euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Euskaldunen proportzioa apaldu eta apaldu ari da Ipar Euskal Herrian (from Berria)

03/31/2023

Egoera kezkagarria dela onartu du Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak, eta erran du hizkuntza politika «indartsuago» bat beharko litzatekeela. Halere, uste du datu batzuek esperantza eman dezaketela.

Link: Berria

[Artikulu hau grafikorik gabe ere hemeroteka honetara biltzea erabaki dugu, gaiak merezi zuelakoan. Bere osotasunean irakurtzeko, jo mesedez Berriaren estekara]

Ekhi Erremundegi. Ipar Euskal Herriko euskaldunen proportzioa gero eta apalagoa da gaur egun ere. EEP Euskararen Erakunde Publikoak zabaldutako VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 51.500 euskaldun lirateke, hau da, herritarren %20,1. 2016ko joerari jarraikiz, kopuruan doi bat emendatu da, baina biztanleriaren gorakadaren ondorioz, proportzionalki gero eta gutxiago dira. Azken hamar urteetan, 1,3 puntuz apaldu da euskaldunen proportzioa. Datu horien arabera, euskaldun hartzaileak, euskara ulertu bai baina mintzatzeko gai ez direnak, %9,4 dira, eta erdaldunak %70,5. 2021eko azaro eta abendu artean egin zuten inkesta, 16 urte baino gehiagoko 2.000 pertsonako lagin bat hartuta.

EREMUKA

EEPk zabaldutako datuen arabera, euskaldunen proportzioak behera egin du 1996tik 2021era, %26,4tik %20,1era. EEP sortu ondotik, 2006tik hona beherakada apaldu dela ikus daiteke, baina behera egiten segitzen du. Egoera «kezkagarria» dela onartu du Antton Kurutxarri lehendakariak. «Hamar herritarretik zortzik ez dakite euskaraz. Jende anitz heldu da Ipar Euskal Herrira: hiztun kopurua atxikitzen da irakaskuntzaren bidez berriak sortzen direlako. Hizkuntza politika indartsuago batekin emendatzen ahal litzateke».

Adin tarteei behatuz gero, gazteenen artean doi bat igo dela ikus daiteke azken inkestarekin alderatuta. 16-24 urtekoen artean, kasik bikoiztu egin da euskaldun kopurua hogei urtean: %12,2 ziren 2001ean eta %21,5 gaur egun. 25-34 adin tartean ere gorakada nabari da garai berean: %12,1etik %17,2ra igaro da. 50 urtetik gorakoetan, haatik, beheraka segitzen du.

Lurralde eremuei dagokienez, Baiona, Angelu eta Miarritze (Lapurdi) biltzen dituen BAM eremuan da egoerarik kritikoena. Herritarren %85 baino gehiago erdaldunak dira, eta azken hogei urteetan euskaldun proportzioa ez da mugitu. Datu azpimarragarria da, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren kasik %40 biltzen baita hiru hiri nagusi horietan. Lapurdin azken urteetako beheranzko joera gelditzear dela iduri luke, 2016koaren hein berean ageri baitira proportzioak. Nafarroa Beherean eta Zuberoan apaldu eta apaldu ari da %49,5etik %47,5era jautsi da euskaldunen kopurua.

GAITASUNA

Euskaldunek euskaraz mintzatzeko duten erraztasunari dagokionez, erdal elebidunen proportzioa emendatzen ari da azken urteetan. VII. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, Ipar Euskal Herriko euskaldunen %46,2 sartuko lirateke kategoria horretan. Hobeki moldatzen dira erdaraz euskaraz baino. Azken hamar urteetan 12 puntuz emendatu dira erdal elebidunak. Euskal elebidunen kopurua egonkorra da azken inkestatik (%20,5) eta elebidun orekatuen kopurua apaltzen ari da (%33,3).

Momentu berean, lehen hizkuntza euskara dutenen proportzioa maldan behera doa inkesta batetik bestera. Herritarren %25 ziren 2001ean, hamar urte berantago %19,5 eta 2021ean %13. Urte horietan guzietan, lehen hizkuntza gisa euskara eta erdara dituzten kopurua hein berean gelditu da: %6ren inguruan.

Adin tartearen arabera aztertuz gero, emaitza ez da hobea: adin tarte guzietan apaldu da lehen hizkuntza euskara dutenen kopurua. Haatik, 16-24 eta 25-34 adin tarteetan, lehen hizkuntza gisa euskara eta erdara dituztenen kopurua emendatu da, %5,7tik %11,1era gazteenentzat, eta %7,5etik %9,4ra helduagoentzat.

Hala, euskaldun zaharren proportzioa %82tik %60,4ra jautsi da azken hogei urteetan. Jatorrizko elebidunen kopurua bikoiztu da —%22,2 dira gaur egun—, eta euskaldun berrien kopurua ere %7tik %17,4ra pasatu da.

TRANSMISIOA

Etxeko transmisioaren datuak ere aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak. Bi gurasoak euskaldunak direnean, euskara transmititzen dute bi herenek. Baina adinaren arabera aztertzen bada, adin tartea apaldu ahala kopuruak behera egiten du. 16-34 urtekoen artean, erdiak baino gutxiago dira guraso euskaldunak izanik ere euskara jaso dutenak. Euskara eta erdara jaso dituztenak %27,3 dira, eta erdara baizik jaso ez dutenak %24. Aldea are handiagoa da 3-15 adin tarterako: euskara %42, euskara eta erdara %52 eta erdara %6.

Haatik, bi gurasoetako bat erdalduna den kasuetan nabarmen aldatzen da datua: hiru laurdenek erdara baizik ez dute transmititzen, eta beste laurdenak, euskara eta erdara.

ERABILERA

Erabileraren datuek ere ikuspegi goibela ematen dute euskararentzat: beti erdaraz ari direnak %78,5 dira. Euskaraz erdaraz baino gehiago mintzo direnak %1,1 dira, eta bi hizkuntzak hein berean erabiltzen dituztenak %6.

Bi bloke banatu dituzte inkestaren aurkezpenean: euskaraz erdara beste edo gehiago mintzo direnak eta euskara erdara baino gutxiago erabiltzen dutenak. Duela hamar urte hein bereak ziren biak %9 inguruan. Ordutik, euskara gehiago erabiltzen dutenen blokea apalduz joan da, eta gutxiago erabiltzen dutenena handitzen.

Sorpresarik gabe, BAM eremuan dira erabilera datu okerrenak: euskaraz erdaraz beste eta gehiago mintzo direnak batuta ez dira %2ra heltzen; beti erdaraz ari direnak %90etik gora dira. Lapurdiko gainerako eremuan hiru laurdenak baino gehiago beti erdaraz ari dira, %13 erdaraz gehiago euskaraz baino, eta %7,5 erdaraz beste edo gehiago. Zuberoan eta Nafarroa Beherean dira daturik onenak: %23,2 erdaraz beste edo gehiago ari dira euskaraz; erdara hutsean ari direnak erdiak baino gutxiago dira.

Oro har, adin tarte guzietan ikus daiteke apaltze txiki bat 2011ko datuei alderatuta euskararen erabilpenean; herritarrak erdara gehiago erabiltzera igaro dira azken hamar urteetan. 16-24 urtekoen artean baizik ez da izan emendatzea: euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenak %5etik %5,7ra igaro dira.

JARRERA

Euskararen sustatzeari buruzko jarreraren bilakaera aztertu dute azkenik. Azken hamar urteetan aurka direnen blokea apaldu dela erakusten dute datuek: %21,3tik %14,5era jautsi da. Herritarren erdiak ez dira ez alde ez kontra.

Haatik, herritarren %60 inguruk interes handia edo oso handia erakusten dute. Irakaskuntza ereduari buruzko iritziak ere erakusten du hori: euskara hutsean ikastearen alde egiten du %16,5ek —bi puntuz apaldu da 2011tik—, eta euskaraz eta frantsesez ikastearen alde %37,5ek —lau puntuko emendatzea hamar urtean—. Frantses hutsean ikastea nahi dutenen blokea bost puntuz apaldu da: %15 dira gaur egun.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia