euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Euskal ekoizpeneko hamazazpi film izango dira 69. Zinemaldian (from Berria)

08/27/2021

Zinemira saila Corcueraren 'No somos nada' filmak irekiko du, eta denera hamabi lan hartuko ditu. Bederatzi film lehiatuko dira Irizar saria lortzeko, Altunaren 'Hondalea' tartean

Link: Berria

Ane Delgado Aldabaldetreku. Hamahiru film luze, film labur bat, telesail bat, ekoizpen fasean dagoen film bat eta proiektu bat dira Donostiako 69. Zinemaldian ikusgai izango diren euskal ekoizpenak. Guztira hamazazpi lan dira, eta jaialdiko hainbat sailetan emango dituzte: Sail Ofizialean, Zabaltegi-Tabakaleran, Zinemiran, Euskal Zinemaren eta EITBren Galan, WIP Europan eta Ikusmira Berriak sailean. Emango dituzten filmetatik bederatzi erabat edo hein batean euskarazkoak izango dira.

Euskal zinemari eskainitako Zinemira sailean, fikziozko eta ez-fikziozko hamabi lan emango dituzte, eta haietatik zazpi erabateko estreinaldiak izango dira. Horrela, Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko aukera izango dute. Guztira bederatzi film lehiatuko dira saria lortzeko; Asier Altunaren, Maider Oleagaren eta Xabier Erkiziaren azken lanak daude haien artean. Javier Corcueraren (Lima, 1967) No somos nada filmak inauguratuko du Zinemira saila. La Polla Records taldearen agur biraren inguruan sorturiko ez-fikziozko lana da. Amaierakoa, berriz, Maru Soloresek (Donostia, 1968) zuzenduriko Aztarnak izango da. Haurtzaroko urteek uzten dituzten eta gogoratzen ez diren aztarnei buruzko gogoeta proposatu du filmean.

Iñaki Alforjak (Iruñea, 1967) eta Iban Toledok (Beasain, Gipuzkoa, 1978) Bolante baten historia estreinatuko dute, Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra desagertu zeneko eta haren familiak gorpuaren bila emandako 40 urteei buruzko ikerketa bat.

Xabier Erkiziak (Lesaka, Nafarroa, 1975), berriz, bere lehen filma erakutsiko du: O Gemer. Idi gurdiek egiten duten soinu bitxian oinarritutako film esperimentala da.

Maider Oleagak (Bilbo, 1976) hainbat film proiektatu izan ditu Donostiako Zinemaldian, besteak beste Muga deitzen da pausoa. Orain, Kuartk Valley estreinatuko du, Arabako haran bateko herri batean bertako jendeak lagunduta filmatutako western baten istorioa.

Zinemiran estreinatuko dituzte, halaber, Iker Elorrietaren (Bilbo, 1977) El radioaficionado fikziozko film luzea eta Pandemic Tour 2020 Belako (Hernan Zin), musika taldeak joan den urtean egin zuen bira bereziaren inguruko dokumentala.

Zinemiratik kanpo baina lehian dauden lanen artean, Asier Altunaren (Bergara, Gipuzkoa, 1969) Hondalea filma emango dute Euskal Zinemaren Galan. Cristina Iglesias artistak Donostiako Santa Klara uharterako sortu duen obraren inguruko lana da.

Iciar Bollainen Maixabel filmak ere izango du saria lortzeko aukera. Sail Ofizialean emango dute, eta Maixabel Lasaren bizipenetan dago oinarrituta.

Bestalde, Zinemiran baina lehiaz kanpo —dagoeneko estreinatuak daudelako—, Fantasía (Aitor Merino), Ilargi guztiak (Igor Legarreta), Erlauntza (Mireia Gabilondo) eta Paperezko hegoak (Josu Martinez eta Samara Velte) emango dituzte.

Aurtengo Zinemira saria Kimuak euskal film laburrak babesteko programari emango diote. Saria euskal zinemaren programa edo erakunde nabarmen baten ibilbideari ematen dioten ohorezko saria da. Irailaren 21ean jasoko dute arduradunek, Viktoria Eugenia antzokian.

Labur bat eta telesail bat

Zabaltegi-Tabakaleran, Mikel Gurreak zuzendutako Heltzear film laburra emango dute. Lanak indarkeria politikoko testuinguru batean nork bere mugak gainditzeari buruzko istorio bat kontatzen du. WIP Europa sailak Amat Vallmajoren Misión a marte hartuko du. Filmean, Euskal Herri post-apokaliptiko batean, bi anaia Marterako misio batean abiatuko dira. EITB Galak, berriz, Javier Garzia de Bikuñaren Irabazi arte telesaila emango du. Ama galdu eta Bartzelonatik Euskal Herrira bizitzera etorriko den futbolari nerabe baten istorioa kontatzen dute telesailak. Azkenik, Ikusmira berriak sailean, Marina Palacioren Y asi seguirán las cosas filma eskainiko da, fikzioaren eta errealitatearen arteko proiektu bat.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia