euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Buenos Airesen “Rapa das Bestas” estreinatu ondoren “Arima” bere lehen luzea filmatzen hasiko da Jaione Camborda (from Pantaila Handian)

08/24/2017

Jaione Cambordak (Donostia 1983) une gozoa bizi du. Buenos Aireseko BACIFI zinemaldian “Rapa das Bestas” bere film ertaina estrenatu ondoren, Filmadrid-en aipamen berezia izan zuen. Orain, sei urte luze proiektua martxan jartzen eman ondoren, bere lehen luzea “Arima” filmatzen hasiko da. “Ez duzu imaginatzen nola nagoen” dio. Pragan zine zuzendaritza eta Munichen arte zuzendaritza ikasi ondoren, 2010ean Galizara, Santiagora, “maitasunagatik” joan zen. Zuzendaria, gidoilaria, ekoizlea eta arte zuzendaria, hainbeste maite duen “egile zinea”n aritzeko baliabide du lanbide aniztasun honek. Berarekin honetaz, proiektuez eta emakume zuzendari izateaz aritu gara.

Link: Pantaila Handian

Kristina Zorita Arratibel 

– “Rapa das bestas” zure film ertaina Filmadriden saritu dute, baina duela bi urte Galizako Zine Akademiak ematen dituen Mestre Mateo sari bat jaso zenuen Alfonso Zarauzaren “Os Fenómenos” filmaren gidoiagatik. Nola hartzen dira sariok?

“Nire lanaren bi zati desberdinak dira. Batetik beste zuzendari baten gidoilari moduan (“Os Fenómenos”). Oso gustura hartu nuen, bi urte pasa bait nuen gidoi hori idazten. Eta nik zuzendutako “Rapa de bestas”en abangoardiako zine baten aldeko nire apostua saritu dute. Azken boladan Super 8an filmatutako pieza motzak egin ditut, maitasunez egindako piezak, saritu duten hori bezala. Nik asko disfrutatzen dut formatu horrekin. Ematen didan tenpoa, filmatzeko era, itzultzen didan plastizidadea, …”

– Datozen hilabetetan zure lehen luzea filmatu behar duzu, “Arima”. Zer aurkituko dugu?

“Lau emakume eta neska baten bizitza gizonezko biren iritsierak aldatuko du. Gizoneetako bat etereoagoa da, bestea fisikoagoa, kementsugoa, erasokorragoa. Hauekin nola erlazionatuko dira ikusiko dugu. Thriller sikologiko bat dela esan genezake. Emakumeak munduarekin duen erlazio poetikoa arakatuko dut filmean. Emakumeen zinea dela esan genezake, nik idatzi, ekoiztu eta zuzenduko dudalako eta emakukeak direlako protagonistak eta lan taldean ere emakume asko egongo da”.

– Nola sortu zen eta zeintzuk dira erreferentziak?

“Berlinen sortu zen, Munichen egindako ikastaro bukaerako proiektu modura. Alemaniako hiriburuan idatzi nuen gidoia. Erreferenteak anitzak dira, abangoardiako eta egile zinekoak, esaterako, Bergman, Tarkovski edo egungo zinean, Alice Rohrwacher-en “Les Merveilles” filmarekin elkarrizketan aritzen da nire proiektu hau. Victor Erice edo David Lynch-en ukituak ere daude“.

– Galizan filmatuko duzu?

“Bai, Galizak diruz lagundu du proiektua. Mondoñenon (Lugon) filmatuko dugu. Laguntzaren baldintzetako bat bertakoekin lan egitea da. Eta hor, aktore eta teknikoen alorrean, lehengai ona dute. Portugalekin koprodukzio bat izango da eta litekeena bertako tekniko eta aktoreen baten batek parte hartzea“.

– Zure lehen filmak “Arima” du, euskaraz. 2011ean “Esnatu” ekoizetxea sortu zenuen. Baina Novo Cinema Galego-ko partaidetzat joko zenuke zure burua?

“Zaila da ni sailkatzen. Euskalduna naiz, euskaldun sentitzen. Aita Perun jaiotakoa dut, ama Katalunyan. Alemanian ikasi dut eta Galizan 7 urte darama, Galizan dut nire “sorkuntza familia”. Horrekin esan nahi dut zinean lerro berdinean ari diren zinegile talde bat osatu dugula. Hor daude egun nire erreferenteak, baina lurraldetasunari dagokionez, hainbat gauza naiz, besteak beste, euskalduna“.

– Zinean hainbat ogibide duzu. Zenekin zaude gustuago?

“Egoera bitxia da. Uneotan adibidez, Lois Patiño filmatzen ari den pelikula berrian, “Tempo Vertical” filmean arte zuzendari naiz. Baina era berean, gidoilari, ekoizle eta zuzendari naiz. Dibertsifikazio honek hain gustutuko dudan “egile zine”tik bizitzea ahalbideratzen nau. Aukera ematen dit horrela lan egiteak. Baina nik sortutako proiektuek betetzen naute gehien“.

– Galizar langilea eta euskalduna izateaz gain, emakumea ere bazara. Horrek baldintzatu zaitu?

“Zalantzarik ez. “Kristalezko sabai” hori nabaritu du. “Arima” egiteko sei urte pasa ditut. Eta hainbat elementuk kontra egin didate emakume izateagatik. Ez dira oso konkretuak izan, ikustezinagoak baizik. Gizon lankideei errezago gertatzen zaiela ikusten duzu. Hortaz gain, egile zinea eta lehen film luzea izateak ere garrantzia izan du noski. Azkenean, horregatik ekoizle egin nintzen. Azkenean, emakumeek egin ohi behar dugun lan bikoitza edo laukoitza film bat egiteko“.

– Zine industriak eskua sartu behar dio desberdintasun honi?

“Jakina. Saiakerak izan dira, adibidez, dirulaguntzak ematerakoan kalifikatzeko sisteman emakumeei puntu gutxi batzuk gehiago emanez. Baina jarrera aldaketa egon behar da. Emakumeen aldeko sailkatze hau bada ere sabai hori dago. Zeozer egin behar da. Emakume zoragarri batzuk bait daude aukeren zain. Erroan ekoizetxek ez dute emakumeak laguntzen, ez da laguntzen kontua, oinarrian dago. Emakume batek ekoizetxe baten laguntza lortzeko 20 aldiz gehiago kostatzen zaio“.

Horregatik Jaione Camborda donostiarrak 2011ean “Esnatu Zinema” sortu zuen Galizan. Orain bere ametsa, film luze bat zuzentzea, betetzear dago. Jarraitu beharreko ibilbidea.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia