eta motzagoak dira. Orain batez ere euskal etxeak joan dira sare sozialetara. Lehen utopia bat zen baina orain Zoom, Meet eta horrelakoak asko erabiltzen ditugu eta ia astero edo hilabetero daukagu komunikazio zuzena. Whatsapp ere oso erreminta ona da eta hori nahi dugu: zubigintza lana egin, beraiekin elkarlanean. Gu gaude Jaurlaritzan bulego batean lau paretarekin eta beraiek ez badigute kontatzen zein behar dituzten edo zein arazo, ez dakigu. Hori da kongresu honen helburua, gure diaspora entzun, euren artean ere errealitate ezberdinak ezagutu. Atzo izan genuen saio oso polit bat non hemezortzi errealitate desberdin jorratu ziren. Herrialde bakoitzak dauka bere kasuistika, atzo helarazi zen eta nik uste dut denon berri izatea oso positiboa dela.

Astelehenean hasi zen kongresua eta lehen aipagaiak euskal etxeen sarea edota diaspora izan dira. Delegazioek nolako proposamenak ekarri dituzte?

Bakoitzak bere errealitatea dauka eta bakoitzak bere proposamen espezifikoak ekarri ditu eta gero jasoko da lau urteko planean. Gu daukagu lege bat, 30 urte dituena. Gure herria aldatu da eta euren herriak ere aldatu dira. Orain mugikortasuna eta komunikazioa aldatu dira eta horiek dira erreminta berriak, onerako eta txarrerako. Hainbat proposamen jarri dira mahai gainean gaur bertan eztabaidatzeko horren inguruan.

Askok pentsatzen dugu diaspora dela antzinako zerbait, baina gaur egun gure gazteak ere kanpora joaten ari dira eta hori ere da diaspora.

Lau urte igaro dira Bilbon azkeneko kongresua egin zenetik. Bertan hartutako neurriek nolako eragina izan dute nazioarteko euskal kolektibitateetan?

Bertan hartutako neurriek batez ere Euskal Diasporaren Eguna bereganatu eta uste dut horretan aurrerapauso handiak eman ditugula. Gero euskara irakasteko momentuan ere aurrerapausoak eman dira. Euren artean komunikazioa sustatze horrek uste dut aurrerapauso izugarriak izan dituela. Gero ‘Euskal Herrian diasporizatu’ leloa asmatu genuen. Hitz hori, ‘diasporizatu’, Euskaltzaindiak ez dauka bere hiztegietan, baina horren atzean dago gauza oso garrantzitsu bat, gure gizartean zer den diaspora ezagutaraztea da. Askok pentsatzen dugu diaspora dela antzinako zerbait, baina gaur egun gure gazteak ere kanpora joaten ari dira eta hori ere da diaspora. Bi errealitate horiek, antzineko diaspora eta gaur egungo diaspora da orain daukagun erronka.

Epe honetan ere aipatu duzu euskal kolektibitatearen lege-proiektua ere badela. Jakin nahiko genuke ea nolako araua den eta kanpoan diren euskaldunek nolako eskubideak dituzten.

Lege hori egin zen momentu batean non guk errealitate bat geneukan atzerrian. Euskal etxeak zeuden Eusko Jaurlaritza baino lehen eta saiatu zen, gutxi gorabehera, lege horren bitartez euskal etxeei betekizunak ematen eta hainbat eskubide bertako kideei. Bere garaian lege hau pentsatuta zegoen bakarrik euskal etxeentzako. Hasi ginen 50ekin duela 30 urte eta orain ia 200 euskal etxe daude. Bere garaian hor zeuden batez ere exiliatutako pertsonak. Gaur egun belaunaldi hori galdu egin da eta legea ordainketa bat zen diktaduran zehar kanpoan euskal kultura eta horrelakoak babestuak izan zirelako. Gaur egun beste errealitate desberdin batean gaude, komunitate izugarri bat dago. Guk orain nahi dugu mundura ireki baina arazo bat daukagu. Euskal etxeak dauden herrialdeetan gaur ez dute euskal immigrazioa hartzen eta hartzen duten herrietan ez daude horrelako erakundeak.

Orduan, ezberdindu nahi dugu erakundeko kide izan, adibidez, Hego Amerikan, hirugarren edo laugarren belaunaldikoa, baina kontenplatu behar dugu lege berri horretan beste errealitate bat eta da gaur egun euskaldun pila kanpoan daudela eta zerbitzuak eman behar dizkiegula herritar guztiei. Orduan, oraingo gakoa dira, alde batetik, herritarrak atzerrian eta, bestetik, euskal erakundeak. Lehen erakundeek zuten pisu handia eta orain parekoak jarri nahi ditugu.

Beste erronketako bat erreleboa izango da. Gaur egun arlo sozialeko ekimenetan asko aipatzen den elementua da. Euskal etxe eta kolektibitateek badute belaunaldi erreleboa?

Badute eta hemen ikusi dezakegu. Duela lau urte egin zen azkeneko kongresua Bilbon eta erdia baino gehiago berriak dira. Orain hemen hamabost gazte daude, ‘Gazte Mundu’ programan parte hartzen ari direnak, 30 urtetik beherako gazteak. Daramagu 25 urte programa horrekin eta hemen dauden ia gehienak hortik pasa dira. Nik uste dut euskal etxeetan azkenaldian esfortzu handi bat egin dela gazteak erakartzeko, mantentzeko, gazteei bere lekua emateko eta hori lan polita izan da, arrakastatsua baina oraindik ere badago egiteko, eta erreleboa badago.

Akaso ere, agian zaila izan daiteke atxikimendu sentimendua mantentzea belaunaldien hurrenkeran. Hain justu Euskal Herritik irtendako belaunalditik gero eta urrunago egonda, zailtasun hori ikusten da?

Bai, ikusten da, baina gero eta gutxiago orain mugikortasuna asko aldatu delako. Euskaldunok joan-etorriak ditugu, gure familia bisitatu dezakegu. Lehen joaten zinen Estatu Batuetara eta 20 urtean ez zinen Euskal Herrira etortzen. Gaur egun komunikazioek asko laguntzen digute guri eta eurei gaur egungo errealitatea ezagutzeko. Duela 20 edo 30 urte etortzen zirenenan joaten ziren beti bere herrixkara, bere baserrira, eta hortik ez ziren ateratzen. Orain, zoritxarrez, baserri horiek ez dira familiarenak, Euskal Herri osoan zehar mugitzen dira eta askok guk baino hobeto ezagutzen dute euren herria. Hor badago abantaila bat, gure herriaren gaurkotasuna eurei erakustea. ‘Gazte Mundu’ da adibide garbia, askok euskal etxeetan daukate errealitate bat eta hortik ez dira ateratzen; Euskal Herria gero eta gehiago aldatzen ari da eta eurek ere euskaldun bezala ezagutu behar dute euren sorterria.

Kongresu honen beste aipagaietako bat ere bada Euskal Diasporaren Eguna. Nolako eguna da? Euskal gizartean errotuago egon beharko luke?

Bai, hori guztiz, errotuagoa egon behar da. Guk egin genuen apustu bat, errealitate hau kaleratu behar genuen, kontziente izan behar ginen herri bezala zer nolako altxorra daukagun kanpoaldean, eta orduan erabaki zen irailaren 8a izendatzea euskal diasporaren eguna. Beti egiten da ekitaldi instituzional bat lehendakaria buru duena, gero eta arrakastatsuagoa, gero eta jende gehiago joaten da, hainbat tokitan. Eskoletan, adibidez, ikasturtearen hasiera denez, ekintzak egiten dituzte diasporaren inguruan. Hainbat elkartek ere zerbait egiten dute horren inguruan. Gure nahia da bultzada bat ematea datozen urteotan gehiago errotzeko gure gizartean. Euskal etxeetan guztiz errotuta dago eta egiten den programa izugarria da. Aurten hemeretzi herrialde desberdinetan ehun ekintza baino gehiago egin ziren egun horretan. Beraz, irailaren 8a da gure eguna, munduan mugimendua dago eta Euskal Herrian gehiago egon behar da.

Joan den hilabetean izan zen Necochean Semana Nacional Vasca eta Euskal Herriko edozein plazatan egotea bezala zen, baina Argentinan. 

Diaspora aipatuta, erreferente izaten da Boisen egiten den jaialdia, bi edo hiru urtean behin. Hurrengo zita noiz izango da?

2025ean izango da. Pandemia zela eta ez zela azkenean ez zen egin eta pasatuko dira ia zazpi urte egin gabe, baina dena prest daukate 2025ean egiteko. Munduan zehar beste jaialdi batzuk daude, ez dira hain ezagunak baina Boisekoa bezain jendetsuak dira. Joan den hilabetean izan zen Necochean Semana Nacional Vasca eta Euskal Herriko edozein plazatan egotea bezala zen, baina Argentinan.

Eta euskara entzuten.

Euskara entzuten, euskal dantzak dantzatzen, euskal jakiak jaten... Azkenean milaka kilometrora etxean sentitzen zara. Beraiek, gainera, gustora daude. Halako festak egiterakoan ikusten da zer nolako nortasuna dagoen eta beraiek nola bizitzen duten. Hori oso errotuta dago eta abantaila da gure herrigintzan. Enbaxdore izugarriak ditugu, diasporako kideak, eta ezin dugu gehiago eskatu.

Kongresu honen erronketako bat izango da 2024-2027 ekintza instituzionalerako lau urterako plana. Zer espero dezakegu plan honetaz?

Aipatu ditugun gauza guztiak dokumentu batean jartzea da. Etxeko lanak jartzea da, ez bakarrik Jaurlaritzari, baita euskal etxeei ere. Bion artean zer nolako gaiak jorratuko ditugun eta eztabaida hauetatik sortuko dira ideiak, gero erabakiko da zeintzuk diren lanerako ildo nagusiak. Hemen nahi duguna da denok identifikatuta sentitzea halako planekin.

Aholkularitza Batzorde bat ere izendatuko da. Zeintzuk dira talde honen funtzioak?

Urtean behin gutxienez elkartzen den taldea da, lau urteko plana betetzen ari garen baloratzeko eta zer nolako bilakaera izaten ari duen ikusteko. Hor euskal instituzioak eta diasporako hiru kide daude. Ostegunean erabakiko dira eta Hego Amerika, Ipar Amerika eta Europa, Asia eta Ozeania ordezkatzen duen kide bana izango ditu.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia