euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

"Diasporatik eta immigraziotik haratago ikusiko duen diziplinarteko euskal ikasketen sare akademikoa sortzea dugu helburu"

12/10/2021

Helburua da Euskal Ikasketak diziplinarteko ikuspegitik jorratzea, Argentinan ikerketa akademikoaren esparru gisa bere instituzionalizazioa osatzeko. Horretarako osatu dute Euskal Ikasketen Sarea Argentinan (REVA) bertako unibertsitateetako eta CONICETeko akademiko eta graduondoko ikasle talde batek. Abenduaren 10ean elkartu dira lehen aldiz. Lehenengo ‘workshop’-ean, Aitor Anduagak (UPV/EHU) eta Julieta Gaztañagak gidatutako saioan, antropologiatik, gizarte teoriatik edo artearen historiatik heldu diote gaiari, ikasketa hauetarako sarrera modukoa eginez parte-hartzaileei.

Link: Etxepare Euskal Institutua

Sare akademiko berri honen oinarrian Buenos Aireseko Unibertsitateko Amale Artetxe Katedra dago, Etxepare Euskal Institutuak sustatutakoa eta Pablo Ubiernak koordinatzen duena egun. “Katedrak emandako bultzadaren ondoren erabaki genuen Euskal Ikasketen Sare berri hau sortzea. Euskal ikasketak normalean jorratu ohi diren ikuspegi historikotik haratago eraman nahi ditugu horrela. Diasporatik eta immigraziotik haratago ikusiko duen diziplinarteko euskal ikasketen sare akademikoa sortzea dugu helburu”. Hori da, hain zuzen, proposamenaren ezaugarririk berritzaileena; euskal ikasketak burutu nahi dituzten ikertzaileek "ez dute zertan diasporan edo migrazioan interes berezirik izan beharrik. Ni bizantziar historialaria naizen modu berean eta Antzinako Historian adituak direnak ere badauden bezala, Euskal Ikasketena beste esparru akademiko sendo bat izan dadila nahi dugu".

Horretarako, Euskal ikasketen inguruko diziplinartekotasuna dela gakoa nabarmendu du Ubiernak. Eta horregatik, urtero bizpahiru tailer eta kongresu bat antolatzea da asmoa. Jarduera horiek presentzialak eta izango dira, eta online jarraitzeko aukera ere izango da. Gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez jarraitu ahal izango dira.

Sare hau diziplinarteko plataforma da Euskal Ikasketetan lan egiten duten Argentinako unibertsitate ezberdinetako hainbat diziplina eta ikuspegi metodologikotako (antropologia, historia, artearen historia, soziologia, zientzia politikoa, hizkuntzalaritza, literatura konparatua) akademikoentzat.

Egungo kideak dira Cesar Arrondo (La Platako Unibertsitate Nazionala), Gianfranco Calzini (Buenos Airesko Unibertsitatea), Maria Eugenia Cruset (Quilmes Unibertsitate Nazionala eta CONICET), Nadia Andrea De Cristóforis (Buenos Aireseko Unibertsitatea, Lujango Unibertsitate Nazionala eta CONICET), Julieta Gaztañaga (Buenos Aireseko Unibertsitatea eta CONICET), Marcelino Irianni (Centroko Unibertsitate Nazionala eta CONICET), Alfonsina Leranoz (San Martingo Unibertsitate Nazionala eta CONICET), Sabrina Otegui (Buenos Aireseko Unibertsitatea eta La Platako Unibertsitatea) eta Pablo Ubierna (Buenos Aireseko Unibertsitatea eta CONICET).



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

  • Guernica
    Peter Werrenrath
    Long Beach CA
    06/24/2022
  • Dokuklik
    Claudia A Banks
    Nashua
    06/21/2022
  • Dokuklik
    Alex
    Nashua,NH
    06/17/2022
  • DOKUKLIK
    Annmarie Tringali
    Massapequa
    04/11/2022
  • I loved It
    JBarreneche
    ID
    03/27/2022

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia